Saioa 2026-09-28

'Atakak'. Altsasu, Erika Lagoma.

Hazparnetik Altsasura egin du txapelketak, nire lurretara, Nafarroara. Tenorez ailegatu naiz, frontoia hutsik ikusi nahi nuen, boligrafoa hartu aintzinetik. Oroitu nahi nuen zer sentitzen duen bertsolariak Euskal Herrikoan oholtzara igo aurretik. Ez zait zaila egin, 93ko orduko Txapelketa Nagusian, Burundan izan bainintzen, oholtzan. Gai-jartzaileek egiten duten lan eskerga presente izan nahi nuen, eta baita epaileek gero egin beharrekoa ere. Sillak nola jartzen diren, petoa jantzita jendeari harrera zein adeitsu egiten zaion ikusi. 2026ko irailean, 6 bertsolari, Eneko, Iñigo, Oier, Imanol, Txaber eta Eñaut. Seirak gizonak, lau gipuzkoar eta bi bizkaitar. Nondik gatozen gogoratu digu kartelak. Ziurrenik haiek ere erosoago egongo lirateke talde anitzago batekin, baina zozketa kapritxosoa da. 6 gizon, oilarkeririk ez, elkar hartzeko prest, joskurak gorde gabe, lanerako. Ez izateko aurrena eta azkena, aske kantatzen asmatzeko, kartelean falta zen koloreari, entzuleen gozamenerako baina orainari buruzkoak…lehiarekin hasi gaitezen.

Gaiek aukera eman dute bizi dugun mundu honi kantatzeko, abiapuntuak berak bertsolaria ideologikoki lerratu gabe, eta haiek kargatu dituzte hitzak erranahiz, eta ekarri dituzte egoerak lurrera. Irakasleak izan dira, erosteko babes ofizialeko etxea egokitu zaien bikotea, suhitzaileak, diseinatzaileak, militantzia-kideak, koro xume batean kantariak… Handian, ttikian eta puntu erantzunetan lan ona egin dute denek. Bereziki atentzioa eman dit, gaia inguratzeko hautatu duten lexikoak, pertinentea, ez bortxan ekarria. Ahituta dauden suhiltzaileen kasuan: ondo zapaltzen digute mangera, su eman, roskaz pasata, presioa, tenperatura, lurrundu…

10eko txikian, pentsatzen aritu naiz, gai batzuek ez dutela bertsolaria biluzten, armadura jantzita kanta daitezkeela, inori min emateko beldurrik gabe. Zure lurretan AHTa pasako den jakiteko zundaketak egin behar dituztenean, edo afixa diseinatzaileak izan eta bezeroak Adimen Artifiziala erabiltzen badute kartelak egiteko. Gai mamitsuak dira noski, baina kudrilako bati hainbat emakumek salaketa jartzen badiote, bertze ataka batean jartzen zara. Badakizu min handia dagoela hor, eta gizonek ez dutela hausnarketa kolektibo bat egin anaidia erasotzaileari buruz, eta zu gizona zara. Bertsoaldia bere osotasunean ez zen borobila izan, baina Txaberrek egiten duen lana aitortu nahi dut, ez da eskapatzen, “guk zenbat begiratu / dugun beste aldera”, “bata da lagundu eta bestea zuritu”.

Eta bitartean, oharkabean ailegatu da ganbara. Erritmoz bizi joan da. Apenas egon da mugimendurik Maialen Belarrak deskantsurako tartetxori paso eman aurretik. Isiltasun handi bat, oso errespetuzkoa, atentzioa eman didana, beti ez delako bete-betekoa izaten. Eta hori oholtzan egon direnen meritua ere bada.

Ganbaran, “denak irriz ari dira eta zuri ez dizu grazirik egin”. Leku diferentetatik kantatu dute denek eta hori beti eskertzen da. Ez da inor erori. Saio honetan ez zegoen kartel-buru argirik eta horrek ez du laguntzen puntuak goiti tiratzen, baina puntuazioarena bertze plano bat da, eta ez da nire lana. Bakoitzak bere sentipenak izango ditu, gozatuak eta gozatu ezinak, pozak eta minak, baina entzuleak txalo zaparrada batez aitortu du sei bertsolariek egindako lana. Puntuak puntu, hau Euskal Herriko da, eta hemen denek egiten dute bertsotan.