Zutabea 2024-09-16
Joanes Igeregi Santa Maria
Zu ez bezala, Txontxe, ni ume-umetan hasi nintzen bertso-eskolan, artean bertsolaritza zer zen ere ez nekienean. Jakin-min hutsez hasi nintzen, beraz. Horixe dauka saltsa guztietako perrexila izateko bokazioz jaiotzeak. Hasitakoan, baina, hainbat arrazoik mantendu ninduten bertsoari itsatsita. Lehenengo urte haietan, bertso-topaketak eta eskolarteko txapelketak nabarmenduko nituzke. Bertsoen bueltan aurkitutako giroa eta lehia, alegia. Bertsotan egitea jolasa eta jokoa zen niretzat, bata bestea bezainbat.
Ostera, bizitzako beste alderdi batzuetan gertatzen zaigun kontrara, helduaroan jolas huts bihurtu zait bertsogintza. Ez daukat argi jokatzeari utzi diodan ala jokoz kanpo geratu naizen, eta ez dio ardura. Edozelan ere, lagun artean elkartu eta hitzekin jolasteko aukera ematen dit bertsoak, ariketa xume bezain konplexuan. Eta ez da gutxi.
Bizi ditugun garaiotan, erlojuak eta kontsumoak gure bizitzetako une gehienak kolonizatu dituzten honetan, ederra da lantzean behin mahai bueltan elkartzea eta ideien hartu-eman betean murgiltzea, elkarrizketak nondik nora eramango zaituen igarri ezinda. Edozein burutazio adierazteko aske sentitzea, errima eta neurriaren preso baino ez gaudelarik. Gorputza eta gogoa leku eta momentu jakin horretan bakarrik izatea, kanpoko mundutik erabat deskonektatu bagina bezala. Ekintza gutxik sortzen didate horrenbesteko gozamena, hain gutxiren truke eta modu erabat autoantolatuan. Kartoizko kutxa hutsarekin jolasten den umearen antzera, nahikoa ditugu hiruzpalau lagun, supazter gozo bat eta bakoitzaren hitz biluziak.
Hik,Joseba, urte asko daroazak bertso-eskolen sustapen beharrean. Hire ustez, zer erronka deukezak bertso-eskolek, gerora ere gazte zein helduei bertsoen gozamena transmititzen segitzeko?
Bertso eskoletarako material berria Bertsoeskola.eus-en 2024-10-09
Gipuzkoako Txapelketa - Eli Pagola Apezetxea 2024-09-24
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-09-19
Larunbat honetan hasiko da denboraldi berria 2024-09-12