Maialen Hiribarren - Xilabako txapel emailea 2026-01-20

«Bertso eskolak sortzea izan da euskararentzat altxorrik preziatuena»

Bertso eskolak Seaskako ikastoletan hedatzen egindako lanagatik eta inurri lanean aritu direnen ordezkari gisa omenduko du Bertsularien Lagunak Elkarteak.

Jexux Mari Irazu

Maialen Hiribarrenek jantziko dio txapela Xilabako txapeldun berriari. Bertso eskoletatik sortutako bertsolari batek jantziko du txapel hori eta Maialen Hiribarren izan zen 90. hamarkadaren hondarrean Seaskako ikastoletan bertso eskolak hedatzen parte hartu zuen eragileetako bat. Bertsularien Lagunak Elkarteak eskertu bere ekarpena eta Hiribarrenek ohoretzat hartu du gonbidapena.

Bertso eskolek Ipar Euskal Herrian euskarari egin dioten ekarpena azpimarratu du eta aurtengo Xilaban entzuleen artean ere izan den gazte jendea nabarmendu du.