Jone Antsotegi Ikazuriaga - Talde Antolatzaileko kidea 2025-05-08

«Udabarria Bertsotan sailkapen fasean esperientzia eta berritasuna batzen dira»

«Udabarria Bertsotan sailkapen fasean esperientzia eta berritasuna batzen dira»
«Aipatu nahi genuke, emakumeen kopurua oraindik %37koa dela, baina nabarmen egin duela gora fase honetan: bi ediziotan bikoiztu egin da. Azpimarragarria da Bizkaiko eskualde guztiak daudela ordezkatuta aurreko edizioan bezala».

Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eskutik, gaur hasiko da Bizkaiko Txapelketako sailkapen fasea Munitibar eta Bakion, Udabarria Bertsotan. Aurtengo edizioa nola datorren xehe jakiteko Bertsoa.eus-ek antolakuntzarengana jo du. Jone Antsotegi Ikazuriaga (Aulesti, 1992) Talde Antolatzaileko kideak dakartza gaur hasiko den Udabarria Bertsotan sailkapen fasearen xehetasunak.

Bizkaiko Txapelketako sailkapen faseari ekingo zaio aste honetan, nola dator?
Bizkaiko eskualde bakoitzera saio bat eroatea da helburua eta, bide batez, Txapelketarako motorrak berotzen hastea. Aurtengoan 48 bertsolarik eman dute izena, eta horietatik, 7 dira lehenengoz parte hartuko dutenak. Pozik gaude kopuruekin, esperientzia eta berritasuna batzen dira, eta saio kopurua ere egokia delako. Aipatu nahi genuke, emakumeen kopurua oraindik %37koa dela, baina nabarmen egin duela gora fase honetan: bi ediziotan bikoiztu egin da. Amaitzeko, azpimarragarria da Bizkaiko eskualde guztiak daudela ordezkatuta aurreko edizioan bezala.
 
48 bertsolari eta zortzi saio eguenetan, duela bi urte probatu eta funtzionatu zuen formatua…
Udabarria Bertsotaneko saioak formatu txikiko saioak dira, gertukoak. Zortzi saio dira baina lau egunetan egingo dira, multzo bitan izango direlako: egun eta ordu berean, herri bitan izango dira saioak. Formatu txikiko saioak dira, gertukoak, eta saio mota hori eguen iluntzeetarako egokia izan zitekeela pentsatu genuen. Kantatzeko ahalik erosoenak egiteko intentzioa dago atzean, baita, entzuleentzako hurbileko eskaintza izatekoa ere. Egia esanda, gustura geratu ginen emaitzarekin, eta beraz, aurten ere horrela egitea erabaki dugu.
 
Nola erabakiko da nor sailkatuko den, multzo bakoitzeko zenbat bertsolari sailkatuko dira?
Udazkenerako sailkapen zuzena dutenen izen ematea orain dago martxan; hau da, aurreko txapelketan finalean edo finalaurrekoetan kantatu zutenek orain daukate izena emateko aukera. Beraz, oraindik ez dakigu, zehatz, zenbat lagun sailkatuko diren Udabarria Bertsotanetik Bizkaiko Bertsolari Txapelketara. Edozein kasutan, gutxienez, 20 lagun izango direla badakigu. Beraz, talde bakoitzetik puntu gehien batzen dituzten 10 lagunak sailkatuko dira, gutxienez.
 
Bertso eskoletako dinamika indartzeko ere baliagarri izaten dira sailkapen faseak, jende bildu eta entrenatzeko… zer giro somatzen duzue?
Hori da, bai. Udabarria Bertsotan sailkapen fasea maiatzean izateak, bertso eskolak, ohiko dinamikaz gain, ikasturte honetan bertan ipintzen ditu txapelketaren inguruan martxan, nahiz eta txapelketa bera datorren ikasturtean izan. Elkartearentzat garrantzitsua da bertso eskoletan eragitea, eta uste dugu sailkapen faseak eragin zuzena duela horretan, bertso eskola gehienetako parte hartzaileak daudelako eta horrek bertso eskolako talde osoan eragiten duelako.
 
Eta sailkapen fasea osatzean, udazkenean Txapelketa. Gogotsu somatzen duzue jendea?
Elkartea eta txapelketaren talde antolatzailea indartsu eta gogotsu ari gara antolakuntza beharretan. Orain sailkapen fasea egitea badagokigu ere, udazkeneko beharren prestaketa ere oso aurreratuta dago. Ekainean izango dituzue xehetasun eta sorpresa gehiago. Txapelketa ekimen garrantzitsua da Elkartearentzat, eta parte hartzaileei zein bertsozaleei mimoz landutako Txapelketa eskaini gura diegu.

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-04-17

Gaztetxeak bertsotan Hitzetik Hortzeran

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-04-03

Iruñeko eta Oiartzungo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-03-27

Hondarribia eta Lekeitioko bertsoak Hitzetik Hortzeran