EHBT26 2026-11-07

Mendiluze nagusi Gernikako sprint-ean

Mendiluze nagusi Gernikako sprint-ean
Aitor Mendiluze Gonzalezek irabazi du Gernikako Jai Alai ederrean jokatu den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa. Baina helmugara tropelean iritsi dira, 713 puntu eskuratu ditu Mendiluzek baina lehenetik azkenera 26 puntu besterik ez dira izan.

Igotz Alkorta Irastortza


Xalbadorri aipamena eginez hasi du saioa Aitor Mendiluze Gonzalezek, haren 50 urteetako isiltasunari hitz berriak jartzera datorrela iradokiz. Eta oso sendo hasi da, Ane Labaka Maiozekin zortziko handian. Alokairuan bizi diren bikotearen paperean kantatu dute, bankuaren jabetzakoa zen pisua eta putre funts bati saldu dio. “Negozio bat bakarrik dela inork ez dezala uste/ etxea eman egin diete saldu gu egin gaituzte” amaitu du lehenengoa. Zortziko txikian ere egoki jardun du eta ostera goia jo du puntukakoan Joanes Illarregi Marzolekin. Honela zioen gaiak: bikotekidea bilatzeko zita azkarren topagune batean izena eman duzue, bakoitzak bere aldetik. Mahai berean elkar ezagutu berri duzue, eta 10 minutu dituzue elkarrekin hitz egiteko, mahaiz aldatu aurretik. Mendiluzek “ez al didazu baina lorerik tirako”, Illarregik erantzun “zuk nahi zenuen ba esatea guapo”. Horrelakoak kateatuz irria eragin dute entzuleengan. Baina bertsolaritza ez da matematika eta gaur Mendiluzek poto egin du. Bakarkakoan maisu izan ohi da andoaindarra baina lehen bertsoan izu hitzarekin poto egin eta ariketa bera ere ez du ohi duen eran bete. Dena den, hamarreko txikian eman dio akatsari buelta zailena zirudien paperetik gainera. 713 punturekin finalera sartzeko bigarren saio on bat egin beharrean da.

Zazpiehundik gora

Bigarren postuan, Aner Peritz Manterola 707 punturekin, puntutan Joanes Illarregi Marzolekin berdinduta. Biak izan dira gaur, agian, erregularrenak. Peritzek ariketa guztietan eman du beretik. Zortziko handian elkarrizketa sinesgarria ondu du Bizkarrarekin, zortziko txikian berriz jendeari algararik handienak sortu dizkio Joanes Illarregi biloba sare sozialetan jarraitu nahi duen amamaren paperean. Bigarren bertsoaren amaiera hau: “lotsa ematen dizugu zaharrok jakina/ziurrenik gazteek zaharroi adina”. Illarregiren erantzuna “sarerako ez dakit zer gogo daukazun/beste amamek bezala irratia entzun”. Ta Peritzek sententzia: “atera selfie bat ta gorde memorian/ ta mentziona nazazu zure story-an”. Bakarka harrera familia bat irudikatu du lan sinesgarri eta ederrean, haurrari hizketan honela amaitu du: “pasako dira egunak/ eta egin ahal jardunak/ ahaleginduko gara izaten zuk behar bezain bigunak/ ta familia gehitxo bazaizu izango gara lagunak”.

Joanes Illarregi Marzolen lanaren zati bat jada aipatu dugu. Zortziko handian eta Gernikan, Gernikako bonbardaketa klasean landu duten bi ikasleren paperean aritu dira Illarregi eta Agin Laburu Rezola. Laburu: “baino begira Europa zaharra faxistak indarra lortzen/nondik gatozen ikas dezagun ez dakit nora goazen”. Illarregiren amaiera: “gertatu zena jarri behar da gaur egunez berdin berdin/ behin egin zuten bina berriro berdina pasa ez dadin”. Bakarkako gai hau egokitu zaio leitzarrari: laneko arriskuen prebentzio teknikaria zara. Enpresa batean arriskuen ebaluazioa egin duzu. Beste behin, arazo larriak aurkitu dituzu. Ariketa sinesgarria ondu du, hau lehenaren amaiera: “gaur ere lana egin du azterketa hortan bego/ eta alderdi askotan dute hamarretik zero/ inoiz ezer gertatzerik inork ez baitu espero/nirekin oroitzen dira zerbait pasa eta gero”. Ostera finala lehiatzeko moduan izan liteke bigarren itzulian.

Ane Labaka Maioz 703,5 punturekin ere hasierako tropelean sartu da. Zortziko handian Mendiluzerekin ondo hasi da lasartearra, putre funtsek euren bizitoki den etxea bankuari erosi ostean lehen bertsoaren amaiera hau: “beste mila aldiz pasa da, hau da bankuen kondukta/ noiz arte izan gaitezke Aitor gure etxean okupa”. Puntuka ere lan ona josi du festa baten ondorengo pisu bat irudikatuz baina ariketa horretan Aitor Bizkarra Ruizek egindako potoak ez du lagundu borobiltzen. Bakarkako gaia hau zuen: EHUn ikasten duen Ipar Euskal Herriko ikasle bat zara. Gaur ere zure klasekideek iradoki dizute frantsesa zarela. Hiru bertsoak jantzi ditu arrazoiez, lehenaren bigarren zatia hau: “Izpurako txoko baten sortu nintzen ni behinola/ ta Bilbora ikasten ez nentorren ezaxola/ hala esan dit kideak eta galdu det kontrola/ Xalbador berharagituz mintzartu zait odola/ta hala erantzun diot irri egiten niola/ bada ni frantsesa banaiz, zu orduan espainola”.

Bizkarra eta Laburu

Aitor Bizkarra Ruizek saio gora beheratsuagoa izan du. Zortzikoa handian eta txikian egoki jardun du, akaso goia jo ez badu ere. Puntuka poto egin ostean, bakarka eta hamarreko txikian egin ditu ariketa onenak. Honela zion Bizkarrari egokitu zaion bakarkako gaiak: zesta-puntako pilotari ohia zara. Duela urte asko joan zinen Estatu Batuetara jokatzera eta han bizi izan zara azken hamarkadetan. Gernikara bueltatu zara aurten. Lehenaren amaiera: “nik zesta punta nuen maiteen/ ta hemen balitz nik ez nukeen/ Ameriketara txango/ egin beharrik izango”. Honela amaitu du bakarkakoa: “halare hau dut oso gustoko/baina inor ez da aberastuko/ ez pelotan ez fabrikan/ ez hemen ez Amerikan”. 10eko txikian haurrari mugikorrean GPS-a jartzea nahi duen gurasoaren papera, zail zirudiena, bikain defendatu du. GPS-a jartzearen aurka zegoen Illarregi beste gurasoak galdera egin dio “zeri eta zergatik diozu beldurra?” . Bizkarrak erantzun “ehiztariaren pare jarri nauzu kasi/ kontrola ta babesa ez itzazu nahasi”. Azken agurrean Iturriagak bere garaian egindako balentria gogoan kantatu du, “erremontada historikoez badakigu bertso-eskolan”.

Agin Laburu Rezolak Miarritzen zain egon beharko du bigarren itzulian izango ote den jakiteko. Aurrez aipatu moduan, zortziko handian ondo hasi da Illarregirekin, zortziko txikian eta puntuka goia jo ez arren erreferentziak ekartzen asmatu du eta bakarka mutil talde nerabe baten whatsapp taldeen errealitatean murgildu du entzulea. Gaiak herriko neska baten argazki intimoak jaso dituenaren paperean jarri du. Honela amaitu du:“nire burua besteen artean egiten da asaldatu/mila lanketa egin ondoren ez degu ezer aldatu”. 10eko txikian Mendiluzerekin ere sinesgarri aritu du telesail bat euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean grabatzeari ezezkoa eman dion aktorearen paperean: “problema handia etb dosena/ euskaldunak erdaraz jartzen dituena”. Aurrera egin ala ez, bere bertsokeraren printzak utzi ditu Gernikan astigartarrak. 

Saioetako emaitza, sailkapen, argazki eta hurrengo saioen gaineko informazio guztia eskura duzu Euskal Herriko bertsolari txapelketaren atarian. Gernikako bertsoaldi guztiak, bertsolarien balorazioak eta adituen iritziak astelehenean izango dituzue eskura.