Gipuzkoako txapelketa 2024 2024-12-03
Duela 50 urte haurren bertso-eskolak sortu eta zabaltzeko bidea zabaldu zuten Leintz bailaran. Bertso-eskola hartako lehenengo belaunaldiko ikasleetako bat izan zen Arantzazu Loidi bertsolaria, bertsolaritza bide berritzailea eta emankorra egin duela. Patxi Goikolea izan zen Almen bertso-eskola sortu eta ikastoletan bertsolaritza lantzeko proiektua landu zuen belaunaldiko kideetako bat. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak aitortza egin dio urte osoan zehar orduko lanari 50. urteurren honetan.Txapelketako mezua eta irudia aitortza horri lotuta doa eta halaxe izango da Illunbeko finalean ere. Almen bertso-eskolako kideek emango dituzte finaleko bi sari nagusiak: Arantzazu Loidik jantziko dio txapela Gipuzkoako txapeldunari eta Patxi Goikoleak emango du 25 urtez beheko bertsolari onenaren saria.
Arantzazu Loidi, bertsolaritzaren alde eta ertz ugari bizi eta landua
Arantzazu Loidi, Aretxabaletan jaioa, azken hamarkadetako bertsolaritzako izen propio bat da. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak azpimarratu du «bertsolaritzaren alde eta ertz ugari» bizi izan dituela Loidik:« hasi bertsoak abestetik eta berauek ikertzeraino, gaiak jartzetik eta epaitzetik pasatuta. Lehen plaza gazte egin zuen, artean neskatila zela, eta berau zen bakarra: bere belaunaldian plazarako saltoa eman zuen lehen emakumea izan zen, eta izendapen horrek ardaztu zuen bere ibilbidea».
1982an izan zen lehen plaza hori, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan, eta handik hiru urtera jantzi zuen txapelketa horretako txapela; bat-batean zein idatziz. Plaza ugari egin zituen hurrengo urteetan, baita sariketak ere: 1991ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan hartu zuen parte, eta horixe izan zen bere azkena, 1993an plazako jarduna utzi baitzuen.
Plazak utzita, ordea, ez zen bertsolaritzatik urrundu Arantzazu Loidi eta hori ere nabarmendu du Bertsozale Elkarteak: «hamarkada luzez aritu zen gai jartzen eta epaitzen, Gipuzkoako zein Euskal Herri mailako ekimenetan. Bertsolaritzaren inguruko bi ikerketa ere plazaratu zituen, bertso-eskolei eta hedabideei buruzkoak».
Lehen haziak hezten
Loidi eta bere belaunaldi kideak hauspotzen aritu zen Goikolea, Joanito Akixu eta Xanti Iparragirrerekin batera. Hiruak bildu eta Debagoienako bertsozaletasuna hauspotzeko ardura hartu zuten, eta bai lortu ere. 1974ko larunbat goizetan ekin zioten biltzeari, bertso zaharrak abesten: 125 haurrek eman zuten izena. Handik, bertso-eskolan jarraitzeko interesa zuten ikasleekin Apotzagako elkartera pasatu ziren. Bertsoa.eus-i azaldu zionez, Almen bertso-eskolan probatu zuten lehenengoz Amurizaren hiztegi errimatua.
Hirukote horrek emandako pausoa aitzindari izan zen. Ez bakarrik bailaran umeen bertso-eskola bat zutelako, baizik eta han funtzionatu zuela ikusita, Euskal Herri osoan zabaldu beharreko apustua zela ikusi zutelako. Umeek bertsotan ikasten zutela ikusita, Ikastolen Elkartera jo zuten proiektu hori zabaltzeko proposatuz eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere bidea landu zituzte finantziazioa lantzeko. Ekimen horretatik etorri ziren 80. hamarkadan ikastoletan bertsolaritza modu antolatuan irakastea, ikas-materiala sortzea eta bertsolari gazteentzako Eskolarteko txapelketa abian jartzea. Alegia Bertsozale Elkartearen hezkuntza arautuko programaren lehen pausoa.
Hasierako ekimen hartan ez ezik, Goikoleak, epailetzan egin zuen ibilbidea Euskal Herriko zein Gipuzkoako txapelketetan, epailetzako lehen irizpideak zehazten ere egin zuen lan. Gerora, gazte mailako zenbait sariketatan aritu da epaile, bere pasioa, belaunaldi berriekiko transmisioa, jarraituz.
Abenduaren 14an Donostiako oholtzan izango dira Loidi eta Goikolea, Goikolea eta Loidi: ikaslea eta irakaslea. Lehen bertso-eskola haren ordezkari, eta gerora sortu den Gipuzkoako bertso mugimenduaren lehen kimu.
Lehenbiziko aldiz ospatu zen Eskukula bertso eskolak 2024-12-06
Gipuzkoako Bertsolari txapelketa 2024 - finala 2024-12-02
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14