Gipuzkoako Txapelketa - final zortzirenak 2024-10-07

2.500 entzuletik gora Gipuzkoako Txapelketako lehen fasean eta bertsolari gazteak sailkapen buru

2.500 entzuletik gora Gipuzkoako Txapelketako lehen fasean eta bertsolari gazteak sailkapen buru
Oihana Aranak lortu du puntuaziorik altuena eta Andoni Rekondok bigarrena. Zazpi kanporaketatik bost emakumezko bertsolariek irabazi dituzte. Belaunaldi berriko erdiak sailkatu dira.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen faseak zenbait titular azpimarragarri utzi ditu. Txapelketak dituen helburu eta funtzioen harira, kontuan izan beharreko aldagaia da noski bertsozalearen erantzuna eta jarraipen maila. Gipuzkoakoak oso indartsu ekin dio alde horretatik lehenbiziko fasetik. Hala zetorren udaberritik ere. Lehen fase honetan saio guzietan bete dira aretoak eta 2.500 entzuletik ondo gora bildu dira denera. Larunbatean Azpeitian Soreasu Antzokia bete zuen txapelketak: 500 lagun. Herrialde bateko final-zortzirenez ari gara.

Bertsolari gazteak lehen faseko sailkapen buru
42 bertsolarik hartu dute parte lehenengo fase honetan eta belaunaldi berriko bi bertsolari gelditu dira sailkapen buru. Oihana Arana eskoriatzarrak lortu du final-zortzirenetako puntuaziorik altuena: 501.5 puntu, Lazkaoko kanporaketa irabazita. Andoni Rekondo hernaniarra gelditu da bigarren: 496,5 puntu, Urretxuko kanporaketa irabazita. Saioetako beste bost irabazleak: Amaia Iturriotz, Eli Pagola, Eneritz Artetxe, Aitor Salegi eta Maider Arregi.


Andoni Rekondo eta Oihana Arana bertsolariak.

Zazpi kanporaketatik bostetan emakumezko bertsolariak irabazle
Gipuzkoako lehen fase honek utzi duen beste lerroburuetako bat horixe da, hain zuzen ere: zazpi kanporaketatik bost emakumezko bertsolariek irabazi dituzte. Belaunaldi desberdinetako bertsolariak dira bostak. Belaunaldi berriko kide da Arana, 23 urteko bertsolaria; 30 urte bueltakoak dira Arregi, Pagola eta Iturriotz. 34 urte ditu Artetxek, eta eten luze baten ondoren itzuli da txapelketara.

Belaunaldi berriak bere kartak erakutsi ditu
Gipuzkoako Txapelketaren aurkezpen ekitaldian elkarrizketatutako denen aipagai izan zen txapelketan lehenengoz sartu den belaunaldi berria. Antolakuntzak sari berezi bat jarri du aurtengoan lehenengoz 25 urtez beherako bertsolari onenarentzat.

Final-zortzirenetan 25 urtez azpiko hamar bertsolari izan dira kantari eta esan liteke belaunaldi berriak bete-beteko parte hartzea izan duela. Lehen faseko bi kanporaketa irabazi eta puntuaziorik altuenak lortzeaz gain, belaunaldi berriko 10 bertsolaritik 5 sailkatu dira final-laurdenetarako eta Txapelketa Nagusitik koxka batera jarri: Oihana Arana, Andoni Rekondo, Haizea Arana, Aitor Tatiegi eta Aner Euzkitze.

Sailkatzea lortu ez dutenek ere erakutsi dute beren bertso maila eta beste hiru bertsolari gazte final-laurdenetako atarian gelditu dira puntuz eta postuz: Andoni Mujika, June Aiestaran eta Maddi Aiestaran.

2019an izan ezik, 1991tik Gipuzkoako Txapelketako final guztietan izan dira 25 urtez azpiko bertsolariak eta lautan buruz burukora sartu dira. Aitor Mendiluzek txapela jantzi zuen 20 urterekin.

Final-laurdenen pizgarri
Gipuzkoako lehen faseak utzi dituen titularrak pizgarri berezia izan daitezke final-laurdenetara begira, aurreko finalistak orain sartuko direla kontuan izanda. Gipuzkoako finalerdiak ez ezik, Txapelketa Nagusiko txartela dago jokoan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri