Bertso sorta musikatuak Hitzetik Hortzeran 2024-09-16

Ekaitz Goikoetxearen «Naparrak gara gu ere» sorta musikatua

José Miguel Etxeberria Álvarez 'Naparra'ren inguruko sorta jarri du bertsolari beasaindarrak.

Hitzetik Hortzerak aurtengo denboraldian ere bertsok jarri musikatuak eskainiko ditu bere programan. Lehenengo sorta larunbatean eskaini zuen, denboraldiko lehen programan. Ekaitz Goikoetxea bertsolariaren Naparrak gara gu ere sorta izan zen, Manex Pagolak musikatua. José Miguel Etxeberria Álvarez Naparraren inguruko sorta jarri du bertsolari beasaindarrak. Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen. 1980an Iparraldean bahitu eta hil zuten. Ez da haren gorpurik agertu.


Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena.

Naparrak gara gu ere

1.-  Labriteko lur arrailatua,
      Brocaseko orubea,
      Cauteretseko hilotzak ere
      sarri izan gaitu beha.
      Iraganean utzi ditugu
      aizkora eta sugea,
      kontzientziei bertsoz eragin
      nahi nieke azkurea,
      kasu handirik egin ez zaion
      kasua baita zurea.

2.   Ithakan zortzi sahats negarti,
      Arkadian hiru pago,
      egonarriak badaki zer den
      hitza jatea berbaro.
      Egunak eta gauak ez dira
      pasa bezala igaro,
      nahiz ta suari egurra bota
      ta hezurrei lur gehiago,
      mina ezin da ezkutatu ta
      ordezkatzerik ez dago.

3.   Urmaelean hogei uroilo,
      artadian hamar miru,
      esperantzara kondenatuoi
      hiltzea al dagokigu?
      Sekretupeko karpeta eta
      dokumentuen gatibu,
      txoria maite duen herrian
      isiltasuna ari du,
      egiari zor egiari zer
      zor diogun ez dakigu.

4.  Argi postean txantxangorri bat
      ostertzean zazpi kaio,
      bortxatutako malkoetatik
      ez da itsasorik jaio.
      Guk herri deitzen diogu baina
      ze herri ta ze arraio,
      begiak ixten zaizkionean
      minak ez daki nora jo,
      ahanztura lekuz aldatzeari
      barkamena deitzen zaio.

5.  Galsoroan sei amilotx urdin,
      teilapean bi enara,
      Celesen bisai abegikorra,
      Patxikuren begirada...
      Arrasto baten ilusioa,
      aitortza baten zirrara,
      estatuaren estolderiei
      atximurka ari gara,
      itxaropena etorkizunik
      badela sinestea da.

6.-   Errepidean lau barraskilo,
       basoan bost etxabere,
       burdina hesi, karea lokatz
       ta legerik eza lege,
       bolanteari temati heltzen
       jarraitzen dugu halere,
       zure argia, zure itzala,
       zu besarkatzea xede,
       burugogor ta egoskorrean
       Naparrak gara gu ere.

Albiste gehiago

Udako Ikastaroetako hitzaldiak sarean - Beñat Gaztelumendi Arandia 2024-09-02

Formatik haragoko lanketa bertso eskoletan; gaien eta ideologiaren lanketa

Jone Uria Albizuri - Señora Sariketako Pameladuna 2024-06-14

«Goazen saiatzera irudikatzen nolakoa nahiko genukeen izatea lehia»