Aztiker Ikergunearen bidez 2024-11-08
Bertsozale Elkarteak egungo bertsolarien argazki soziologikoa egiteko ikerketa jarri du abian, Aztiker Ikergunearen bidez. Bertsolariei buruzko nondik norakoak jasoko dituen ikerketa prozesua da eta «Bertsozale Elkarteko sustapen, hezkuntza eta ikerkuntza estrategia eraginkorragoak irudikatzen lagunduko» duen proiektua izango da, Bertsozale Elkarteak adierazi duenez. Ikerketaren parte kuantitatiboari dagokion galdetegia, Elkarteko sail, herrialde eta Ahalduntze Bertso Eskolak egindako ekarpenekin osatu da, beti ere 1987koa oinarri hartuta. Galdetegia azaroko lehen hamabostaldian igorriko zaie bertsolariei.
Bertsolarien argazki soziologikoa ikerlan bat egiten den bigarren aldia da; lehenengoa 1987an izan zen, JAKIN aldizkariak bere 44. zenbakian argitaratu zuena. Ordutik hona, ia lau hamarkada pasatu ostean, gizartea, bertsogintza eta bertsolariak eurak ere arras aldatu direnez, Bertsozale Elkarteak uste du momentua dela egungo bertsolarien argazki eguneratua izatekoa.
Inkesta diseinatzeko orduan 1987ko ikerketako galderak hartu dira kontutan, baina horrez gain, jende eta aditu ugarik hartu dute parte diseinuan. Berariaz eratutako batzorde bat aritu da ikerketa pentsatzen eta inkesta diseinatzen. Batzordeko kide dira Bertsozale Elkarteko hainbat borondatezko eta soldatapeko zein soziologian adituak diren EHUko bi irakasle. Batzorde horrek hautatu eta formulatu du galdera sorta, baina aurretiaz orotariko ekarpenak jaso ditu eragile askorengandik: Bertsozale Elkarteko sailek, herrialdeetako elkarteek zein Ahalduntze Bertso Eskolako kideek hartu dute parte. Galdetegiak dituen 50 itaunak sei ataletan multzokatu dituzte: zu-hizkuntzak-kultura, bertsozaletasuna, bertsolari, bertso eskola, Bertsozale Elkartea eta saioen antolaketa.
Hedapena helburu
Ahalik eta laginik adierazgarriena izate aldera, inkesta bertsolarien talde zabal bati helaraziko zaio: Bertsolaritzaren Datu Basearen arabera 2022 eta 2023 urteetan gutxienez saio batean aritu ziren bertsolariek jasoko dute inkesta anonimoki betetzeko deia. Hala ere, gerta liteke galdetegia aipatu baldintza betetzen duen bertsolari batengana ez iristea. Kasu horretan, galdetegia bidaliko litzaioke eskaera azaroaren 20an baino lehen eginez gero, Bertsozale Elkartera deituta edo ikerkuntza@bertsozale.eus helbidera idatzita.
AZTIKER Ikergunearen bidez bidaliko da galdetegia. AZTIKER bera jarriko da bertsolariekin harremanetan, azaroko lehen hamabostaldian. Erantzun guztiak jasotakoan, horiek landu, ondorioak atera eta txostena idatziko du ikerketaren batzordeak. Ondotik, txosten hori bera baliatuko du ikerketaren bigarren atala, kualitatiboa, diseinatzeko; hots, banakako elkarrizketak eta tailerrak.
Gipuzkoako Bertsolari txapelketa 2024 - finala 2024-12-02
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31