Zutabea 2026-11-27

"Bertso eskolaz bertso eskola ibiltzea tokatu zait"

"Bertso eskolaz bertso eskola ibiltzea tokatu zait"

Kattin Madariaga Apaolaza

Nire bertsolari bidea nola egin dudan kontatzeko eskatu didate, galdera sinplez mozorrotuta. Bertsolari bidea nola egin dudan kontatzeko akaso lehenik nire burua bertsolaritzat eduki behar nuke, baina, eta behar lukeena baino gehiago kostatzen zait nire burua etiketatzea.

Gazte hasi nintzen bertsotan ni, gazteegi, akaso. Familiakoen ilusio inposatuak bete nahian joan nintzen lehenengoz bertso eskolara sei urte bertzerik ez nituenean, eta berehala maitemindu ninduen solasaren jostetak. Hitz bat bertzearekin lotzea errima batera iritsi arte jolas bat bertzerik ez zitzaidan iruditzen, eta poz-pozik ateratzen nintzen bertso eskolatik.

Baina, erran bezala, gazteegi hasi hasi nintzen ni bertso eskolan, nire sei urteko lagunei gustatzen zitzaizkien jostetak hagitz bertzelakoak baitziren, baina nik ez dut inoiz gozatu patioan futbolean. Horregatik, bertso eskolaz bertso eskola ibiltzea tokatu zait. Hamaika urte nituelarik Berara joaten hasi nintzen, baina, han kantatzeko gogo gehiegirik ez zegoenez, hara jostetan ibiltzera joaten segitu dut joan den urtera arte, eta entrenatzera Lesakara joaten hasi nintzen orain dela bortz urte.

Hagitz gustora joan izan naiz Lesakara, eta oraindik ere hala joaten segitzen dut, baina hango nire bertsokideak urte batzuk ateratzen dizkidate, eta gizonak dira gehienak. Ez diot gustora ez nagoenik, ikaragarri pozik nago nire bertso eskolarekin, baina aunitzetan sentitu dut nik egin nahi dudan bertsolaritzatik apur bat urrun litekeela, nire burua neska gazte bezala ulertuta.

Aipatu behar dut, baina, nire eskualdean badela bertsolaritza feministarik ere, ikaragarri miresten ditudan emakumez osatua: Estitxu Arozena, Ekhiñe Zapiain, Maddi Ane Txoperena, Amaia Elizagoien, Alazne Untxalo, Malen Altzuart, Maialen Belarra… Txikia nintzenetik ikaragarri zaindu nautela sentitzen dut, eta uste dut neska bezala bertsolaritza ulertzeko dudan modua heiek erakutsi didatela.

Gainera, Bertso Udalekuek ere paper handi bat bete dute nire bertso ibilbidean, gaur egun lehiakide baino lagun ditudan aunitz bertan ezagutu baititut, eta oholtza eta lehia modu osasuntsu batean irakurtzen lagundu didate. Lagun horietako bati pasako diot puntua, June Astegietari.

Horra nire puntua, June: Nik zu udalekuetan ezagutu zintudan, eta, elkarren kontra kantatzea tokatu bazaigu ere, gehiagotan bizi izan dugu bertsoa lagun bezala, izan saioak komentatzen edo batera kantatu dugunetan elkarri ahopeka animoak ematen. Beraz, honakoa da galdera: zer garrantzi du lagunarteak bertsotan?

Albiste gehiago

EHBT26 2026-11-21

Mendiluze, bide zuzenetik zazpigarren finalera bidean jarri da

Igotz Alkorta Irastortza

EHBT26 2026-11-20

Hiru tontor, finaleko gailurra baino lehen

Igotz Alkorta Irastortza