Bertso sariketa berezia 2026-09-24

Bertso Erronda itzuli da Bilboko alde zaharrera

Bertso Erronda itzuli da Bilboko alde zaharrera
Bertso Erronda 2017an egin zen lehen aldiz, Bilbo ingurukoak izan edo Bilbon ikasten duten bertsolariei zuzenduta. Eten baten ostean bueltan dira. Haira Aizpuruak irabazi du lehen saioa.

“Bertso Erronda deitzen diogu Erronda kalean dauden lau tabernetan ospatzen delako. Bertso saio umoretsuak sortu eta auzoan sareak eraikitzea da helburua, eta gauza onak galdu behar ez direnez, aurten itzuli da”, azaldu dute antolakuntzatik. Hain zuzen itzulera ez da hitz hutsa izango. “Aurtengo haria itzulerarekin lotuta dago, horregatik daude kartelean Pello Reparaz eta Erramun Martikorena. Finala bereziki izango da kontzeptu horren bueltan, bertsolariak eta epaileak ere mozorrotuz”.


Adaxkatik 7katura
Bertso Erronda 2026 irailaen 24an hasi zen Adaxka tabernan eta finala urriaren 22an egingo da 7katu gaztetxean, lau ostegunetan saioak egin ostean. Guztiak 19:30etan hasiko dira, baita finala ere. 16 bertsolarik parte hartuko dute aurtengoan. “Bilboko bi daude, eta beste hainbat, inguruko herrietakoak, Algortakoak edo Larrabetzukoak esaterako. Horiek uztartu ditugu unibertsitatean ikasten duten bertsolariekin. Gazteak dira beraz, denak”. Saio bakoitzeko bina bertsolari pasako dira finalera, eta lehen saioan Haira Aizpurua eta Joseba Ortuzar "Ortu" izan ziren. Publikoari zein bertsolariei ondo pasatzeko gogoa eskatzen diote. “Lehiaketatik haratago joaten saiatzen gara, azken aldian edo urtean gertatutakoak umore tonuz kontatzen. Eta bertsolariek agurra kantu bat moldatuz egiten dute, besteak beste”.
Lehen aldiz egingo da Bertso Erronda udazkenean. "Orain arte udaberrian izaten zen. Emaitzaren arabera ikusiko dugu hurrengoa noiz egin”.
Bilbok badu ostera bertsoaren erronda. Itzulera on!

 

Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-11

Nerea Elustondo, hortzak zorroztuta Eibarrera bidean

Igotz Alkorta Irastortza

EHBT26 2026-10-10

Xabat Illarregi, Gotaineko gorabeherei bertsoz bertso eutsiz

Igotz Alkorta Irastortza

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta