Aitor Bizkarra - Basarri Sariaren sorta irabazlea 2024-07-12

«Portuak eta Aingurak. Itsas-alegia laguntasunari»

«Portuak eta Aingurak. Itsas-alegia laguntasunari»

Aitor Bizkarrak Portuak eta Aingurak. Itsas-alegia laguntasunari sortarekin irabazi du 40. Basarri Saria. Zortzi bertso hamarreko handian, Konfesatuta hau esateko. Bizkarrak laguntasun ereduak deskribatzen ditu, besteak beste, itsasoarekin lotutako erregistroarekin: lagun mota bi baizik ez daude: Portuak eta Aingurak.

Portuak eta Aingurak. Itsas-alegia laguntasunari.
(Doinua: Konfesatuta hau esateko)

1. Koskortzetik ta ernatzeraino
ilajean urdindurak,
limurtzen zaitu itsas zabalak
zer dakarren jakin gurak.
Itsas-lamien lantu sarkorraz
nahiz maiz-asko labaindu bat,
hortzak berdintzen diren garaian,
eranztean apaindurak,
lagun mota bi baizik ez daude:
Portuak eta Aingurak.

2. Portu Natural Gurasoena
beti da esentziala;
portu faltsurik ere badago:
Portu Sasi-Soziala;
ordea, zama-arintzaileetan,
bat bada espeziala,
draga-makinaz itxuratua
hazi ahala, bizi ahala…
Naturala ez izanagatik
ez da Artifiziala.

3. Horiek dira zure jiteen
eta jitoen etenak;
egonarriak, labarrak soilik
zeuden tokian irtenak;
mantel-usaina, plateren hotsa,
hitzak, ardoa, jatenak;
urte osoko gabon-argiak,
faro nekagaitz batenak,
nora joanik ez duzunean
“Zatoz hona!” diotenak.

4. Ilargiaren grabitazio
ditxosozkoak itsutu
ta itsasgoran Neptunok ezin
izaten zaitu izutu!
Handik gutxira litoraleko
arrokan itsas-trikutu,
itsasbeheratzen zaren garaian
sentitzeko diminutu…
Ta soilik pasa dira sei ordu
eta hamabost minutu!

5. Zer zaren Prestige emozionala!
Zulatua lehen txanpan...
Petral-ontzi bat lemagaldua
sagailo gaitzaren tranpan:
inguru dena kutsatzen duzu,
fuela galtzen, tantan-tantan.
Aingura arin, hegalariak,
zeuden Anariren kantan;
zuk hiru astun behar dituzu:
bat txopan eta bi brankan.

6. Orkatilatik heltzen dizute
zaudenean hestebete,
itsas hondoan behea jo eta
pasatzeko astebete.
Hala diozu: “ni itotzera
nahita etorri zarete!”
Paranoiaren logikapean
pentsatzeari uzteke…
Zu itotzera baldin baletoz,
askatuko zintuzkete.

7. Badakizu zer pasa zitzaion
Atlantidari behinola;
beraz, ez galdu zure baitako
ozeanoen kontrola.
Zeren uraren maila, astiro,
elemental, ezaxola,
gorantz, uhinka, etor liteke
mingain erraldoi bat nola:
Giza-Portuak eta -Aingurak,
berdin-berdin zaizkiola.

8. Iraganeko naufragioen
mapa duzu bizkarrean:
norarik gabe, baina garaitzen
gaitza zinen bizkorrean.
Menturatuko al zara berriz
itsaso itsaskorrean,
labarren aurka joaz Rimbauden
lurrunontzi mozkorrean?
Igoal hobe da portuan bizi
belarria maskorrean

Albiste gehiago

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza