Ekhiñe Zapiain Arlegi - Bortzirietako bertso eskolako kidea 2025-01-21
Bertso Egun ibiltariaren aurtengo geltokia Lesaka da eta Bortzirietako Bertso Eskola buru-belarri murgildu da antolakuntzan Bertsozale Elkartearekin batean. Lan taldean dabilenetako bat bat Ekhiñe Zapiain bertsolaria da eta beregana jo du Bertsoak. Ostiraletik jaialdirako eta afaritarako sarrerak agortuta daude. Goizeko ibilaldira, eguerdiko bertso-poteora eta luntxera hurbildu nahi duenak, ordea, izango du aukera Lesakan.
Aurtengo Bertso Eguna Lesakan urtarrilaren 25ean. Eguna iristeko gogoz?
Bai. Bertso Eguna beti da egun berezi bat bertsogintzan modu batean edo bertzean gabiltzanontzat. Elkartu, gozatu, ezagutu, besta eta bertsoa uztartu… denetarako aukera ematen du Bertso Egunak. Egutegian gorriz markatutako urteroko hitzordua dela ematen du kasik. Lesakan egiteak ilusio berezia pizten digu aurten. Gure etxea denen etxea bihurtuko denaren sentsazio gisako bat dugu.
Dagoeneko jaialdirako eta afaritarako sarrera denak agortu dira…
Bai, eta horrek ilusio hori areagotu egiten duela erranen nuke. Jendea gogoz dagoela ikusteak beti sortzen du motibazio bat, ez? Jendeak gogoa baldin badu larunbaterako, guk are gehiago. Hala ere aprobetxatu nahi nuke gogorarazteko goizean zehar egitekoak diren oinezko ibilbidera edo bertso poteora agertzeko edozein etor daitekeela sarrerarik gabe ere! Beraz arratsaldeko saiora edo afarira ez etorri arren, Lesakara hurbiltzeko oraindik badu aukera nahi duenak!
Nola hartu zenuten aukera hori, zer suposatzen du Bortzirietako bertsolaritzarentzat Bertso Eguna Lesakan izateak.
Ba egia da hasieran susto pixka bat hartu genuela, bagenekielako Bertso Eguna zein dimentsiotako eguna izaten den, eta aurreikusi genuelako zein antolaketa ekarriko zuen gibeletik… Bortzirietako Bertso eskolak gainera, udazken-negu honetan egitarau nahiko potoloa antolatu du, eta azarotik hasita abendurarte izan ditugu saio dezente Lesaka inguruan. Hala ere, proposamena hartu eta horri ahalik hobekien heltzearen alde egin genuen hasieratik.
Aitortza moduko bat izan da guretzat Bertso Eguna Lesakan egitea. Zentzu ezberdinetan bertsogintzari ekarpen handia egin dion herri bat dela uste dugu, eta horretarako aukera baliatuko dugu egun honekin. Egitarau erakargarri bat prestatzen ahalegindu gara, bertakoak eta kanpotik datozenak asetuko dituena, ustez behintzat.
Goizean Lesakako bertsolaritzaren ibilbidea, poteoa, arratsaldean jaialdia eta bertso jarri musikatuak. Egitarau bete-betea…
Bai, hasierako bilkuretan puzzlea egitea kosta zitzaigun, egia erran. Bagenituen ideia mordoa buruan bueltaka, eta zaila izan zen guztiek lekua izanen zuten egun baten plana egitea. Orain arte egin denetik ustez funtzionatuko zuten gauzak hartu, berriak txertatu, herrian erreferentzia zutenak gehitu, denen gusturako zerbait egin… ez da erreza hori dena uztartzea. Uste dut guti goiti beheiti lortu dugula buruan genuen gehiena biltzen eta guztion gozagarri izan daitekeen zerbait egiten.
Antolakuntza taldean ardurak banatu ditugu eta ni afalosteko saioaz arduratu naiz. Ez dut spoiler-ik egin nahi, baina aurreratuko dut sopresa eta guzti egonen dela tartean!
Ekhiñe Zapiain Arlegi - Bortzirietako bertso eskolako kidea 2025-01-21
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-01-16
Lehenbiziko aldiz ospatu zen Eskukula bertso eskolak 2024-12-06