Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024 2024-09-06
Jexux Mari irazu
Duela 50 urte haurren bertso-eskolen bidea abiatu zuten Leintz bailaran eta hantxe aurkeztu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Asteburu honetan ekingo dio udazkeneko bideari Urretxun eta Lasarte-Orian. Zer ote dakar txapelketa honek XXI. mendeko lehen laurdena borobiltzeko? Hasteko eta behin, mende erdiz bertsolaritzaren transmisio oinarri baten aitortza eta berrespena.
Baina txapelketa bakoitzak ditu bere ezaugarri propioak. Eta Gipuzkoako Txapelketa honek ere baditu bereak. Fokua non, ezaugarria han, jakina. Alderdi askotatik egin daiteke lau urtez behingo txapelketa honen irakurketa. Lerroetan, ni bi ezaugarri edo bi ideiatan zentratuko naiz, bereziki: 1) Gipuzkoako Txapelketak sari asko ditu bidean; eta 2) belaunaldi arteko talentu handia dakar.
Txapelketak irakurri daitezke bide-sari gisa. Sari gisa ere bai. Bigarren irakurketa horri helduko diot hemen. Bestalde, txapelketa baten palanka-funtzioaren oinarri-oinarrian dago belaunaldi-arteko talentu jokoa. Testuinguru oharra: Bertsolamintza gogoeta jardunaldi berri baten ondorengo lehe-nengo txapelketa da Gipuzkoakoa.
Zenbat hari, hainbat sari
Hari-mutur asko ditu sariak. Askorentzat espero izatekoa izan arren, udaberriko sailkapen fasea gainditu eta lau urtez behin jokatzen den Gipuzkoako Txapelketan kantatzea sari polit bat da, bereziki lehenengoz edo bigarrenez parte hartu duten bertsolari gazteentzat. Koxka bat aurrera egitea lortzen duten erdiak aurreko finalistekin ariko dira oholtzan, tartean Euskal Herriko bi finalistarekin. Bada zerbait.
Gipuzkoako finalerdietara iristen denak txapelketako entzule zorrotzari jada erakutsia izango dio dagoeneko bi saio on egin dituela jarraian. Sari ederra da hori bertsolari batentzat. Eta Txapelketa Nagusiko txartela nahiko eskura. Sari latza. Gipuzkoako finalera sailkatzen diren zortziek 6.000-7.000 laguneko plaza ederrean kantatuko dute. Beren bertso ekarpen eta apustu pertsonalak plaza exijente bezain entzutetsuan probatu eta gauzatzeko aukera irabazia dute. Sari handia da hori.
Hortik gorako txapelketa-koxkak, buruz-burukoa eta txapela. Gutxik dakite sari horien berri. Finalak beste koxka edo sari-aukera asko ere baditu. Beti ez hain agerian, baina hor daude estimatzen dituenaren eskura. Aurten, 25 urtez beherako bertsolari onenak ere izango du sari berezia, antolakuntzak hala jarrita, gazteen talentua saritzeko helburuz.
Hiru belaunaldi (edo adin multzo), 18 - 48 urte bitartean
Gipuzkoako Txapelketa honen bigarren ezaugarri nagusia, bertsogintza aukeren ikuspegitik, belaunaldi arteko talentua da. Eta talentu dialektika oso interesgarria eta ederra aurreikus daiteke irailetik abendura, txapelketan ere ederra eta gogorra elkarren gertukoak direla jakinda, noski.
Belaunaldi arteko talentu dialektika hori hiru multzotara ekarri daiteke (Belaunaldi eta adin-multzo kontzeptuak zabal ulertu arren): 18-25 urte bueltako talentu berria. Txapelketan lehenengoz edo bigarrengoz parte hartuko duen talentu berria dago hor. 30 urte bueltako talentu kontsagratua, eta 40 urte bueltako talentua (batzuk bidean oraindik). Kontsagratua ez ezik, ibilbide luzekoa eta gaur egun Gipuzkoako Txapelketaren podiumean dagoen belaunaldia, besteak beste.
2019ko Txapelketan 30 urte bueltako belaunaldia nagusi. Eta 2024koan?
2019ko Gipuzkoako Txapelketan belaunaldi arteko joko hori ia bi belaunalditara bildu zen finaleko argazkian eta 30 urte bueltako belaunaldiaren finala izan zen bereziki. Hortik gora, Nerea Elustondo 40ra bidean eta Jon Maia, 40tik ondo gora. 18-25 urte bueltako belaunaldi gaztearen ordez-karirik ez zen izan finalean. Ezta finaleko atarian ere: 17. eta 18. gelditu ziren 25 urteko lehenbiziko biak: Haritz Mujika eta Eñaut Martikorena, hurrenez hurren.
Eta zer gertatuko da 2024koan? Zer litzateke estatistikoki espero izatekoa eta zer sorpresa?
Atzera begira jarrita, 2019koa ohikoa ez baizik salbuespena izan zen. Gipuzkoako Txapelketako ia 35 urteko historian gehiagotan gertatu da bertsolari gazte berriak buruz burukoan sartzea, finalera ez iristea baino. Zazpitik bostean sartu da 25 urtez beherako bertsolari bat buruz burukoan: 1995, 2003, 2007 eta 2011ko Gipuzkoako Txapelketetan, hain zuzen. 1991an, 25 urtez beherako bertsolari txapelerako hautagai sendo ziren. 1995ean 20 urteko bertsolari gazte batek jantzi zuen Gipuzkoako txapela, 30 urtetik gorako edo bueltako Txapelketa Nagusiko hiru finalista oholtzan zeudela. Gerta-tutako gauzak dira.
Belaunaldi jokoa Gipuzkoako finaletan eta buruz burukoan
1991n abiatu zen Gipuzkoako Txapelketako aro berria. Orduan, 25 urteko bi bertsolari izan ziren final hartan: Xabier Euzkitze eta Jon Sarasua. 25 urterekin txapelerako hautagai ziren biak. Angel Mari Peñagarikanok (1957) irabazi zuen eta Andoni Egaña (1961) bigarren.
1995an (aurreko finalista erdiek ez zuten parte hartu) 25 urtez beherako hiru sartu ziren finalean. Aitor Mendiluzek jantzi zuen txapela 20 urterekin eta Jexux Mari Irazu gelditu zen bigarren 23rekin.
1999an ez zen banakako txapelketarik egin. 2003ko finalean lau gazte berri heldu ziren finalera eta Jon Martin buruz burukora, 22 urterekin. Maialen Lujanbiok irabazi zuen.
2007an Beñat Gaztelumendi izan zen finaleko gazte berri bakarra, 20 urterekin. Txapeldunorde gelditu zen añorgarra eta Aitor Mendiluze (1975) txapeldun.
2011ko finalean, 25 urtez beheko bi bertsolari izan zituen Gipuzkoako finalak: Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin. Agin Laburu, mugan, 26 urterekin. Gaztelumendi berriro buruz burukoan sartu zen eta Aitor Sarriegik (1975) irabazi zuen txapela.
2015ean, Oihana Iguaran izan zen finalista gazte berri bakarra, 24 urterekin. Beñat Gaztelumendik jantzi zuen txapela, 28 urterekin.
2019an, ez zen 25 urtez beherako bertsolaririk izan finaleko zortzikotean, ezta finaleko ateetan ere. Finalista gazteena Ane Labaka izan zen 27 urterekin. Beñat Gaztelumendi bere laugarren finalean sartu zenean baino urtebete gazteago.
Belaunaldi berria indargune
Gipuzkoako Txapelketan kantatuko duen belaunaldi gazteak erakutsi du beren talentuaren berri plazan eta sariketetan. Talentua ulertzeko irakurketa gaitasuna ere bai. 10-12 bertsolari daude 18-25 urteko adin tarte horren bueltan. Datu bat: udaberriko fasean, multzo buru edo tropelaren goiko aldean sailkatu dira gehienak: A multzoko buru Aner Euzkitze eta Oihana Arana. B multzoan, Maider Arregiren atzetik, tropelaren goiko punttan sartu ziren Ane Zuazubiskar, Andoni Rekondo, Aitor Tatiegi, Maddi Aiestaran eta June Aiestaran. Plazan esperientzia hartzen ari den belaunaldia da eta gazte sariketetan zaildua. Belaunaldi anitz eta gazte horrek ekarpen handia egin dezake Gipuzkoako Txapel-keta honetan, eta zer esanik ez ondorengoetan. 2024ko edizio honen indargune nagusietako bat da.
Belaunaldi kontsagratuak ateak zabalik
30 urte bueltako belaunaldi kontsagratuan ere talentua eta esperientzia pilatzen da, eta grina ere somatzen da. Gipuzkoako bi finaleko esperientzia du Oihana Iguaranek eta azken Txapelketa Nagusian finaleko ateraino iritsi zen. Adin tarte horretan plazan esperientzia handiena duen bertsolaria da amasarra eta plazako lehen lerroan dabil aspaldian. 2019an probatu zuen lehenengoz Illunbe Ane Labaka eta Euskal Herriko finalerdietara iritsi zen, eta plazan esperientzia handia du. Eñaut Martikorena Txapelketa Nagusiko finalerdietako bigarren itzulira iritsita dator eta txapelketa berean kantatuta dator Maialen Akizu ere. Udaberrian multzo buru sailkatu zen Maider Arregi eta tropelaren buru samarrean itzuli da txapelketara Eneritz Artetxe. Goiko aldean sailkatu ziren baita, besteak beste, Jon Gurrutxaga, Eneko Araiztegi edo Unai Izagirre ere.
Adin tarte horretan, Eli Pagolak ere plazan esperientzia handia bildu du. Bistan da adin tarte honek zeresan handia emango duela aurtengo Gipuzkoako Txapelketan. Multzo honetako zenbait finalerako hautagai sendoak dira eta agian ez finalerako bakarrik.
Podiumeneko belaunaldia
Berrogei urtera bidean dira bai Gipuzkoako txapelduna eta baita finaleko podiuma osoa ere. Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Alaia Martin. Laugarren Nerea Elustondo gelditu zen eta 40 pasrekin txapelketako beteranatako bat da legazpiarra. Finalerako ez ezik, a priori, txapelerako ere hautagai oso sendoak daude belaunaldi horretan. Euskal Herriko finalistak dira bi eta plazan eskar-mentu handia pilatu dutenak lauak.
Beñat Gaztelumendik marka jarria du dagoeneko Gipuzkoako Txapelketan: lau parte hartze, lau buruz buruko eta bi txapel, 32 urterekin. Bestalde, azken Txapelketa Nagusia aintzat hartuta, Alaia Martin ibili zen buruz burukotik gertuen. Plazan gehien dabilen bertsolarietako bat da oiartzuarra.
Urte batzuk gora-behera, 40 urte bueltako multzo horretan asko dira txapelketan bide emankorra egin dutenak eta aurtengo Gipuzkoan beren distira erakutsi lezaketeenak. Zenbait Gipuzkoako finalean ere kantatua da, Iñaki Apalategi, kasu. Asier Azpiroz bederatzigarren gelditu zen 2019an, finaletik lau puntura, eta Euskal Herrikoan finalerdietara iritsi zen. Beste bertsolari asko ere Txapelketa Nagusian izan ziren duela bi urte: Amaia Iturrioz, Unai Mendizabal, Iban Urdangarin, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Beñat Iguaran, Unai Gaztelumendi, eta baita lehen aipaturiko Iñaki Apalategi bera ere.
Belaunaldi bakoitzak, bere aniztasun guztiarekin, bere onena ematea lortzen badu, eta hala izateko itxura guztia du, Gipuzkoako Txapelketan belaunaldi arteko talentu joko ederra gozatzeko gaude. Ez hori bakarrik. Gipuzkoako bertsolaritzaren gurpilak beste itzuli bat gehiago emango du, kasu batzuetan lur berrian.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24