Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Abian dira Nafarroan adin-adin proiektuko aurtengo bertso saioak. Egitasmo honetan adinekoen egoitzetan eskaintzen dituzte saioak bina bertsolarik. Belaunaldi desberdinetako bi bertsolari izan ohi dira, eta libreko saioa egiten dute. Bertsoek ez ezik, saioetan beren tokia izaten dute entzuleen interesekoak izan daitezkeen istorioen kontakizunak, kantuak eta zuzeneko tratuak.
Beratik elizondora
Berako adinekoen egoitzan abiatu zen aurtengo egitasmoa urriaren 2 ostiralez Julen Zelaieta eta Ekhine Zapiain kantuan zirela. Lekunberrin, herenegun, urriaren 5 astelehenez, Julio Soto eta Saats Karasatorreren bisita izan zuten Larraungo egoitzako kideek. Hurrengo saioak taulan dituzue.
| HERRIA | EGUNA | ORDUA | BERTSOLARIAK |
| Altsasu | Urriak 16 | 11:00 | Eneko Lazkoz eta Saats Karasatorre |
| Betelu | Urriak 20 | 10:30 | Julio Soto eta Ekhi Mateorena |
| Iruñea (kondestable) |
Azaroak 4 | 10:15 | Saioa Alkaiza eta Ekhi Mateorena |
| Lesaka | Azaroak 16 | 17:30 | Estitxu Arozena eta Kaittin Madariaga |
| Elizondo | Azaroak 18 | 17:00 | Bittor Elizagoien eta Alazne Untxalo |
14 urteko bidea, Lankuren eskutik
Nafarroan bigarren urtea bada ere, 14 urteko bidea du Adin-Adinek. Proiektuaren urteetako esperientziak erakutsi du, egoitzetako ordezkariak hala esanda, bertsoak eta kantuak adineko pertsonen gogoa eta gaitasun kognitiboak pizteko eragin positiboa duela.