Fredi Paia gelditu zen bigarren 2009-10-25

Miren Amuriza nagusitu zen Laudion

Beraien atzetik gelditu ziren, hurrenez hurren, Jon Martin, Onintza Enbeita, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa" eta Iñigo Izagirre. Atzoko saiotik lau lagun sailkatu ziren hurrengo fasera.
 Atzo jokatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko azkeneko kanporaketa, Laudioko Lamuza Granja kiroldegian. 800 lagun inguru elkartu ziren saioa jarraitzeko, eta, beraz, aretoa ez zen guztiz bete. Honela gelditu zen sailkapena:

 1.- Miren Amuriza               655,5 puntu
 2.- Fredi Paia                  649 puntu
 3.- Jon Martin                  639 puntu
 4.- Onintza Enbeita             632,5 puntu
 5.- Arkaitz Oiartzabal "Xamoa"  601 puntu
 6.- Iñigo Izagirre              596 puntu

 Gaiak jartzen Lierni Altuna aritu zen.

 Bertsolariei kosta egin zitzaien saioa berotzen. 8ko handian Arkaitz Oiartzabal "Xamoa" eta Fredi Paiak osatuko zuten, beharbada, ofiziorik osoena. Jantoki sozial batera lehenengoz joan beharrean aurkitu zirenen paperean kantatu zuten, eta elkarrizketa polita osatu zuten bien artean.

 8ko txikian Miren Amurizak eta Jon Martinek egin zuten saiorik onena. Lagunak biak, Jonen etxera joan ziren afaltzera. Jon komunera joan eta itzulitakoan, arropa gehiena kenduta zegoen Miren. Umorez aritu ziren biak, elkarri erantzunez.

 Puntu-erantzunetan saioak behera egin zuen apur bat. Onintza Enbeitak osatu zuen saiorik onena. Fredi Paiak hirugarren puntuari, batez ere, oso ondo erantzun zion.

 10eko txikian lortu zuten bertsolariek saioa lehertzea. Guztiak ondo aritu baziren ere, Miren Amuriza eta Fredi Paia nabarmendu ziren ariketa honetan. Zahar-etxean denbora zeraman Mirenek, eta iritsi berria zen Fredi. Elkarri erantzunez aritu ziren biak, eta txaloaldi handia lortu zuten.

 Kartzelakoan honela zihoen gaiak: "Mila aldiz pentsatu izan duzu ez duzula berriro gezurrik esango, baina berriro esan duzu". Bertsolariek bide ezberdinetatik heldu zioten gaiari. Onintza Enbeitak kantatu zuen bikotekidea kanpoan zuela, eta beste batekin pasa zuela gaua, beste askotan bezala. Jon Martinek ere antzeko bidea hartu zuen. Bere kasuan, ordea, gezurra bikotekideari eta maitaleari esaten zien. Miren Amurizak langabezian gelditu berri den amaren papera hautatu zuen, eta bere umeari ezkutatu egin zion gertatutakoa. Iñigo Izagirre politikari baten larruan sartu zen. Fredi Paiak ere bere bikotea ez zen beste norbaitekin pasa zuela gaua kantatu zuen. Antzeko bidea hartu zuen Arkaitz Oiartzabalek ere. Saioren bat nabarmentzekotan Fredi Paiarena nabarmendu beharko litzateke. Erreferentzia ezagunak erabili zituen bere lana osatzeko (Xabier Silveira eta Jokin Uranga aipatu zituen, besteak beste).

 Honela gelditu ziren puntuazioak ariketaz ariketa:

 
                     8ko handia   8ko txikia   Puntu-erantzunak   10eko txikia   Kartzela   Denera
 Miren Amuriza        127         126,5        121,5                    151                 129,5        655,5
 Fredi Paia               127,5      123           125,5                    142,5              130,5        649
 Jon Martin               124         137           118,5                    129,5              130            639
 Onintza Enbeita     127,5     129            131                       123                 122            632,5
 Arkaitz Oiartzabal  124,5      114,5        113,5                    125,5              123            601
 Iñigo Izagirre          114,5      121,5        113                       122                 125            596

 Gauzak honela, honako bersolari hauek sailkatu dira finalerdietara:

 Zuzenean sailkatuak:
  Jone Uria          661,5 puntu
  Etxahun Lekue      643 puntu
  Iñaki Zelaia       643 puntu
  Beñat Gaztelumendi 669 puntu
  Iker Zubeldia      643 puntu
  Miren Amuriza      655,5 puntu

 Puntuazioz sailkatuak:
  Arkaitz Estiballes     661 puntu
  Uxue Alberdi           660 puntu
  Aitor Sarriegi         657 puntu
  Fredi Paia             649 puntu
  Xabi Paia              644,5 puntu
  Iñaki Gurrutxaga       642,5 puntu
  Julio Soto             639,5 puntu
  Jon Martin             639 puntu
  Maddalen Arzallus      636,5 puntu
  Ainhoa Agirreazaldegi  634 puntu
  Onintza Enbeita        632,5 puntu

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri