Aurten lehen aldiz Txapelketa Nagusia ikastetxeetan eta euskaltegietan landuko da, horretarako Bertsozale Elkarteak sortu duen sekuentzia didaktikoaren bidez. 2009-2010 ikasturtean 15.150 ikaslek lantzen du bertsolaritza 285 ikastetxeetan.
Txapelketak bertsolaritza eremu ezberdinetan lantzeko aukera ematen du eta aurten ikastetxeetan zein euskaltegietan ere landuko dute. Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, horretarako Transmisio sailak sekuentzia didaktiko berezia prestatu du ikusentzunezko zein testu materiala baliatuta ikasleak txapelketan barrena bertsolaritzara hurbiltzeko. Bertsozale Elkartearen bertsolaritza proiektua hezkuntza arautuko 15.150 ikaslerengana iristen da, 285 ikastetxeetan. 25 irakasle ari dira zeregin horretan.
Proiektuaren jatorria eta ezaugarriak
Elkarteak bertsolaritza ikastetxeetan lantzea 25 urtetik gora dituen ekimena da. Iparraldea eta Nafarroa izan ziren martxan jartzen lehenak eta, hain zuzen ere, horren bueltan sortu ziren bi herrialde horietako Elkarteak, lehenengo biak. Gaur egunean proiektu honek inoizko zabalkunderik handia du. Orokorrean, Lehen Hezkuntzako 4-5 mailetan erakusten da
Gu ere bertsolari deritzan ikasmateriala darabilte. Kurtsoan zehar egindako lana jendaurrean erakusten da kurtso bukaeran. Zenbait herritan bertso-eskolak berak martxan jarri eta kudeatzen du proiektu hau, Algortako ALBE eta Sestaoko Hasi bertso-eskolek kasu.
Herrialdeka
Araban aurten lehenengo aldiz eskalde guztietara erakusten da bertsolaritza ikastetxeetan. Errioxako lau ikastoletan ere bertsolaritza landuko da kurtso osoan zehar, Arabako Ikastolen Elkartearekin hasitako elkarlanari esker, Bertsozale Elkartean adierazi duenaren arabera. Bizkaian proiektua errotzen ari da Enkarterrietan, Erandion eta Barakaldon. Bilbo da ikastetxe gehien dituena. Gipuzkoan ere bailara guztietara zabaldua dago proiektua eta herrialde hau da gaur egunean ikaste gehien dituena. Gaur eguneko apustua herri txikietara ere iristea da. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan Sehaskak lantzen du bertsolaritza ikastola guztietan eta Bertsozale Elkarteak ikastaro laburrak eskaintzen ditu ikastetxe elebidunetan. Nafarroan, lehen aldiz Aezkoa eta Erroibar bailaretara iritsiko da Bertsozale Elkartearen bertsolaritza proiektua: Garralda eta Aurizberriko ikastetxeetara hain zuzen ere. Horretaz gain, Nafarroan lau eskualdeetan lantzen da: Iruñerrian, Baztan-Bidasoa, Mendebaldean eta Hego-Ekialdean.