Zutabea 2024-11-06

«Bertso-eskolek sendoak beharko dute izan, eta horrek garamatza atzo eta gaur bertso-eskolen oinarri eta motor izan den eta baden militantziari eutsi beharrera»

«Bertso-eskolek sendoak beharko dute izan, eta horrek garamatza atzo eta gaur bertso-eskolen oinarri eta motor izan den eta baden militantziari eutsi beharrera»

Joseba Santxo Uriarte

Aupa, Joanes. Beiondeiala! Ahaleginduko nok hire puntu erantzun bikainari taiuzko jarraipena emoten.

Ez da makala, egiari zor, egungo bertso eskolek aurrean duten erronka geroari begira. Egia da, baina, iraganean beste hainbat ataka gaizto garaitzeko gai izan garela. Alde horretatik, beraz, baikorrak izateko moduan gara.

Gaur egun, gozamena -bitxia badirudi ere- garesti samar dago. Hainbat hesi gainditu behar izaten ditugu gozamenera iristeko; batzuk fisikoagoak (denbora falta, ordutegi zailak, lekualdatu beharra...), psikologikoagoak bestetzuk (estresa, neke psikikoa, presio soziala...). Joanesek itzel deskribatu du bertsotan egitearen plazer xumea, terapeutikoa gerta daitekeena egungo gizartean. Baina basamortua igaro beharra dago, oasi goxo horretara heltzeko!

Erronkaren gaian zentraturik, nik esango nuke bertso-eskola mailan, txapelketetatik eta goi mailako asmoetatik harago, lagunarte giroan biltzen jarraitu behar dugula -gelan, aretoan, tabernan zein kalean-, gazteenak gure gozamen xume bezain eder horren lekuko eta partaide zuzen izan daitezen.
Gure Trino txiki handiak esaten zuen legez, batez ere ondo pasatzea izan behar luke helburu nagusi bertso-eskolaren martxak.

Baina Joanesek maisuki marraztu duen egitura sinple eta autoantolatua bertso-eskola mailan era egonkor, eraginkor eta erakargarrian eskaini ahal izateko bihar-etziko bertsozaleei, bertso-eskolek sendoak beharko dute izan, eta horrek beste gai batera garamatza ezinbestean: atzo eta gaur bertso
eskolen oinarri eta motor izan den eta baden militantziari eutsi beharra. Horregatik, Nerea, gustatuko litzaidake jakitea nola daramazuen militantziaren kontua zuen inguruko bertso eskoletan. Egongo da gurditik musutruk tiratzeko bolondresik etorkizunean?

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1en. 2025-02-20

Bertsoaroako eta sagardotegiko bertsoak Hitzetik Hortzeran

Miren Artetxe eta Bittor Thikoïpe 2025-02-18

Bertsoak Donapaleuko libertimenduan

Bertso jarri musikatuak 2025-02-17

«Nerabezaroari» Maider Arregiren sorta musikatua