Euskal Herriko Bertsolari txapelketa 2026 2026-09-11

Guztia prest, Hazparnen lehen bertsoak entzuteko

Guztia prest, Hazparnen lehen bertsoak entzuteko
Oraindik ez da lehenengo bertsoa puntuatu. Ez dago sailkapenik, ezta saio baten aurreko ohiko tentsiorik ere. Baina Txapelketa hasi dela sumatzen da dagoeneko. Bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak eta antolakuntzako kideak elkartu dira Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Oraingoan ez saio baterako, 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketari elkarrekin hasiera emateko baizik.

Aurkezpena hasi aurretik ere badago mugimendua Sanagustinen. Irati Antia Zuaznabar serigrafiatzen ari da, aurtengo Txapelketari irudia emango dion lana bertaratutakoen aurrean egiten. Malen Agirre Sarasua ere lanean ari da, finaleko eszenografia margotzen. Datozen hilabeteetan oholtzetan ikusiko denaren zati bat, beraz, bertan ari da forma hartzen. Ez da kasualitatea aurkezpena Azpeitian egitea. Aurtengo Txapelketaren sormen prozesuaren abiapuntuetako bat metro gutxira dago, Dinamoa sormen gunean. Otsailetik martxora bitarte lau sormen egonaldi egin dituzte bertan Txapelketari irudia, soinua eta forma emateko ardura hartu duten sortzaileek. Kulturaz kooperatibak eskaini die elkartzeko eta lan egiteko espazioa.

Irati Antia
Irati Antia eta Malen Agirre sormen prozesua erakusten

Publikotik oholtzara
Bilaka dantza taldeak eman dio hasiera ekitaldiari. Ez oholtzatik, publiko artetik baizik. Bertaratutakoen artean hasi eta oholtzara eraman dute dantza.
Dantzatik bertsora egin du aurkezpenak. Andoni Egañak hartu du mikrofonoa, eta Txapelketan parte hartuko duten bertsolariei kantatu die. Ez zaio arrotza Txapelketa Egañari: lau aldiz jantzi du txapela eta zortzi aldiz izan da finalista. Oraingoan, beste toki batetik begiratuko dio.

Antton Telleriak hartu ditu ondoren aurkezle lanak. Umoretik heldu dio ekitaldiari, eta berarekin batera umoreak ere hartu du Sanagustin: “Zuei buruz idatzitako txiste horiek guztiak, oinarri oinarrian, izan dira zuentzako opari bat. Horregatik esan nahi dizuet, bihotz bihotzez: ez horregatik”. Infinitudrama taldeak Euskal kulturaren kolonoskopia sketcharen zati bat eskaini du, Adarbakarra, euskal kulturari begiratzeko bere modua oholtzara ekarrita.

                             Bilaka KolektiboaAndoni EgañaAntton Telleria
Bilaka dantza kolektiboa, Andoni Egaña eta Antton Telleria Txapelketaren aurkezpen ekitaldian

Aurkezpenak badu, ordea, zer erakutsia ere. Txapelketaren inguruan azken hilabeteotan egindako lana plazaratzeko eguna izan da: iruditeria, eszenografia eta sintonia ez dira elkarrengandik aparte sortutako hiru elementu izan, sormen prozesu partekatu baten emaitza baizik. Horixe izan da aurtengo lanketaren berezitasunetako bat.
Hiru diziplina artistiko eta lau sortzaile elkartu ditu Bertsozale Elkarteak prozesuan: Lumi taldeko Nahia Zubeldia Arozena eta Manu Matthys Dottax arduratu dira sintoniaz; Irati Antia Zuaznabarrek sortu du Txapelketaren iruditeria; eta Malen Agirre Sarasuak diseinatu du eszenografia. Hilabeteotan elkarrekin egindako bidearen emaitzetako batzuk ikusgai egon dira Sanagustinen. Bertsoa ez dago bakarrik. Dantzak, musikak, umoreak eta arte plastikoek partekatzen dute espazioa harekin.

Txapelketa, oholtzatik haratago

Txapelketa bertsolaritzaren erakusleiho handiena da, baina ez bertsolaritza osoa. Bertso plazaren zati bat baino ez du hartzen Txapelketak, nahiz eta lau urtean behin bertsolaritzari Euskal Herri osoan ikusgarritasun berezia eman. Eta Txapelketa ez dute bertsolariek bakarrik egiten. Horren erakusgarri izan da Sanagustingo argazkia. Txapelketan ariko diren bertsolariekin batera bildu dira gai-jartzaileak, epaileak eta antolakuntzako kideak. Bakoitzak bere lekutik, datozen hilabeteetan saioz saio Txapelketa posible egingo duen taldea osatuko dute.
Ainhoa Urienek hartu du hitza lehendakaritzaren izenean, Txapelketan zehar lehendakaritza taldea osatuko duten Ander Elortegi eta Xabi Igoarekin batera. Txapelketari begira jarri dira haiek ere, bertsolaritzaren eta Bertsozale Elkartearen ikuspegitik.“Badago bertsolariaren jarduna babestu eta garatzeko premisa nagusia, oholtza gainean errimaz errima hitzak josten dituenari esateko duena adierazi dezala ahalbidetzea. Horixe da Elkarteari dagokiona, egunez egunekoan eta, noski, guretzat mugarri garrantzitsua den txapelketan”.

Umoreak berriro hartu du lekua ondoren. Adarbakarra oholtzara itzuli da, oraingoan kantuan. Eta, amaierara gerturatu ahala, Andoni Egañaren bertsoek hartu dute berriro mikrofonoa.

                                Ainhoa UrienInfinitudrama
Xabi Igoa, Ainhoa Urien eta Ander Elortegi Bertsozale elkarteko lehendakaritzaren izenean eta Infinitudrama taldea 

Sintonia, Lumi-ren eskutik
Aurkezpenak amaierarako gorde du datozen hilabeteetan saioz saio errepikatuko den uneetako bat. Isildu da aretoa, eta sintonia entzun da. Nahi izatera HEMEN entzun dezakezue. 
Lumi taldeko Nahia Zubeldia Arozenak eta Manu Matthys Dottaxek sortutako 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako sintonia aurkeztu da lehen aldiz. Hilabete batzuk lehenago Dinamoan hasitako sormen prozesu hartako beste pieza bat iritsi da jendaurrera. Bilaka dantza taldea berriro agertu da, sintoniari gorputza jartzeko.

                              Lumi taldea
Lumi taldea Sanagustinen

Azpeitian, Txapelketaren inguruan ariko direnak elkartzeko eguna izan da: Sormen prozesuan egindako lana erakustekoa, elkar ikustekoa eta datozen hilabeteei begira jartzekoa. Hurrengo geltokia, berriz, Hazparne. Han hasiko da 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa.



 

 

 

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2026-05-15

'1tz4l1 eta P1ztU', Zarauzko jaialdia eta Xabi Paya gonbidatu Hitzetik Hortzeran

Jexux Mari Irazu

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Jexux Mari Irazu

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Jexux Mari Irazu

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2026-04-01

Aitor Sarriegiren bertso ibilbidea Hitzetik Hortzeran

Mirari Martiarena

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Jexux Mari Irazu

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Jexux Mari Irazu