Duela 50 urte sortutako bertso-eskolaren aitortzan 2024-04-09

Apirilaren 25ean hasiko da Eskoriatzan Gipuzkoako Txapelketako sailkapen fasea

Apirilaren 25ean hasiko da  Eskoriatzan Gipuzkoako Txapelketako sailkapen fasea
74 bertsolari ariko dira kantuan eta 34 sailkatuko dira udazkenerako. 20 saio jokatuko dira, bi itzulitara. Sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen faseak badu hasierako hitzordua. Leku eta urte sinboliko batean izango da: Eskoriatzan, duela 50 urte haurren bertso eskolak sortu zituzten herrian eta bailaran. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak hainbat ekimen ditu bidean aitortza hori helburu. Apirilaren 25ean hasiko da eta ekainaren 2a artean 20 saio jokatuko dira, bi itzulitan. 74 bertsolari ariko dira kantuan eta 34 sailkatuko dira udazkenerako. Sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus atarian. 

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bi ardatz nagusiren bueltan kokatu du aurtengo Gipuzkoako Txapelketa. Batetik, pandemiaren ondoreneko berraktibazio testuinguruan eta haurren bertso eskolen 50. urteurrenaren testuinguruan. Entzun hemen Mikel Artola Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak Bertsoan utzitako azalpenak.

Lehen itzulia ostegun eta ostiraletan
Lehen itzuliko 12 saioak ostegun eta ostiraletan jokatu dira. Iaz Bizkaian egin zen proba sailkapen saioak ostegunez jokatzen eta emaitza ona eman zuen. Bigarren itzulia, aldiz, 8, larunbat eta igandeetan jokatuko da.

Ariketetan berritasunak daude, eta horien lanketaren atzean egon da Bertsogintza Batzordea, Talde Antolatzailearen baitan. Besteak beste, Ganbarako lana saio erdira ekarri dute.

Bertso-eskolak oinarri
«Txapelketako sailkapen fase hau gauzatu dadin ezinbestekoa da lehengaia egotea», Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak adierazi duenez: bertsolariak, antolatzaileak, gai-jartzaileak, epaileak eta, oro har, bertsozaleak. «Bertsolaritzaren ekosistema honetan lehengai hori sortzen dutenen lana eskertu eta lan horren aitortza egin nahi diegu bertso-eskolei: jakitun baikara beraiek direla aipatutako ekosistema horren eusle».

Hain zuzen ere, aurtengo irudia eta mezua ildo horretatik diseinatu ditu Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Unai Gaztelumendiren irudiak bertso-eskoletako lehen belaunaldi inguruko irudiak dakartza, behean Uztapide duela. Zuri-beltzeko argazki horretatik gaur eguneko bertso unibertsora heltzeko ezinbesteko pausoa izan dira bertso-eskolak, eta horixe irudikatu nahi du, hain zuzen ere, Gaztelumendiren irudiak.

Honi lotuta, txapelketaren beste berritasunetako bat da saio bakoitzaren ostean afari-merienda antolatuko dutela tokian tokiko bertso-eskolek. Keinu hori, hain zuzen ere, aurtengo txapelketaren mezuarekin bat dator, bertso-eskolak erdigunean jartzen baitu, eta bertsoaren unibertsoa zabaltzen baitu.

Albiste gehiago