Arantzazu Loidi - Gipuzkoako txapeldunari txapela jarriko diona: 2024-12-04
Arantzazu Loidi 1974an Leintz bailaran Patxi Goikolearen belaunaldiak sortu zuen Almen bertso-eskolako kidea da, Euskal Herriko lehen haurren bertso-eskola hartan bertsotan ikasia eta handik gutxira Eskolarteko txapeldun izana. Loidik pauso haren garrantzia azpimarratu du nabarmenduz bertso-eskolen sorrerarekin haurrak bertso munduaren parte egin zituela eskolak. Izan ere, Almen bertso-eskola sortu zutenek Ikastolen Elkartera jo zuten proiektu hari nazio mailan zabaltzeko modukoa zela ikusita. Ez zen esperientzia lokal bat izan soilik. Arantzazuk Berria egunkariari eskainitako elkarrizketan aipatu ditu kontuok eta bere bertso bizitzaren inguruko beste hainbat gauza interesgarri.
«Hori guztia elkartea sortzeak bermatu du. Hasieran ez zegoen horrelakorik. Banan-banan hasten ginen saioetarako antolatzen, baina elkarteak gauzak asko aldatu ditu, bai transmisioaren aldetik, baita funtzionamendu aldetik ere. Bereziki, ikastetxeetako curriculumean txertatzeko egin den saiakera nabarmendu nahiko nuke. Txapelketek izan ohi dute oihartzunik handiena, baina denek ikusten dituzten gailurrak baino ez dira horiek. Hor atzean dagoen guztia eta pertsona bakoitzak egiten duen lana da bertsolaritzari ibilbidea eman diona. Eta elkarteak hori dena bideratzen du, eta bere mugen barruan lan asko egiten ari da».
Bertsolaritzaren etorkizuna euskararen geroaren baitan ikusten du Arantzazu Loidik:
«Bertsolariak daudela esaten jarraitzen badugu, edota arrakasta duen mugimendu honek jarraitzen badu, gizarte euskaldun bat dagoen seinale izango da. Nire desioetako bat da hizkuntza aberastasun bati heltzen dion gizarte bat izatea. Gizartea gero eta erdaldunagoa den honetan, eta kultur aniztasun honetan, bertsolaritzak bere lekua izatea gustatuko litzaidake».
Naiz.eus egunkariak ere argitaratu du Arantzazu Loidiri egindako elkarrizketa. «‘Ez naiz erraz ohituko emakume ahots bat entzutera’, esaten zuten» ekarri du titularrera Naizen. Hemen elkarrizketa.
Goiena tokiko egunkariak honako hau ekarri du lerroburura Arantzazuri egindako elkarrizketatik: «Finalean egongo den emakume pila ikusita, nire belaunalditik hori txalotzera ere joango naiz»
Lehenbiziko aldiz ospatu zen Eskukula bertso eskolak 2024-12-06
Gipuzkoako Bertsolari txapelketa 2024 - finala 2024-12-02
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14