Amets Arzallus: "Beharbada, kartzelakoan beste buelta batzuk ere eman niezazkiokeen". Aitor Mendiluze: "Bukaerak merezi zuen pixka bat gehiago ematea". Iñaki Zelaia: "Nire burua konfiantzarekin ikusi dut". Julio Soto: "Gaia ona zen, baina lehenengo bertsoak alde egin dit". Onintza Enbeita: "Nahiko erregular eta orekatu aritu naizela iruditu zait"
Amets Arzallus: "Beharbada, kartzelakoan beste buelta batzuk ere eman niezazkiokeen" "Gustura" zegoen saioaren ondoren Amets Arzallus: "Beharbada inon ez dut goi-goia zapaldu, baina uste dut ariketetan behera ez naizela erori eta denetan txukuna izan dela eta batzuetan txukunetik goraxeagokoa. Zapore oso onarekin nengoen oholtzan. Bakarkakoarekin ere gustura geratu naiz, baina, beharbada, beste buelta batzuk ere eman niezazkiokeen". Une honetan bera da lehenengoa puntuazioetan, eta BECen ariko da abenduaren 13an.
Aitor Mendiluze: "Bukaerak merezi zuen pixka bat gehiago ematea" Aitor Mendiluze ere ia seguru ariko da BECeko finalean. Iruñean hirugarren postuan geratu zen, eta sentsazio "gazi-gozoa" omen zeukan: "Uste dut saio polita egin dugula, orokorrean jaialdi on xamarra irten dela. Ofiziotan gustura aritu naiz baina, agian, bukaerak merezi zuen pixka bat gehiago ematea. Ez naiz erabat gustura geratu bakarkakoan, baina bertsotan erraz aritu naizen sentsazioarekin geratu naiz."
Iñaki Zelaia: "Nire burua konfiantzarekin ikusi dut" Iñaki Zelaiak ia ezinezkoa izango du BECen kantatzea. Une honetan seigarren postuan dago, azkeneko saioaren faltan. Iruñean laugarren bukatu zuen saioa. "Nahiko gustura geratu naiz. Neukana ematera etorri naiz eta uste dut, gutxiago edo gehiago, neukana eman dudala. Hortik gora beste hitz batzuk izaten dira, baina gustura nago. Saiatu naiz ofiziotan ahal zen neurrian erantzuten, eta nire burua konfiantzarekin ikusi dut."
Julio Soto: "Gaia ona zen, baina lehenengo bertsoak alde egin dit" Julio Soto finalean kantatzeko aukerekin iritsi zen Iruñeara, baina, behin saioa jokatuta, ia aukerarik gabe geratu da, zazpigarren baita une honetan. Sentsazio "txarra" zeukan saioaren ondoren: "Hasi ondo egin naiz. Zortziko txikian gaia ona zen, baina lehenengo bertsoak alde egin dit, eta hortik aurrera zortziko txikian oso lotua aritu naiz. Hamarreko txikian erantzuten ibili naiz. Kopletan gozatu dut. Kartzelan ere bertso onak bota ditut, baina ez naiz gustura geratu egindakoarekin."
Onintza Enbeita: "Nahiko erregular eta orekatu aritu naizela iruditu zait" Onintza Enbeitak seigarren bukatu zuen Iruñeako saioa. Bera "gustura" geratu zen egindakoarekin: "Uste dut txukun ibili naizela, baina ez dut "brilatu". Nahiko orekatu eta erregular aritu naizela iruditu zait, eta bakarkakoan esateko neuzkanak esan ditut, nahiz eta ez dakidan gaiaren barruan edo kanpoan izan den."