EHBT 2026-10-04

Igotz Alkorta Irastortza
Bero egiten zuen Usabalen eta bertsozaleak txapelketako esku orria haizagailu bezala baliatu du. Horri egin dio erreferentzia Julio Soto Ezkurdiak hasierako agurrean, “tarteka eman buelta erdi eta guri ere pixka bat bota” eskatu die bertaratuei. Ez du haizagailu beharrik izan gaur, haize alde bezala kontra ere moldatu baita. Ofizioetan ofizioa erakutsi du, zortziko handian bezala hamarreko txikian. Zortziko txikian berriz, asmatu egin du Unai Mendiburu Valor-ekin, ziurrenik saioko bertsoaldia osatuz. Dena den, bakarlanean erakutsi du Sotok bertsiorik onena. Puntu erantzunetan esaterako, erregaiaren prezioaren ingurukoak erantzun ditu. Autoa hartzerako pentsatu beharra zioen bigarren puntuak. Sotoren erantzuna hau: ez dakit den mesede edo zoritxarra /autoa utzi ezkero ttirri eta ttarra /planeta honek eluke egingo negarra. Ganbarakoan ere bikain aritu da. Honela zion ganbarako gaiak: Duzun jakintza guzia transmititu diozu. Gaur, zure lekua hartu du. Alabak baserrian erreleboa hartu dion 80 urteko aitaren paperean baserriko irudi ugari utzi dizkigun ganbarakoa ondu du. Lehen bertsoa adibiderako. “Alegin sortua naiz ni, bai baserriko gerizan/ dozena bat behi geneuzkan, esnea jeitzi peskisan/ 80 kandela dauzkat lana egin dut aunitz han/ pentsatuko duzue zer diru pila dudan visan/ katiuskak kaka beltzez aritzen garen langintzan/ lehenago zen egin zak! Gaur izan leike egin zan! Baserritar izan naiz ni aita-amek nahi zuten gisan/ alabak bai, nik enuen aukeratzerikan izan”. 683 puntu batu ditu Sotok (Alkaizak Donapaleun lortutako puntuazio bera) eta Miarritzeko saioan abestuko du azaroaren 14an. Azken agurrean esan duen moduan, “jarraitu nahi dugu zuek harritzen/ikusiko gara Miarritzen”.
Puntuazioan urrun geratu dira gainontzeko bostak. Amaia Iturriotz Etxaniz izan da bigarren 651,5 punturekin. Ondo hasi du saioa urretxuarrak, zortziko handian Oihana Bartrarekin batera nerabe baten gurasoen paperean Gauean gero eta beranduago etortzen dela eta Iturriotzek arriskuez ohartarazi nahi dio, Bartrak ordea ikasketa naturala dela deritzo. “Zer momentutan pentsatu duzu kasu egingo dizula?” galdetu dio Bartrak, “nahiz ta kasurik asko ez egin zerbait geratuko zaio” erantzun Iturriotzek. Dena den ariketa bat aukeratzekotan, ganbarakoa izan da Iturriotzen lan txalotuena. Sotok bezala, ezagun zaion ofizio baten erreleboa irudikatu du, kasu honetan jubilatzera doan familia medikuak gazteago bati utzi dio lekua. “Maria jada prest zaude eta eman diot musu/ dena ikasi baituzu ze ohore, ze luxu/ begitara begiratzen ere ikasi duzu”amaitu du bigarrena. Hirugarrena berriz honela: “Maria, hartu itzazu/ ardura ta zuhurtzi/ nik dakidan guzti hau ttak/ hor dizut erakutsi/ osasungintza ez dizut/ une onean utzi».
Eli Pagola Apezetxea hirugarren izan da 639 puntu batuta. Ondo hasi du saioa Unai Mendiburu Valor-ekin. Belauneko minez ebakuntza zain dauden bi pertsonaren paperean kantatu dute, osasungintza pribatuan ebakuntza egiteko aukera eman diete diru publikoz ordainduta, itxaron zerrenda luzeak direla eta. Aurka Mendiburu, pribatitzazioa salatuz. "Pribaturako bidea duen belaunaldi bat garela” amaitu du bigarrena. Horri heldu dio Pagolak “ez da bakarrik belaunaldien eta belaunen oinazea/ kasu honetan hobea duzu datorrena onartzea”. Hamarreko txikian ere ariketa sinesgarria ondu du Aitor Servier Etxezurirekin, lanetik kanpo bikotekidea izan eta erakarpena sentitzen duten bi lankideren paperean. “Etxean itzaltzen dut sortutako sua/ horrela hartzen baitu gureak zentzua” bota du lehenengoan hernaniarrak, bigarrenaren amaiera hau “zugana gerturatu nahiko nuke berriz/ paktuz kanpoko zerbait izango ez balitz".
Mendibururen freskura
Aitor Servier Etxezuri laugarren izan da Tolosan 638 puntu lortuta. Hasteko, zortziko handian, pisua duen gaia egokitu zaie Servier eta Sotori: Anaiak zarete. Badakizue zuen ama torturatua izan zela, baina etxean inoiz ez duzue horretaz hitz egin. Zuk, Aitor, amari galdetu nahi diozu; Juliok, berriz, uste du hobe dela ezer ez galdetzea. Honela hasi da Servier: "Amesgaiztoak dira amaren eguneroko ogia/ familiatik erein dezagun gure herri memoria". Sotok erantzuna, “zu gogoz zaude gertatu zena datuz datu aletzeko/ ta gu nor gara hitz egin nahi ez duenari galdetzeko”. Servierrek ordea ez du amore eman, “amari egin zioten hori gorputzean daramagu” amaitu du bigarrena. Puntu erantzunetan ere lan ederra egin du azkaindarrak. Auzolanean dena dugu errazago zioen Imanol Artola “Felix” gai emaileak jarri dion puntuak. Hau erantzuna: aitzurra eta pala hartzeko prest nago/ lehen Elik aipatu du ibaia hor dago/ garbitu behar genuke guztiek zeharo”.
Sailkapenean 633,5 punturekin bostgarren izan den arren, Usabalgo publikoa bereganatzen asmatu du Unai Mendiburu Valor-ek. Ordezko gisa saioan sartu eta bero zen kiroldegiari freskura eman dio, zortziko txikian lan gogoangarria utziz Sotorekin batera. Honela zioen gaiak: Gaur gauean elkarrekin ligatu duzue, eta Julioren etxera joatea erabaki duzue. Unai, logelara sartu zaretenean, Juliok bere txakurrari dei egin eta ohera sartu du. Soto hasi da, "etor zaitez, Lagun/ ikusiko duzu ze mingain azkarra dun» . “Nahiz ta tipo ausarta naizen, Julio, berez/ fantasiak nahi ditut baina hainbeste ez” erantzun dio Mendiburuk. Gainontzeko bertsoetan ere fin asmatu du algortarrak barre algarak eraginez. Puntu erantzun egokien ostean, hamarreko txikiko sinesgarria ondu du Iturriotzekin beste lagun talde batzuekin irteten hasi direnetik koadrilan ezeroso sentitzen diren bi lagunen paperean. “Koadrila diot baina sekta itxura du” bota du lehenengoan. "Bazkarietan zaude ta urduri oso/ behar bada zu ere ez zaude eroso" erantzun dio Iturriotzek. Aitortza Mendiburuk jarraian, “ta batzutan aparte egoteagatik/ gaizki sentitu naiz ta ez dakit zergatik”. Ganbaran asmatu ez izanak ezin dio utzi duen aho zaporea garraztu Algortako gazteari.
Oihana Bartra Arenas izan da Tolosan seigarren 632, 5 punturekin. Aurrez aipatu bezala, zortziko handian ohi duen ausardia erakutsiz hasi da Iturriotzekin. Hamarreko txikian berriz Sotorekin aritu da Tolosan frankistek erre zituzten euskarazko liburuen 90garren urteurreneko oroimen ekitaldiari begira kokatu ditu paperak. “faxistak sua ematen eta gu berriz sutan” amaitu du lehena bilbotarrak. Hirugarrenean gaur egunera begira jarri da, “baina egun sareak dira erretzen dituztenak”.
Saioetako emaitza, sailkapen, argazki eta hurrengo saioen gaineko informazio guztia eskura duzu Euskal Herriko bertsolari txapelketaren atarian. Tolosako bertsoaldi guztiak, bertsolarien balorazioak eta adituen iritziak asteartean izango dituzue eskura. Lehen faseari asteburu bakarra geratzen zaio.