EHBT26 2026-10-03

Saioa Alkaiza, hitzekin irudiak eraikiz

Saioa Alkaiza, hitzekin irudiak eraikiz
Donapaleuko Airetik gelak hartu du Euskal Herriko bertsolari txapelketako laugarren saioa. Saioa Alkaiza Guaiarren ondotik sailkatu dira Oihana Iguaran Barandiaran, Maider Arregi Markuleta, Eneko Lazkoz Martinez, Iñaki Viñaspre Simon eta Sarai Roble Vitas

Igotz Alkorta Irastortza

“Sei gorputz hitzera, herri bat eraikitzera”. Horrela agurtu du Saioa Alkaiza Guaiar-ek Donapaleun batu den bertsozalea eta esan genezake hitzekin irudiak eraikitzen asmatu duela gaur. 683 punturekin lehen postua eskuratu du eta postuaz haratago utzi ditu sentsazio onak. Zortziko handikoa izan da agian, Donapaleun ariketa osoena, seirek elkarrizketa sinesgarriak osatu baitituzte.  Alkaiza eta Iñaki Viñaspre Simonena adibiderako. Uda mendian igaro duten artzain paperean jarri ditu biak gaiak. Bakardadearekin nekatuta Viñaspre, pozik Alkaiza. Viñaspre hasi da,  “bost hilabete ardi artean barrena/bakardadea bilakatzen zait niri gauza gogorrena”.  Alkaizak erantzun: “nik etxolan dut urritz makila supazterraren beroa/ eguzki da ordularia ta zelaia bulegoa”. Dena den, Alkaizaren ariketa bat azpimarratzekotan Ganbarakoa nabarmendu behar da. Honela zioen gaiak: Geltokira eraman duzu. Joan ez dadin konbentzitzen ahalegindu zara baina badoa. Nola abiatzen zaren ikusten gelditu zara. Bikote harreman edo harreman sexu afektibo bat bizitzeko bi modu azaleratu ditu ironiaz, harreman erromantiko baten sinesten duen neska gorpuztu du eta aldiz harreman ireki eta erraz aska daitezkenak atsegin dituen bikotekideak agur esan dio. Azken bertsoa hau. “Belaunikatu egin naiz ia, berez horren naiz suizida/ kresta ta rimel urruti doa bera, okupetako diba/ mundu ezberdinak dauzkagu biok dakit alditik aldira/bagoiak pasa egiten dira bixi txikitik handira/ ta pentsatu dut bueno ez zegon egina nire neurrira/ aio esan dit, nik espero nun filmetako despedida/izkina baten gelditu naiz ta benga akabo intriga/ bazter batean hor gelditu naiz ni nere penei begira”.

 Oihana Iguaran Barandiaran izan da bigarren 672,5 puntturekin. Ofizioetan sendo aritu da, esaterako, zortziko txikian Viñasprerekin. Autoa partekatzen duten lankideak dira Viñaspre eta Iguaran, eta Viñasprek hizketan hasi eta Iguarani ez dio irratia entzuten uzten” “Agortzeko kapaz da nire pazientziak/albistegiak dauzka interferentziak” bota du lehen bertsoaren amaieran amasarrak eta hirugarren bertsoan berak eman du albistea: “azken orduko hauxe ez nuke nahi galdu/batek kopilotoa leihotik bota du”.  Ganbarakoan entzule gehienentzat doinu berria zena plazaratu du, Señora sariketan aurrez ere erakutsi zuena. Ariketa sinesgarria ondu du ekialde hurbilera gerrari jarraipena egitera doan kazetaria agurtzera doan amaren paperean. “Trena abian jarri da eta nik sabela estu/ nola utziko du alaba mundu krudel honen esku” amaitu du bigarrena,  Puntuazioai begira egon beharko du sailkatuko den edo ez jakiteko baina agurrean esan moduan “ez tristetu behin saiotik irtenda/bertso trenak pasatzean egiten du xenda/ bertso eskolak hel daitezen erreia geratzen da”.

Arregi eta Lazkoz, dakitena erakutsiz

Puntuazioan urrunago geratu arren, dakitena erakutsi dute Maider Arregi Markuleta eta Eneko Lazkoz Martinezek. 659 punturekin hirugarren izan den Arregi zortziko handian bikain hasi da Sarai Robles Vitasekin.  Adinekoen egoitzako publizitate kanpainan parte hartzea onartu duen egoiliarraren papera hartu du Arregik, Roblesek ez du nahi. ”Ea baldintzak hobetzen diren gure irudiarekin”, amaitu du lehenengoa oñatiarrak, “geltokiko kartelean ez, etxean egon nahi nuke” erantzun dio Roblesek eta azken bertsoan Arregik, “eta uste dut iragarkia egin beharko genukeela/denontzat ona izango bait geltokitako kartela”. Puntu erantzunetan ere nabarmendu da arregi, eskuz idaztearen galeraz eta eskoletako ordenagailuen erabileraz. Ordenagailuekin bete da eskola puntuari honela erantzun dio “gainera esan nahi dut bete eta nola, google hor sartu dute eta etzaie axola/ eskola bihurtu da ikasle kontrola”.

624, 5 punturekin laugarren izan den Lazkozen kasuan ofizioetan eta elkarrizketak osatzen ofizioa erakutsi du. Zortziko handian musikarien paperean esaterako, manager batek kontzertu handiak emateko eskaintza egin eta onartzeko prest dagoenaren paperean, Iguaran bertsokideak zalantzan zituen bitartean. “Beraien esku handitzeari ez diot ondo irizten/gorantza heldu nahi duten beste taldeei bidea ixten” amaitu du bigarren bertsoa Iguaranek. Lazkozek amaiera honekin erantzun, “agian ongi ez dago hori baina bizitza hori da/batzuk aurrera joan daitezen besteak erortzen dira”. Hamarreko txikian ere Donapaleun Seaskak ireki behar duen Lizeoaren gaian ikuspuntu interesgarria ekarri du. 

Viñaspre eta Roblesen jarrera

Puntuazioz urrunago geratu dira Iñaki Viñaspre Simon 613,5 punturekin eta Sarai Robles Vitas 600,5 punturekin, baina bien kasuan azpimarratzekoa izan da oholtza gaineko jarrera. Viñaspre aipatu dugu lehen zortziko handian artzainaren paperean edo zortziko txikian autoa partekatuz. Puntu erantzunetan ere egoki aritu da. Ikaskide artean lehiakortasuna zioen puntuak, honela erantzun du Abetxukokoak. “Hori delako berez esan dieguna, teoria bestela nahiko ezaguna baina zer ote gero egiten duguna”.

Roblesek, amaitzeko, besteren artean, ganbarako sinesgarri bat utzi du Donapaleun, unibertsitatera ikastera doan alaba agurtzen duen amaren paperean. “Esan dit Bilbora noa, ta uste dut hil naizela/esan diot hemen ere aukera pila bazela/ ta esan dit txiki geratu zati jada etxeko gela/ ta nik ez diot aitortu lehendik banekiela”. Bukaerako agurrean ondo esan duen bezala "seigarren egin dut baina honek ez nau gogaitu".

Emaitza, sailkapen, argazki eta hurrengo saioen gaineko informazio guztia eskura duzu Euskal Herriko bertsolari txapelketaren atarian. Altsasuko bertsoaldi guztiak, Bertsoa.eus-en mikrofono aurrean jarri diren bertsolarien balorazioak eta adituen iritziak astelehenenean izango dituzue eskura. Hirugarren geltokia Lekeition dugu.

 

 

 

 

Albiste gehiago