Bertsozale Elkartea eta Bortzirietako bertso eskolaren eskutik 2025-01-26

Bertso Egun ederra atzo Lesakan

Bertso Egun ederra atzo Lesakan

Gozo eta mimoz hartu zuen Lesakak bertsolaritzaren urteko zita garrantzitsu hau, goizetik hasi eta ordu txikiak bitartean. Goizean, Oinak bideak ibilaldia egin zuten, Lesakako bertsolaritzaren historiaren inguruko ibilbide gidatua, erreferentziazko izan diren puntu eta guneetatik barrena. Eneko Fernandezek, Manolo Arozenak edo Jon Abrilen eman zituzten azalpenak besteak beste



Eguerdian, bertso poteoa, hiru bertso eskolatako bertsolariak kantuak zirela. Epifora, Lilibertso eta Aramaioko bertso eskolako kideak aritu ziren librean: Ane Zuazubiskar, Danel Herrarte, Iraide Onaindia, Manex Agirre, Eli Pagola, Maider Arregi, Oihana Arana, Uxue Alkorta, Aitor Etxebarriazarraga, Asier Galarza, Ibai Amillategi eta Iker Uriarte.



Arratsaldean jaialdia eta gauean bertso jarri musikatuak
Arratsaldean, Arriondoa kultur etxea jendez beteta zela, XXI mende, 25 (H)illbeltz bertso jaialdia izan zen Alaitz Rekondok gidatuta. Kantuan, Alaia Martin, Amets Arzallus, Julio Soto, Maddi Ane Txoperena, Maialen Lujanbio (Nerea Ibarzabalen ordez) eta Peru Abarrategi. Herri txikien inguruko hariak lotu zuten jaialdia, alderdi asko ikutuaz eta jendeak gogoz txalotu zituen bertsoak.



Gauean, sagardotegian afaria eta bertso jarri musikatuen txanda izan zen. Bertako Hor Gu taldeko kideek Lindurreborda sagardotegian kupeletan dauden bertsolarien bertsoekin osatu zuten emanaldia. Lesakarekin harremana zuten bertsoak hautatu zituzten bereziki. Manex Pagola aritu zen musikari lanetan. Gazteek aitortu zutenez, bertsolari klasikoen berri gurasoekin sagortegira egindako otorduetan ezagutu zuten lehenbizi eta transmisio lan hori aitortu nahi izan zioten Lindurrenborda sagardotegiari eta etxekoei, baita bertso eskolarekin izan duen eskuzabalasuna ere. Mixel Xalbador zenari aipamen berezia egin zioten Hor Gu taldekoek.



Sorpresarik ere izan zen afalaurrean. Bortzirietako Bertso Eskolaren ekimenez, Maialen Lujanbiori sagardo kupel bat eskaini zioten Linddurrenborda sagardotegian. Juan Mari Lopez bertsolariak eta bere sendiak daraman sagardotegian kupel guztiek bertsolari klasikoen izenak dituzte: Uztapide, Xalbador, Txirrita, Balendin Enbeita... Atzotik Maialen Lujanbio kupela du.

Bertsoa.eus ere Bertso Egunean izan zen eta bertako bertso aukeraketa sarean izango da aurrerantzean.

Albiste gehiago

Ekhiñe Zapiain Arlegi - Bortzirietako bertso eskolako kidea 2025-01-21

«Bertso Eguna Lesakan egitea aitortza moduko bat izan da guretzat»