Iñaki Zelaia 2009-11-07

"Helburua zifra eta postuetan sartu gabe daukadan onena ematea da"

Beteranoa da txapelketetan, 1997tik aurrerako Txapelketa Nagusi guztietan aritu baita. Azkeneko hiru txapelketetan, finalaurrekoetara sartu da gainera. Gasteizen talde "polita" egokitu zaiolakoan dago. Finalaurrekoetan freskotasunak garrantzia izango duela iruditzen zaio. Bilboko saioa irabazita iritsi da finalaurrekoetara, baina bere buruari ez dio presio handirik sartzen, bere burua ezagutzen duelako eta ingurukoek ere ezagutzen dutelako. Hala ere, "momentu onean" dagoela sentitzen du. Dena den, zaila omen da hori neurtzea, Bilboko saiora gutxi prestatuaren sentsazioarekin joan eta inoiz baino sentsazio hobeekin etxeratu baitzen.
 Iñaki Zelaia txapelketa askotan aritutakoa da. 1995ean Gipuzkoako Txapelketan finalista izan ondoren 1997, 2001 eta 2005eko Txapelketa Nagusietan kantatu du. Azkeneko bietan finalaurrekoetara iritsi zen, eta 2001ean bederatzigarren bukatu zuen txapelketa. Aurtengoan hirugarren aldiz lortu du, beraz, finalaurrekoetarako txartela. Bilboko saioa irabazita sailkatu da gainera. Hala ere, ez omen du presio gehiegi nabaritzen, "gehienbat norberak bere buruari jartzen dion tentsio puntu hori, eguna badatorrela eta mentalizatu nahian jartzen dena. Bilbokoarengatik ez daukat presiorik; nik nire burua ezagutzen dut eta jendeak ere ezagutzen nau."

 Horregatik, bere buruari ez dio posturik eskatzen. "Helburua gehienetan bezalakoa da: norberak daukan onena emateko aukera izatea. Denok amesten dugu saio borobil bat egitearekin, baina helburua zifra eta postuetan sartu gabe daukadan onena ematea da."

 Gasteizen Unai Iturriaga, Arkaitz Estiballes, Xabi Paia, Miren Amuriza eta Maddalen Arzallus izango ditu kantukide. "Finalerditan talde guztiak dira politak kantatzeko. Gure taldean, alde batetik, laukote bat gaude txapelketetan dezente ibili garenak. Eta, beste aldetik, bi lehenengo aldiz kantatzen dutenak baina fresko-fresko datozenak. Horrelakoetan, esperientziaz, badakigu zer gertatzen den: freskotasuna asko eskertzen dela. Talde polita iruditzen zait ofiziotarako, baina gainerako saioetan ere oso koadrila politak gelditu dira."

 Bilboko saioaren ondoren finalaurrekoak "momentu onean" harrapatu duelakoan dago. "Hilabete pasa da, eta hilabete horretan zentratzeko eta mentalizatzeko denbora izan dugu. Baina zaila da norbera nola dagoen jakitea. Beste urteetan baino gutxiago prestatuta ote nengoen sentsazioarekin joan nintzen Bilbora eta sentsazioak besteetan baino hobeak izan ziren."

 Fase honetan ariketa berri bat izango dute bertsolariek: kopla bikoitz hautsia. "Txapelketetan bakarrik egiten dugu kopla bikoitz hautsian. Esperientzia batzuk izan ditugu, baina ez da gehiegi erabiltzen dugun moldea. Desberdina da, baina egin beharrekoa. Agian 10eko txikian gehiago gozatuko dut, baina behin jarrita ez da gogoz kontra egiten dudan ariketa ere. Puntu motzak, normalean, gustura sartzen ditut, eta alde horretatik ona da niretzat. Baina beste ariketaren bat jarri izan baligute ere berdin-berdin egin beharko genuen. Normalean ez bertso-eskolan eta ez plazan ez da erabiltzen. Gehienok txapelketa inguratzen denean hasten gara lantzen. Gure kasuan, azken laurdenetan kantatu dugun gehienok uste dut azken laurdenak pasa ondoren hasi garela doinu horrekin. Beraz, ahal den bezala egingo dugu."

 Kartzelakoari dagokionez, ez dauka aldaketa handirik egiteko asmorik (7 puntukoan aritu zen Bilbon). "Orain dela lau urte beste batekin zentratu nintzen, baina azken laurdenetan gustura geratu nintzen. Bi doinurekin ibili nintzen aurretik dudan, baina uste dut Bilbon erabilitako doinuarekin egingo dudala. Aurrera pasatzeko zortea izanez gero agian saiatuko nintzateke aldatzen, gehienbat norberarentzat astuna egiten delako hilabete askotan doinu bakarrarekin aritu beharra."

 Final-laurdenetako saio guztiak jarraitu ditu Iñaki Zelaiak, zuzenean ez bada irratiz edo internetez. Ez dago ados aurten maila baxuagoa izan dela diotenekin. "Nik uste dut beti izaten direla batzuk besteen gainetik aritzen direnak, sorpresak... Zaila da esaten maila aldetik okerragoa edo hobea izan den. Pintzeladak egon dira. Agian gertatu da gehiago espero zen jende batek ez duela topea eman eta ezezagunagoa zen jendeak uste baino gehiago eman duela. Bertsozale bati begiratuta, izenak eta puntuazioak ikusita agian irudituko zaio gauza arraroak egon direla, baina badakigu zer den txapelketa: beti izaten dira gora-beherak. Orokorrean uste dut maila ona izan dela. Agian ez da Uztaritzekoaz aparte saio konpletorik izan, gora-beheratsuagoak izan dira, baina denetan egon da zerbait."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri