Bilintxen Menda bertso hamabostaldia 2024-05-07

1935 -1967 arteko Txapelketetan barrena bidaia, ispilu jokoan

1935 -1967 arteko Txapelketetan barrena bidaia, ispilu jokoan
Bertso historikoak, bat-batekoak zein jarriak, eta emanaldirako jarriak gurutzatu ziren Antzoki Zaharreko oholtzan. Oihana Iguaran, Eñaut Agirre, Aner Euzkitze, Nerea Ibarzabal, Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendi aritu ziren kantuan, Aizpea Goenagak aurkeztuta. Ostegunean emanaldi osoa jarriko du sarean Bertsoa.eus-ek.

Orain arte plazaratu gabeko ispilu jokoa eskaini zuen Bilintxen Menda bertso hamabostaldiak Donostian: iraganeko bertsoak gaur eguneko ahotsetik eta gaur eguneko ahotsak zenbait gairi buruz. 1935 eta 1967 arteko Txapelketa Nagusietako bertsoak izan ziren nagusiki eta Tximela Kapitaiak Espainiako Gerrati jarritako sorta kantatu zuten Agirre anaiek. Gaurko bertsolarien inguruan jarri zuen sorta Aner Euzkitzek. Beñat Gaztelumendi egungo gizonen inguruan idatzi zituen. Oihana Iguaranek amatasunaren inguruko sorta ondu zuen eta Nerea Ibarzabalek publikoari jarri zizkion.

Aizpea Goenagak aurkeztu zuen ekitaldia eta Beñat Gaztelumendik landu zuen gidoia. Isak Salaberria eta Gari Otamendi aritu ziren musikaz  Donostiako Udalak, Donostia Kulturak eta San Telmo Museoak elkarlanean antolatutako ekitaldia izan da.

Garai hontara nola ekarri / beste batean sortua
Bertsolariek agurreko bertsoak bota zituzten euren ahotik. Beñat Gaztelumendik ariketaren zailtasuna irudikatu zuen bere agurrean:

Gabon denori tranpatxo bat da
gure ispilu jokua
garai hontara nola ekarri
beste batean sortua
berdin gorputza berdin lekua
horixe baita kontua
bertsoak beti egon behar du
eztarri bati lotua

Joko horretan, sarrera historiko bat egin eta txapelketaz txapelketako bidaia egin zuten 1935tik 1967ra. Bakoitzean bertso hautaketa bat egin eta nabarmentzeko zenbait gai edo elementu azpimarratuz. Elementu deigarri horiei tiraka gaurko ahotsak tarkeatu ziren emanaldian.

Gaur eta bihar horren lagin bana jarriko ditugu Bertsoan eta ostegunean osorik zabaldu.

Albiste gehiago