Saioa 2026-11-23

"Zaindu ditzagun tripak". Donostia, Maddi Aiestaran

EHBT DONOSTIA
2026-11-21
Zaindu ditzagun tripak
Aterkiak itxi, eta praka atzeko bustiari erreparatzerako, berogailu sail batek hartu du bertsozalea. Handi-handi ikusten da tokia, eta epel-epel egoten da; lasaitua hartuko zuen zenbait hozberak. Ateak zabaltzearekin batera, sartu eta sartu aritu da jendea. Begira egon naiz nola betetzen ziren pistako eta harmailako eserlekuak zonaz zona; gero eta masa handiagoa egin da pixkanaka. Iruñera heldu aurreko bueltan sartu gara, eta nabari da, plazaren tamainan ez ezik, plazaren gose-egarrian.
Sintoniarekin batera etorri dira urduritasun tontoak eta ez hain tontoak. Tripa askori erasaten dio honek denak. Pauso lasaian, entzuleari zeharka begiratzen ziotela joan dira sei bertsolariak oholtzara, Ander Aranburu gai-jartzailearen atzetik. Agur politak joan dira: tokian zein garaian kokatuak eta ideia argiz osatuak zenbait, eta umoretsuak eta jolastiak beste batzuk.
Egitura berria izan du saioak: hamarreko txikian eman diote saio puntuagarriari hasiera bertsolariek, binaka. Eta segidan, zortziko handiko ofizioak etorri dira. Lehenengo bi ariketetan, ale onak joan direla esango nuke, baina ezer aipatzekotan, Aner Peritzek egindako lana aipatu nahiko nuke: Kaleko Afari Solidarioak taldeko kide baten paperean lehenik, eta umetan jolasean egindako zauri batek sortutako orbaina gorpuztuz gero, uste dut bete-betean asmatu duela gaian kokatzen eta elkarrizketa ideia sendoz janzten, bertso ondo josiekin, gainera. Zortziko txikiko ariketa izan da hurrengoa, eta Aitor Mendiluzek eta Joanes Illarregik bertsoaldi borobilarekin eman diote hasiera. Gaiak zioenez, Mendiluze polizia eta Illarregi herri txiki bateko apaiza juntatu dira alkoholemia-kontrolean; eta egoerara ondo eginda, umoretsu xaxatu dute elkar, bertsoak fin osatuz eta elkarri erantzun onak emanez. Bertsozaleak bero-bero erantzun du: irriz, barrez eta esku-zarta indartsuz. Peritz eta Julio Soto izan dira hurrengoak; lan txukuna egin dute. Aurreko bertsoaldiari erreferentzia eginez, elkarri entzunez eta umore-kolpe politak erabiliz aritu dira jolasean. Eta bukatzeko, Saioa Alkaiza eta Agin Laburu bi pisukideren azalean aritu dira elkarrizketan, komunean denbora asko igaro ohi duenaren azalean bat eta gaur ere haren zain dagoenarenean bestea. Ondo josi dute bidea, biek ala biek uztartu dituzte ateraldi aproposak eta egoeraren deskribapena; publikoak irribarretsu erantzun du; esango nuke asmatu dutela bertsozalearengana iristen.
Jarraian, hiruna punturi erantzun behar izan die bertsolari bakoitzak. Eta bazuen berezitasun bat ariketak: gai edo egoera zehatz baten gaineko puntuak izan dira jarritakoak, eta bertsolari bakoitzari abiapuntu konkretu bat jarri zaio, ofiziotako ariketetan nola. Puntu-erantzunen molde berri honetara egitea konplikatu xamarra iruditu zait, bertsolarientzat batez ere, ohituta gauden moldetik oso bestelako ariketa bat egitea eskatzen duela uste dudalako. Dena den, sei bertsolariek ere lan txukuna egin dutela esango nuke. Horien artean, Mendiluzeren puntu-erantzunak aipatuko nituzke: ohi duen ziurtasunez eta bizkortasunez, aspaldiko partez oholtzara itzuli berri den antzezlearen burutazioak bertsora txukun ekarri dituela iruditu zait.
Saioaren egitura berriarekin batera itzuli da bertsolariak ganbarara joan arteko atsedenalditxoa. Hainbat bertsozalek gustura hartu duela esango nuke. Hankak luzatu, ingurukoekin hizketalditxoa izan edo barrako joan-etorria egin, eta berehala ekin diote ganbarako ariketari. Sortu den isiltasuna haustea erabaki duenaren tokian jardun dute bertsolariek banan-banan. Illarregik era nabarmenean asmatu du bertsozalearekin bat egiten: eutanasiaren inguruko hainbat pentsamendu ekarriz eta hainbaten hunkidurarekin konektatuz, bertsoaldi ona utzi du. Bestalde, Alkaizak egindako lana ere azpimarratzeko modukoa izan dela uste dut: familiako bazkari batean egindako komentario arrazista bati aurre egiten dion ilobaren paperean, egoera xehetasunez deskribatzeko eta istorioa narratzeko abilezia erakutsi du ondo jositako hiru bertsotan.
Atzetik etorri da puntuazioa, atzetik etorri dira bertsolarien agurrak, eta atzetik etorri da Illunbeko berogailu-peko zurrumurrua; gustatzen zaigu, gero, jokoaren zera hau dena. Animo, oholtzan gora zein behera zoaztenoi. Tripa askori erasaten dio honek denak; ba, ez diezaiela erasan behar baino gehiago: zaindu ditzagun tripak.