Larunbat honetan hasiko da denboraldi berria 2024-09-12
Larunbat honetan, irailaren 14an, hasiko da Hitzetik Hortzeraren denboraldi berria eta Emakumeen haria ekimena izango du oinarri programak. Amasa-Villabonako Subijana etxea oihal fabrika izan zen 1860tik 1980ra; gaur egun Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza da. Amasa-Villabonako Udalak Bertsozale Elkartearen laguntzarekin memoria historiko ariketa bat egin nahi izan du Subijana etxearen iragana oraina lotuz, emakume oihalgileak eta bertsolariak omenduz.
Gonbidatu desberdinekin harilkatuko du Mirari Martiarenak lehen programa. Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea eta Irune Alfonso berndintasun zinegotziarekin hitz egingo du. Ekimenaren lehen puntada nondik datorren jakiteko. Oihal fabrikan lanean aritu zen Mariaje Martinezekin ere elkartuko da.
Emakumeen haria egunean bertso saio tematikoa egin zen. Subijana etxeko oihal fabrikaren historiaren haritik tiraka aritu ziren bertsotan. Bertso saioa jostearen arduraduna Amaia Agirre villabonatarra izan zen eta bera ere elkarrizketatuo du Mirarik.
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan, emakume oihalgileak eta emakume bertsolariak omentzeko horma-irudi batek lotu ditu oraina eta iragana. Izaro Lizarraga, Arantxa Orbegozo Txitxi margolariek egin zuten irudia eta Maialen Lujanbiok bertsoa. Bi margolariekin irudiaren sortze prozesuaz ere arituko dira aste honetako programan.
Bertso sorta musikatuak, Ekaitz Goikoetxeak idatziak eta Manex Pagolak musikatuak
Ekaitz Goikoetxearen bertso jarriek osatuko dute aste honetako programa. Bertsolari beasaindarrak Naparrak gara gu ere sorta abestuko du Manex Pagola musikariak lagundurik.
Villabona eta Garesko bertso saioak
Amasa-Villabonan oihal fabrikari eta garaiko emakume bertsolariei eskainitako bertso saioko bertsoaldiak izango dira larunbateko programan. Bertso saio tematikoan Amaia Agirrek egin zituen gai-jartzeila lanak eta kantuan aritu ziren Alaia Martin, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran bertsolariak.
Garesen egindako historiako lehen bertso jaialdiko bertsoak ere izango dira aste honetako Hitzetik Hortzeran. Ander Aranburuk gidatutako saioan kantuan aritu ziren Saioa Alkaiza, Julio Soto, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio.
Gogoratu, Hitzetik Hortzera, larunbatean 21:00etan ETB1en.
Bertso eskoletarako material berria Bertsoeskola.eus-en 2024-10-09
Gipuzkoako Txapelketa - Eli Pagola Apezetxea 2024-09-24
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-09-19
Larunbat honetan hasiko da denboraldi berria 2024-09-12