Zutabea 2024-11-26
Zure galderak, Joseba harat honat jarri ditu nire oroitzapenak martxan. Harat honat esaten dudanean 30 urtetako atzera begirako bidaia goxoan murgildu naiz. Duela hiru hamarkadetako bertso eskolek alde ederra zuten gaurko egunekoekin alderatuta. 1994ko Iruñea grisa datorkit burura. Iruñea grisa zelako garai hartan eta erdalduna, oso erdalduna. Eta tartean gu, Alde Zaharrera bidean hamabost urtetako gazte mundu-xukatzaile bertso-eskolara bidean euskara hutsean esaldi bat josteko majo kostata ibiltzen ginenak, batzuk behintzat.
Baina gu margotzeko jaioak ginen. Dena margotzeko zegoen garaian dena zen borondate, dena bertso truk. Makarroiak eta solomoa izan zen dozenaka aldiz gure ordain-saria. Iruñerriko auzo eta herri gehienetan gaztetxeak loratzen hasiak ziren eta ez zegoen ez kontzertu, ez bazkari, ez manifa, ez ekitaldi bertsorik gabe eta hori ere bertso-eskola bilakatu zen guretzat.
Ordurako aleka-aleka bertsolaritza klasean ematen hasiak ginen Nafarroako eskoletan. Ni zorionekoa izan nintzen, 12 urterekin bertso bakar bat ere entzun gabe hazitako neskatoa nintzen eta sekula itzaliko ez zitzaidan su bajua piztu zidan eskola arautuan hasitako ibilbideak. Lan hori ordea ez zen borondatezkoa, edo ez bakarrik.
Eta zenbat gauza margotu diren ordutik hona! Ederrenetariko bat, ederrena ez bada, feminismoak bertsolaritza iraultzeko izan duen gaitasuna izan da. Oraindik kolore batzuk falta zaizkion arren, orduan imajina ez genezakeen ortzadarraren aurrean kokatu gaituena.
Borondateak ekarri gaitu gauden tokira, zalantzarik gabe, baina boluntarioak langileak dira eta lana duindu egin behar delakoan nago.
Gaur egungo bertso eskolen ehuneko handi-handi bat soldatapeko irakasleekin ematen dira nire inguruan. Elortzak eta Sarriegik 2017ko BEC-eko finalean aski ongi azaldu ziguten aurrera begira borondatezko lana eta soldatapekoa eskutik helduta joan behar dutela. Baina beste mezu garrantzitsu bat ere iltzatuta geratu zitzaidan niri: kontuz ibili behar dugula egitura mantentzea gure helburua bihurtu ez izateko!!
Gaur egun ordea bada auto-zaintzan eta modu erabat autonomoan bertsotarako elkartzen den jendea, demagun Erratzun, demagun balkoi batean.Alazne, kontatuko diguzu Baztango txoko eder horren berri?
Lehenbiziko aldiz ospatu zen Eskukula bertso eskolak 2024-12-06
Gipuzkoako Bertsolari txapelketa 2024 - finala 2024-12-02
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14