EHBT26 2026-11-28

Nerea Ibarzabal, Gasteiztik Iruñera jauzi egin duen kattagorria

Nerea Ibarzabal, Gasteiztik Iruñera jauzi egin duen kattagorria
Nerea Ibarzabal Salegi matematikoki finalista da Gasteizko saioa irabazi ostean 760,5 puntu lortuta. Kattagorri baten paperetik egin du hasierako agurra negurako ezkurrak gordetzen eta zera esan du: “baina ez da gorde ta gorde, halako era xurretan, jasotzekotan ezin da egon emateko beldurretan”. Eta eman du bai gaur ere, eman duenez. Ibarzabalekin batera Sustrai Colina Akordarementeria eta Beñat Gaztelmendi Arandia ere Iruñera begira jarri dira Gasteizko saioa ederrean.

Igotz Alkorta Irastortza

Nerea Ibarzabal Salegi ez da duela lau urtekoa, bi saio irabazita eta erakustaldi ederrak emanda iritsiko da Iruñeko finalera. 10ko txikian nutrizionisten paperean arrazoi sendoz hasi du saioa Aitor Bizkarra Ruizekin, eta zortziko handian koska bat egin du gora Ane Labaka Maiozekin. Honela zioen gaiak. Gasteizen alboan zaudeten bi eraikin zarete. Ane, martxoaren 3ko sarraskia gertatu zen eliza, Nerea ondoan dagoen ikastetxea. “Zuganaino joaten dira hainbat haur, hainbat nerabe/ ia goizero nire barruan zer pasa zen jakin gabe” hasi da Labaka, Ibarzabalek erantzun “historiako klaseetan haurrak estutzen dira gogotik/ halakoetan esan nahi diet begiratzeko leihotik”. Markinarraren bigarren bertsoa ere azpimarratzekoa, “halere gure ikasleengan nik badaukat esperantza/ klasetik irten ta joan ziren zuzenean grebarantza/ ta polizia han agertu zen, nahiz ta kanbiatu antza/ hemen sekula ez da aldatu haien tiroen norantza”. Zortziko txikian plaza barrez jarri dute Ibarzabalek eta Beñat Gaztelumendi Arandiak. Ibarzabal izebaren Gasteizeko etxera joan da bizitzera Gaztelumendi iloba, unibertsitate ikasketak egin bitartean, eta astero lagun berri bat ekartzen du lotara. “Izenak ikasteko neure arabera/ behintzat ekarri zazu beti lagun bera” hasi da Ibarzabal, Gaztelumendiren erantzuna “lehenik Ane ta Leire, gero Emilia/ ugaritzen ari naiz gure familia”.  Ibarzabalen azkenak ere irria eragin du Gaztelumendik ekarri duen lagunarekin izandako elkarrizketa bertsora ekarriz: “zuk zer ikasten duzu galdetu dit irriz/ hau ondo erortzen zait ekar zazu berriz”. Baleko puntu erantzunen ostean ganbarako dotore batekin eman du finalerako pausua eta Nafarroa Arenan orain arteko mailari eusten badio errimak ondo zorroztuta ekarri beharko dituzte gainontzeko finalistek markinarrari aurre hartzeko.

Sustrai Colina Akordarementerik bi edo hiru saio bizi izan ditu saio berean. Sendo hasi da lehen hiru ofiziotan. 10eko txikian Ane Labakarekin eta zortziko handian Maddi Ane Txoperenarekin egindako lanak horren adibide, txikian berriz, barrez jarri du Mendizorrotza. Hauteskunde mahaian egokitu eta azaldu ez denaren paperean kantatu du Colinak, haren bila etxera joan da Bizkarra. “Ez zaitez apuratu segi tenple lasaiz/ nire fronte zabala orrazten ari naiz” amaitu du lehena. Azkenean alderdien erreferentziak bertso osora ekarri ditu: “lehenik fronte zabala orraztu dut garaiz/ta lagunekin bildu irribarre alaiz/gero Pepe agurtu, agurtzen bainau maiz/ igual lau urte barru ailegatuko naiz”. Puntu erantzunetan ere sendo hasi da baina bigarren bertsoan potoa egin du denbora hitzarekin. Potoaz jabetuta, ganbaran egin beharra zeukan, eta baita egin ere. Honela zioen gaiak: Benetakoa ez den irribarrez erantzun duzu. Bikote harreman baten haustura irudikatu du. Bigarrenaren amaiera entzulegoarena iritsi den lan baten adibide: “dagoeneko ez badiogu irribarreari eusten/alfer alferrik ez al naiz ari gurpil zulatu bat puzten/ nahiz bikote bat ispilu bat den/ ta elkar islatzen saiatzen garen/ zerbaitek ez digu uzten/ elkarren minak ikusten". 735 punturekin bigarren, saioko sufrimendua isladatu da emaitza entzundakoan egin duen poz keinuan. Ezuste handirik ezean finalean izango da Colina, zazpigarren finala izango du.

Gaztelumendiren lana  eta Labakaren esentzia

Beñat Gaztelumendi Arandia hirugarren izan da 734 punturekin eta finalean izango da añorgarra ere, sekulako ezusterik ez bada. Akaso Lekunberrin izan zuen distira gabe baina ariketa guztiak borrokatuz sumatu dugu. Hamarreko txikian Maddi Ane Txoperenarekin elkarrizketa sinesgarria ondu ostean, zortziko handian bi haurdunaldi test izan dira Aitor Bizkarra Ruiz eta Gaztelumendi. Bizkarra positibo irten den testa eta Gatelumendi negatibo, eta biei tristuraz begiratu diete. “Gure jabeen tristurak aizu noa diren korapila/ zurea dabil haur nahian ta nirea errudun bila” amaitu du lehena Bizkarrak, Gaztelumendiren bigarren bertsoa azpimarratzekoa. “Baina oheak hori izaten du sarri bere esentzia/ hementxe nago gernuak eta malko batek irentsia/ nahiz eta medikuek esaten duten pazientzia pazientzia/ sarri ulertu ezina dugu gorputzaren zientzia”.  Ofizioetako saio ederrean ondoren esango genuke puntu erantzunetan behera egin duela Gasteizko saioak, baina akaso, Gaztelumendirenak izan dira onentsuenak. Ganbaran berriz, mutil koadrila baten barnean sartu da, txiste matxistak entzuten gogaituta dagoen mutil baten paperean. Iribarre faltsua egiteaz aspertuta, honela amaitu du: “nahiz eta mutil koadrilek fosil zaharrak diruditen/ nolabait hasi behar da eta elkarri eragiten/ kolpetik hala esan diet hala zaidalako irten/ jadanik ez diatela bate grazirik egiten.”

Ane Labaka Maiozekin haren bertsokeraren esentzia utzi du Gasteizen eta 714,5 punturekin laugarren izan da. Hamarreko txikian, etxean lapurtu dieten bikote baten paperean aritu dira Colina eta Labakak, lapurtu ostean lehen gaua dute etxean. “Zergatik iruditzen zait Ane maitea/ lapurtu digutela intimitatea” esan dio Colinak. Labakak erantzun “joan zait lasaitasuna, joan zait logurea/ gure etxea jada ez da hain gurea”.  Zortziko handian aipatu dugu Ibarzabalekin egin duen lana, txikian berriz Maddi Ane Txoperena Iribarrenekin 40 urteko bi lagunen paperetik aritu dira, urtemuga ospatzeko Mexikora joan nahi du Labakak, afari batekin nahikoa dela uste du Txoperenak. Labakaren lehenaren amaiera: “Proposatu ez dit ba kontra atakean/ afaritxo kutre bat mexikar batean”. Txoperenak erantzun: “Nik gazte segitzea baitaukat erronka/ gaztetan ez al geunden turismoan kontra”. 

Bizkarrak eta Txoperenak ere eman dute beretik

Aitor Bizkarra Ruiz 714 punturekin bostgarren izan da, baina sailkapenak sailkapen, ziurrenik gaurkoa izan da Txapelketako abadinarraren saio onena. 10eko txikian nutrizionista paperean hasi dira Bizkarra eta Ibarzabal, euren bezeroek azkar argaltzeko duten nahiarekin kezkatuta. “Kontsultatik nahi dute iharrik atera/ osasuna beti da bigarren platera” hasi da Ibarzabal. Bizkarraren azken bertsoak honela itxi du ofizioa: “argudioa behar genuke biratu/ nik aginduko diet oso delikatu/ autoestima behar dela elikatu”. Zortziko handian haurdunaldi testaren paperean eta txikian Colinarekin egindakoak aipatu ditugu jada, eta puntu erantzun egoki batzuen ostean ganbaran haren bertsokera onenetik gertu ibili da ostera. Poto egin du ordea, erakutsi hitzarekin. Potoak poto, bertsoaldi ederra izan daitekeenaren adibide da Bizkarraren lana.  Lehen aldiz aita izan berri den gizon baten paperetik aritu da eta azken bertsoan haurrari berari hitz egin dio: “ta ez nirekin ez zaik tokatu zorte onaren hirusta/ barre egin duk, ez barre faltsu ta ni hasten ba puzka/ ta ama falta ta hi negarrez egiten nauk bi puska/ oi loa loa txutxurun berde oi loa loa masusta/ arren egin lo kuluxka”.

Maddi Ane Txoperenak lehen parte hartzean lortu du finalaurrekoen bigarren itzulira sailkatzea eta gaur seigarren egin izanak ezin du hori estali, 702,5 puntuk erakusten duten bezala gauza ederrak egin baititu Gasteizen. Zortziko handian esaterako, trans pertsona baten bi objektu izan dira Txoperena eta Colina, bizarra mozteko makina Txoperena eta ezpainetako Colina. “Ezpainetako inbidi pixkat dizut nik oraintxe berez/ niri amorruz begiraten dit zuri ordea plazerez”. Colinaren erantzuna ere azpimarratzekoa:  “zuk beltzetik atera eta nik lerratzen dut gorrira baina problema ez gara biok, besteen begiak dira”. Zortziko txikian aipatu dugu Labakarekin eta puntu erantzunetan sendo egin du herri txikien defentsa. Ganbarakoan azkenik, neska koadrila baten barnean sartu da, lagun guztiak umeak izaten ari direla ikusten duen neskaren paperean sinesgarri.

Saio bat besterik ez da geratzen Iruñeko finalaren aurretik. Saioetako emaitza, sailkapen, argazki eta hurrengo saioen gaineko informazio guztia eskura duzu Euskal Herriko bertsolari txapelketaren atarian. Gasteizko bertsoaldi guztiak eta bertsolarien oholtza azpiko balorazioak bihar, igandez, izango dituzue eskura.

Albiste gehiago

Zutabea 2026-11-27

"Bertso eskolaz bertso eskola ibiltzea tokatu zait"

Kattin Madariaga Apaolaza