Arabako txapelketa - Finalaurrea 2008-03-10
Manex Agirre Arabako Txapelketako finalean da. Saio egonkorra eta borobila egin zuen aramaioarrak. Agirrek 326’5 puntu lortu zituen. Bigarren, Asier Otamendi gelditu zen, 322’5 punturekin. Hirugarren, Oihane Perea 321’5 punturekin, laugarren Iñaki Viñaspre 312’5ekin, bosgarren Serapio Lopez 306’5 punturekin eta seigarren Felipe Zelaieta 263’5 punturekin.
Datorren igandean, 17:00etan bigarren finalaurrea jokatuko da Aramaion. Bertsolariak: Ruben Sanchez, Andere Arriolabengoa, Zigor Enbeita, Iker Agirre, Juan Mari Juaristi eta Rikardo Gonzalez de Durana. Gaijartzaile lanetan, Lierni Altuna.
Saioaren kronika
Bostetako kanpaiak jo berritan, Ondategiko Zigoitia Aretoa bete bete egin da. Ehun lagun inguru eta txalo zaparrada bertsolariak heldu orduko. Serapio Lopez, Asier Otamendi, Felipe Zelaieta, Oihane Perea, Iñaki Viñaspre eta Manex Agirre.
Bi ordu eta hamaika algara izan dira tartean.Urduritasuna hasieran eta kontzentrazioa saioak aurrera egin ahala. Sei bertsolariak fin aritu dira orokorrean nahiz eta urduritasunak, bertso aleren bat trabestu izan duen. Zortziko handian emakumearen egoeraz, etorkinen joan etorriez eta , nola ez, hauteskunde espainiarretaz kantuan jarri ditu Irati Lotina gai jartzaileak.
Ale politak utzi ditu zortziko txikiak. Gaiak umorez josita, saioak gora egin du. Asier eta Felipe, perretxiko aluzinogenoak janda, mendian eta gauez, kanpindendaren bila dabiltzan bi lagun izan dira. Asier Otamendik GPSa ondo ote dabilkion galdetu dio, eta hona Feliperen erantzuna: begiratzen hasita gauza logikoa/GPSa badaukat baina ilargikoa. Gainontzeko bertsolariek ere barrez lehertzen jarri dute ikusentzulea. Aita izateko puntuan dauden bi gizonezko elkarri kontuka jarri dira. Orduan, kirioak dantzan dituztela, emazteei lagundu nahi eta lagundu nahi ez izanaren kinkan agertu dira Iñaki Viñaspre eta Oihane Perea. Oihane: larrutan egin gabe egon naiz luzaro/ta orain amaitu egin da oso argi dago. Iñaki: zu lasai sartu zaitez ta goiari eutsi/ bere aita ez dezala lurrean ikusi.
Hamarreko txikiak bukatu orduko arratsaldeko seiak dira. Kartzelarako ordua heldu da. Puntuari erantzunetan Serapio Lopezek egin du harrera: Lehenbizi pentsatu ta egin ondoren /gauzak beti pentsatu ahal denik ondoen/ horixe bera ondo pentsatu banuen/igual momentu hontan ez nengoke hemen. Bi bertsotarako neurri eta doinu librean kantatzeko gaia, aldiz, honakoa izan da: Asko pentsatu ondoren atea zeharkatzea erabaki duzu; hankaz gora dago dena.
Bakarkako lanean hamaika jomuga izan dituzte sei arabarrek. Serapio gizon dibortziatu berriaren rolean murgildu da; Asierrek etorkinen familiaren ofizioko gaiari heldu dio berriz: Senegalera gaur itzuli naiz hala tokatzen zen berez/ gauza onikan ez nun espero baina horrelakorik ez. Oihanek, ordea, oporretara joan eta itzuleran horrela topatu du etxea: ...lehen entzun ditut hainbat aitzaki gizonaren mila truko/ mala oxtia itzela daukat atea itxi ta punto!/ hurrengo baten jakin dezala ez naizela bueltatuko. Bere hordagoa alde batera utzita, Viñaspreri semea atxilotu diotela kantatu du kartzelakoan. Ale hunkigarria eta txaloak.
Manex Agirre izan da ordea, epaileen erabakiz, finalera zuzenean sailkatzea merezi izan duena. Saio egonkorra eta borobila bete du aramaioarrak, freskotasuna eta zuzentasuna nabarmen geratu direlarik, 326’5 punturekin. Asier Otamendik egin du bigarren 322’5 punturekin, Oihane Pereak 321’5, Iñaki Viñasprek 312’5, Serapio Lopezek 306’5 eta Felipe Zelaietak 263’5 puntu.
Honenbestez, datorren igandeko finalerdian nor sailkatu zain geratu beharko dute gainontzeko bertsolariek. Finalerdia aramaioko kultur etxean izango da, arratsaldeko 17:00etan. Bertsolariak: Ruben Sanchez, Andere Arriolabengoa, Zigor Enbeita, Iker Agirre, Juan Mari Juaristi eta Rikardo Gonzalez de Durana. Gaijartzaile lanetan, Lierni Altuna.
Apirilaren 5ean izango da finala, Gasteizko Printzipal Antzokian. Arratsaldeko 17:00etan jokatuko da arabako txapela. Bitartean, sentitu, gozatu eta astindu!
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24