Ohartzerako hamaika saio pasa dira, bai, hamaika-hamaika. Lau data aintzinetik eta hemezortzi bertsolari. Gaur erabaki dira finalerdietako bigarren txanparako txartelak, eta igaroko direnen finalera begirako lanen erdiak. Akaberarako hotzak hartu bagaitu ere, ez al da Miarritzeko Jai-alai bereziki ederra kanturako?
Agurrek kokatzen dute bertsolaria saioan eta niri balio didate ideiak ordenatzeko.
Zenbait harribitxi
Eder Miarritzi
Saioa gorabeheratsu joan da, baina ale bikainak utzi ditu. Bereziki diz-diz egin du Sotok gaur, zorroztasunez eta alegrantziaz. Biak ikusi ditut oholtzan, Soto heldua eta behinola lehen aldiz Nafarroako finalean kantatu zuen Julio gazte hura.
Hauek hautatu ditudan harribitxiak: 8ko handian Oier eta Sustrai surfean, itsaso masifikatu batean. Oierrek, Baina zenbaitek ez du bereizten / piszina ta itsasoa; eta Sustraik bertsoaldia itxi, ta kapitalak dena agortzen du / erabili eta bota. 8ko ttikian, Julio eta Sustrai drone bati tiroka. Ez da birigarro bat / baina ez dago gaizki Juliok; eta Sustraik erantzun, ez nuke esango gustu / eskasa daukanik / ta gainera ez dauka / lumatu beharrik. Trump ere usnaka izan dute. Puntutan, Andoni eta Julio lagun baten bi urteko haurra zaintzen. Niretzat finalerdietako lehen faseko puntukako saiorik borobilena, ez galdu bertsoa.eus-en. Polita izan da Maddi Aneren eta Oierren puntukakoa ere, biak zerbitzari ezkontza batean. Bakarkako lanean, Sustrai. Txapelketan pisu handia hartzen du, baina belarrian, niri, potoek ez didate bereziki molestatzen; bikainak izan dira hiru bertsoak. Eta 10ko ttikian, Maddalen Arzallus. Oier eta Maddalen guraso; eta Oier ttikiari argazkiak atera eta atera. Maddalenen lehenengoa, atzotik gaurrera ez da / hainbeste aldatu; bigarrena, noren begiak ditu /betiko zalantza / ba laster izango du / pantailaren antza; eta hirugarrena, arazoa loa da / arrazoiak bingo / ba hainbeste flashekin / ez du lo egingo.
Baina opa dizkizuet
Zortea eta justizia
Zorteak ere laguntzen du txapelketan, baina ez dakit zortea izaten den edo erakarri egiten den. Eguna duenari tokatzen zaizkio karameloak; Goxokirik ez denean, topatzen ditu zirrikituak non-nahi. Eta eguna ez denean tokatzen, bitsadera eta plantxa, ez dago bertzerik. Miresten dut jokoa bukatu arte mantala kendu gabe tira egiten duen jendea.
Txapelketaren jiran gauden eragile guztiok egin beharko genuke justizia, baina hitz zaila da justizia. Ez dakit errazagoa den koherentzia. Koherentzia eskatzen diot nire buruari, eta opa diet gainontzeko eragileei. Oholtzek baldintza bertsuak eskaini behar dituzte, gaiak ahalik eta orekatuen izan, irizpideak aplikatu esplizitatuta dauden bezala, iritzia ematean, erran… Bai, hitz zaila da koherentzia.
Ez dut beti jakiten zer
Baina argi daukat norekin
Nik ere ez dut beti jakiten zer, baina ehunka pertsonek egiten dute txapelketa hau, eskuzabaltasunez eta autoexijentziaz: bertsolariek, gai-emaileek, gai-jartzaile taldeak, epaileek, antolakuntzak, Bertsozale Elkarteak bere osotasunean, komunikabideek, iritzi-emaileek, … bertsozaleek. Nik ere argi daukat norekin.