AHT-ri jarritako bertsoekin 2026-06-23

Unai Mendizabalek irabazi du Txirristaka bertsopaper saria

Unai Mendizabalek irabazi du Txirristaka bertsopaper saria

Unai Mendizabal Jauregi zizurkildarrak irabazi du Txirristaka Bertsopaper Lehiaketako sari nagusia, Abiadura handiko txikizioa lanarekin. AHTren obrek eragindako txikizioari eskainitako sorta da. Unai Mendizabalek baserri atarian ezagutu du AHTko obren eta azpiegituren eragina eta hori dakar bertsotara. Sari Nagusiari zegokion 1.000 euroko diru-saria eskuratu du Mendizabalek.



Bigarren saria Ekaitz Goikoetxeak eskuratu du Orain badakizu sortarekin. Umetan sexu erasoak jasan zituen emakume baten larrutik jarritako bertsoak dira. Beasaindarrak 500 euroko saria eskuratu du.

Gaztetxoen atalean, Nora Garate Larrañaga elgoibartarraren Palindromo maitea izenburua duen bertso-sorta apartatu du epaimahaiak. Bigarren saria Hiart Larrañaga Gonzalez mendaroarrarentzat izan da, Gerra izenburudun sortagatik.

Txirristaka Bertsopaper lehiaketa Mendaroko In Leike Elkarteak antolatzen du, Udalaren laguntzarekin. Guztira, 112 lan jaso dituzte. Horietatik 12 helduen kategorian eta gainerakoak gazte eta gaztetxoen mailan. Epaimahai lanetan, Amaia Agirre, Mikel Arrillaga eta Irune Basagoiti aritu dira. Ostiralean egin zen Mendaron saribanaketa ekitaldia. (Argazkiak: Barrena)

Abiadura handiko txikizioa
Doinua: Lagundurikan danoi -

Haize errotarik ez!-
oihal zabalduak,
autobide azpian
mendi zapalduak,
laborantzako lurrak
turistei salduak…
hormigoia bezala
daude ugalduak
Lur Amaren aldeko
borroka galduak.

Bat ahaztu xamarra
dago aspaldian
nik oso presente dut
gehiegi agian.
Nola estaka naranja
batzuk belardian
jarri zituzten eta
arian arian
tren bat egin ziguten
etxe atarian.

Lehen zebiltzan soroan
maiz idi pareak
atzetik zituztela
golde ta areak
hazirik gabe erne
dira landareak
sustrai ta altueran
berdinik gabeak
hormigoi armatuzko
zazpi zutabeak.

Etengabean batzuk
sartu bestek irten
kasko zurienpean
udan irakiten
neguan katiuskei
lokatzik ezin ken
erreginarentzako
kabia egiten
urrutitik txingurri
sail bat ziruditen. 

Leherketaz leherketa
kare haitza hausten
mendiari bereak
eta bi erauzten.
Gerorantza begira
mila aurreikuspen
nahiz tunelak aspaldi
bukatu zituzten
beste aldean ez da
argirik ikusten.

Zementuzko sapaia
zementuzko zola
zenbat gal genezaken
ez dio axola.
Tuneletik zorrota
ura dariola
uda ta negu dator
etengabe, nola
puñalez egindako
zauritik odola.

Zubitzarrak geroztik
eguzki irteeran
itzal bat zabaltzen du
jentil baten eran
edozer zapalduaz
bere ibileran.
Ez dakit kezkatzeko
zerbait ez ote dan
hontara ere zeinen
erraz ohitu geran.

Gure baserri zahar
honen atariko
sagarrondo azpitik
so natzaio tinko
doinu bat eten
gabe dabil nerekiko
“Bejondeigula guri”
sarkor ironiko
“Oi Lur, Oi Lur” kantari
ari da Benito. 

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu