EHBT26 2026-11-14

Julio Sotok iparorratza aurkitu du Miarritzen

Julio Sotok iparorratza aurkitu du Miarritzen
Julio Soto Ezkurdiak batu ditu puntu gehien Miarritzeko Jai-Alai pilotalekuan, 733,5 punturekin lehen finalerako urrats sendoa emanez. Azken agurrean esan duenez, “bihotzez miresten dut nik hegotik iparra” eta esan liteke urteetan bila aritu ostean Miarritzen aurkitu duela Sotok finalerako iparorratza. Miarritzeko saioko seitik hiruk egin dute bigarren itzulirako jauzia.

Igotz Alkorta Irastortza

Julio Soto Ezkurdia ibilbide luzeko bertsolaria da eta, oraingoan bai,  Euskal Herriko lehen finala inoiz baino gertuago du.  Miarritzen inon erori ez eta hiru ariketetan jo du bereziki goia, zortziko txikian, puntutan eta bakarka. Zortziko txikian, ehiztarien paperean jarri ditu gaiak Soto eta Sustrai Colina Akordarementeria. Colinak airean zerbait sumatu eta drone bat eraitsi du. “Ez nuke esango gustu eskasa daukanik/ ta gainera ez dauka lumatzeko lanik” Colinaren lehen bertsoaren amaiera, Sotok erantzuna: “Lumak kentzea nola ez duzun gustoko/ birigarroa jo nahi ta egin duzu poto/ drone handi honekin egin dugu topo/ txikiagoa balitz ez zenuke joko”. Oso plazako bertsokeran aritu dira biak eta bertsokera hori nabarmendu dute Sotok eta Andoni Rekondo Izagirrek puntutan ere. Bakarka berriz, gai hau egokitu zaio gorritiarrari. Gaur zure alaba txikia ikusi duzu sukaldean janaria eskolako motxilan sartzen. Bere ikaskide batentzat omen da, atsedenaldian jateko ezer ekartzen ez duelako. Lehen bertsoaren bigarren erdia hau: “aita Omarrentzat da hau, ez da niretzat sinetsi/ hark ez baitu jatekorik hark dauzka bi ezpain hertsi/ ta sentitu dut irripar bat aterata ihesi/ gure alaba txikia ez dugula gaizki hezi”. Hirugarrenean borobildu du ariketa: “Gure alabaren gelan baldin bada hainbat aho/ gaur okindegira jaitsi eta zabalik badago/ erosi behar dudala ogi pixka bat gehiago”. Hamarreko txikiko sinesgarri batekin itxi du lana Sotok, 733,5 punturekin Nafarroa Arenarako lehen urrats sendoa eman du. Astebete barru, Donostian eman dezake bigarrena.

Colinaren potoa

Sustrai Colina Akordarementeriak Sotorengatik gertu beharko zukeen, bakarka egin duen potoagatik ez balitz. 713 puntu eskuratu ditu, hain zuzen poto egin zuen beste finalistak, Aitor Mendiluzek bezala. Sendo hasi da urruñarra, zortziko handian surflari beteranoen paperean aritu dira Colina eta Oier Etxeberria Zubimendi, itsaso gero eta masifikatuagoari begira. Txapelketan Colinaren lehen bertsoa markoan jartzekoa: “Nahiz itsasoak beti ordezkatu nahi lukeen askatasuna/askatasuna noiznahi bihurtu liteke askotasuna/ dagoeneko surfa moda da, jasaterik ez duguna/ ta turismoa olatu bat da gainetik pasa zaiguna”. Zortziko txikikoa aipatu dugu Sotorekin, puntuka berriz erorikorik gabe baina akaso gehiago asmatu gabe aritu da Maddalen Arzallusekin. Bakarka berriz, ariketa ondo josi duen arren poto egin du aukera errimarekin. Potoak poto, hamarreko txikiko eder batekin itxi du gaurko lana Andoni Rekondo Izagirrerekin. Sindikalista beteranoa zen Sustrai, bulegora afiliatzera azaldu den gaztea Rekondo. “Horren arraroa den egiten dut duda/ ezin baituzu gorde zure harridura” esan dio Rekondok. Colinak erantzun “gazteak ikusita harritzen gara gu/ gorputz zahar honek odol gaztea behar du”. Gasteizen ariko da bigarren itzulian. Zazpigarren finalera sailkatu nahi badu borroka egin beharra dauka Colinak.

Maddi Ane Txoperena ere bigarren itzulian izango da. Erregular aritu da hendaiarra. Zortziko handian errugbilarien paperean jarri ditu gaiak Txoperena eta Andoni Rekondo Izagirre. 16 urterekin proteina gehigarriak eta kreatina hartzeko eskatu die klubak. “Proteina hitza entzun orduko sabelean daukat mina/ zeren segida etorri zaizkit tranpa eta dopina” hasi da Txoperena. Rekondok erantzun “kreatinari tira diote besoak jartzeko gizen/ gure jokoa hobetzen badu etzait gaizki iruditzen”. Azken bertsoan errematea hendaiarrak:  “Nik nahiago dut talde utzi kaka hori hartu baino/ gutako gutxi helduko dira eta Top hamalauraino”. Zortziko txikian erabat umorera jo gabe aritu da Maddalen Arzallusekin gastuak aurrezteko berogailua ez jartzea erabaki duten pisukideen paperean sinesgarri,  eta puntuka ezkontza batean zerbitzari erreferentziak ekartzen asmatu du. Barkarkako egoki baten ostean hamarreko txikiak ostera lekuan Miarritzen kokatu du Txoperena, Sotorekin. Honela zion gaiak:  Julio eta Maddi Ane, Ipar Euskal Herriko bi lagun zarete. Euskal film gehienak Hegoaldean estreinatu eta handik hilabete batzuetara ekartzen dituzte Iparraldeko zinema aretoetara. Zu, Julio, Hegoaldera joaten zara filmak ikustera; Maddi Anek itxaron egiten du Iparraldera iritsi arte. Sotoren bigarren bertsoaren amaiera: “Iparrean lehenago jartzeko nik uste/Bizkarsoro gehiago behar genituzke”. Txoperenaren erantzuna: “baina mugimendu bat berpizten ari da/ kultura politikei emanez segida/ hemengo aretoak sustatu behar dira”. 682 puntu lortuta Gasteizen kantatuko du ostera Txapelketan Txoperenak.

 

Berdinduta Etxeberria eta Arzallus

772,5 puntutara berdin sailkatu dira Oier Etxeberria Zubimendi eta Maddalen Arzallus Antia. Epaile gehiagok aurretik zutenez Etxeberria laugarren. Zortziko handian surflarien paperean erreferentziak ekartzen egoki aritu da azpeitiarra, txikian ordea gehiago kosta zaio Andoni Rekondorekin egin duen ofizioan. Puntuka ordea, tarteka plaza piztea lortu du Txoperenarekin. Ezkontza batean zerbitzari jarri ditu gaiak. Txoperenak “Ezkongaiak dira Maddi Ane ta Oier” Etxeberriak “horiek osatua zer bikote eder”. Puntukakoaz gain, Arzallusekin hamarreko txikian egin duen lana ere azpimarratzekoa izan da, berez zailagoa zirudien posizio batetik. Honela zion gaiak: Maddalen eta Oier, bikotea zarete. Berriki guraso izan zarete. Maddalen, haurra sortu zenetik, Oierrek egun osoa pasatzen du haurrari argazkiak ateratzen eta senitartekoei eta lagunei bidaltzen. Zu ez zara horrekin eroso sentitzen. Arzallus: “etzazula berriro gaur kamera hartu/ atzotik gaurrera ez da hainbeste aldatu”.  Etxeberriak erantzun: “argazkiak Tik Token badauka kabida/ Verdelistarrak hola aberastu dira”. Bigarren itzuliaren ateetan geratu da azpeitiarra Euskal Herriko Txapelketan egin duen  lehen parte hartzean.

Maddalen Arzallus Antiak ere erakutsi ditu bere bertsokeraren printzak Miarritzen. Canon Français eskuin muturreko enpresa faxistak Miarritzen egitekoa duen bankete erraldoi bat nola oztopatu pentsartzen jarri ditu gaiak Arzallus eta Soto.  Arzallusen lehenaren amaiera: “Alde hemendik kanon frantsesa eskuineko politika/ haien euskara souvenir bat da, lauburua esbastika.” Hirugarrenean honela borobildu du: “interpelatu beharko dugu Serge Blanco alkatea, berak zabaldu dituelako bihotza eta atea”. Zortziko txikian Maddi Ane Txoperenarekin aritu da, umore aukera utzi arren sakontasuna zuen gaiarekin: Maddi Ane eta Maddalen, pisukideak zarete. Etxean gastuak murrizteko asmoz, berogailua ez piztea adostu zenuten. Maddi Ane, egongelara sartu zara, eta Maddalen ikusi duzu beroki lodia jantzita eta mantarekin bilduta telebistaren aitzinean. Txoperena hasi da: “antartikoa ez da jada hain urruna/ ta ikus dezaket zure hitzen urruma/ ahotik ateratzen zaizula lurruna”. Arzallusek erantzun “ba mantape hontara sartu zaite zuzen/pinguinoak bezala berotu gaitezen”. Puntuka gehiegi asmatu gabe jardun ostean bakarkako sinesgarria ondu du eta aurrez aipatu bezala Etxeberriarekin egindako hamarreko txiki ederrarekin esan dio agur Txapelketari hendaiarrak.

Etxeberriarentzat bezala, lehen Euskal Herriko bertsolari Txapelketa izan da Andoni Rekondo Izagirrentzat. 660 puntu batuta seigarren izan da Miarritzen. Aurrez aipatu bezala, ondo hasi da errugibilariaren paperean Txoperenarekin, eta bereziki goia puntuka jo du Sotorekin. Honela zion gaiak: Andoni eta Julio, lagunak zarete. Bertze lagun baten bi urteko umea zaintzera engaiatu zarete gau honetan. Oraintxe atera da etxetik zuen laguna. Umeari begira zaudete. Jendea barrez jartzen asmatu dute biek, bi momentu adibiderako. Soto “zuk zenion umeak zenitula maite”, Rekondo “baina gertutik beldurra ematen didate”. Soto “kakaz dauzka ya pañalaren ertzak,” Rekondo “bai ikusi dizkiot izter erdi beltzak”. Bakarka poto egin du eroso sumatu ez zaion ariketan baina egoerari buelta eman eta hamarreko txikiko ederrarekin itxi du saioa Colinarekin, aurrez aipatu moduan.

Miarritzek itxi du finalaurrekoen lehen itzulia. Hiru hiriburu geratzen dira Iruñeko finalaren aurretik. Saioetako emaitza, sailkapen, argazki eta hurrengo saioen gaineko informazio guztia eskura duzu Euskal Herriko bertsolari txapelketaren atarian. Miarritzeko bertsoaldi guztiak, bertsolarien balorazioak eta adituen iritziak astelehenean izango dituzue eskura.