EHBT26 2026-09-25

Sormenaren elkargunea

Sormenaren elkargunea
Hiru diziplina artistikotako lau sortzaile elkartu ditu Bertsozale Elkarteak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren sintonia, iruditegia eta eszenografia sortzeko. Dinamoa Sormen Guneko egonaldietan ondu dituzte lanak, eta elkarlanetik eraiki dute aurtengo Txapelketaren unibertsoa.

Irati Egibar Izeta

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren nortasuna parte diren norbanako guztiek eraikitzen dute: izan parte hartzaile, antolatzaile, entzule zein jarraitzaile. Publikoak lehen bertsoa entzun aurretik, irudi batek, doinu batek eta espazio batek egiten diote harrera. Aurten, lehen aldiz, hiru elementu horiek ez dira elkarren ondoan sortu, elkarren artean baizik.
Horretarako, Bertsozale Elkarteak hiru diziplina artistikotako lau sortzaile elkartu ditu: Lumi taldeko Nahia Zubeldia Arozenaeta Manu Matthys Dottax sintoniaren ardura hartzeko; Irati AntiaZuaznabariruditegia sortzeko; eta Malen Agirre Sarasua eszenografia diseinatzeko eta sarien komisaritza egiteko. Helburua ez da izan hiru enkargu independente egitea. Asmoa bestelakoa izan da: sortzaileak mahai berean esertzea, denek abiapuntu bera partekatzea eta bakoitzaren begiradatik unibertso komun bat eraikitzea.
Sormen prozesuaren kabia Azpeitiako Dinamoa Sormen Gunea izan da. Han egin dituzte lau sormen egonaldi, otsailetik hasi eta martxora bitarte. Kulturaz kooperatibak, gainera, sortzaile guztiak elkartzeko espazioa ez ezik, bakoitzak bere diziplinatik lan egiteko baldintzak ere eskaini dizkie.
Sortzaile guztiek oinarri bera izan dute esku artean. Bertsozale Elkarteak aurrez prestatutako dokumentuan bildu dituzte Txapelketaren inguruko gogoetak, landu nahi ziren kontzeptuak, aurreko urteetako proposamenak eta norabidea. Hain zuzen, Egonaldietatik harago ere garatu da sormen prozesua. Bertsozale Elkarteko langileek ere parte hartu dute lanketan, eta Villabonan aurrez egindako erakusketa parte-hartzaileak ekarpen berriak jasotzeko aukera eman du. Lumi taldekoek bereziki nabarmendu dute aurretiazko lanketa hori: «Adierazi nahi zena testu batean laburbilduta zegoen, kontzeptuak sintetizatuta eta erreferentziak bilduta. Ia ez zen deus gelditzen egiteko».

Ezustea eta poza
Bertsozale Elkartetik deitu zietenean, hirurek antzeko sentsazioa izan zuten: ezustea eta poza. Irati Antiak dio «kostatu» egin zitzaiola sinestea proiekturako deitu izana. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarekin lotura estua izan du betidanik, familiaren eta lagunen arteko topagune gisa, eta aitortu du «ametsa, ilusioa eta ohorea» izan dela hain gertukoa duen espazio baten iruditeria sortzea.
Malen Agirrek ere poz handiz hartu zuen proposamena, baina hasieratik sentitu zuen erronkaren dimentsioa. Bertsolaritza «gure kulturaren erdigunean» dagoela dio, eta horrek berekin dakar ardura.
Lumi taldeko Nahia Zubeldiak ere gogoan du une hura. Bertsozale Elkartetik deitu ziotenean, etxean zegoen alabarekin. Telefonoa eskegi, eta Manu Matthys etxera iritsi arte itxaron zuen albistea partekatzeko. «Manu, hau proposatu digute; onartuko dugu, e!». Erantzuna berehalakoa izan zen.
Hiru sortzaileek bat egiten dute ideia batean: ez da gauza bera norberaren proiektu bati forma ematea edo enkargu bati erantzutea. Hala ere, inork ez du hori muga gisa bizi izan. Antiaren hitzetan, «ez da hutsetik sortzea, ehendik dagoen unibertso bati beste gorputz bat ematea baizik». Agirrerentzat, gakoa izan da Bertsozale Elkartearen beharrak eta asmoak ulertzea, norberaren begirada artistikoari eutsiz. Lumi taldekoek, berriz, «enpatia ariketa» gisa definitu dute prozesua: «beste hark zer sentitzen duen eta zer adierazi nahi duen ulertzen saiatzen zara».

 

Malen Agirre, Irati Antia atzean duelaLumi taldea
Dinamoan ateratako argazkiak. Lehenean, Malen Agirre, Irati Antia atzean duela. Bigarrenean, Lumi taldea.

Proiektu honen berezitasuna ez da enkarguan bertan egon, elkarlanean baizik. Dinamoko egonaldietan ez du bakoitzak bere lana aparte egin. Bozetoak erakutsi dizkiote elkarri, zalantzak partekatu dituzte, ideiak kontrastatu eta proposamenak elikatu dituzte. «Elkarren ideiez eta proposamenez elikatu gara», azaldu du Antiak. Agirreren ustez, beste diziplinetako sortzaileen begiradak norberaren lana aberastu du; Lumi taldekoek, berriz, hasieratik sentitu zuten elkar ulertzeko erraztasuna.
Elkarrizketa horren oinarrian denek partekatutako testu bera egon da. Handik abiatu dira sintonia, iruditegia eta eszenografia. Antiak zuhaitz baten irudiarekin azaldu du: «kontzeptuak enbor bera ziren. Guk, bakoitzak, adar desberdinak garatu ditugu». Horrek ez du esan nahi bide paraleloak egin dituztenik. Bigarren egonaldian, esaterako, musikaren eta irudien arteko tonuak berrikusi zituzten, eta hortik aurrera elkarrengana gehiago hurbiltzen saiatu ziren. Agirreren hitzetan, «diziplinen arteko mugak ez dira hain zurrunak izan».
Txapelketaren dimentsioak ere bere lekua izan du sormen prozesuan. Milaka lagunek ikusiko eta entzungo duten lan baten parte izateak ardura ere ekarri die sortzaileei. Antiaren esanetan, «ez da estetika kontua bakarrik; narratiba bat eraikitzea ere bada». Lumi taldekoek umorez gogoratzen dute hasierako azalpen saioa. Musika pizgarria izan behar zuen, baina kontzentrazioa galarazi gabe; boza izan zezakeen, baina hitzik gabe; esperimentaziorako tartea bazegoen, baina neurriz. «Bai, baina ez», laburbildu zien une hartan Bertsozale Elkarteko kide batek. «Horixe da bertsolaritzaren mundua».
Prozesuak beste aurkikuntza bat ere ekarri die sortzaileei: Bertsozale Elkartearen barruko lana gertutik ezagutzea. Oholtza gainean ikusten denaren atzean zaintza, konpromisoa eta talde lana topatu dituzte. Antiak azpimarratu du sortzeko askatasuna eta gertutasuna sentitu dituela prozesu osoan. Agirrek, berriz, kanpotik ikusten ez den komunitate lana nabarmendu du. Lumi taldekoek ere antzeko irudia marraztu dute: «talde langilea, bihotz onekoa, alaia eta beti laguntzeko prest».
Azken batean, Azpeitiako Dinamoa ez da egonaldiak egiteko toki hutsa izan. Elkargune bat izan da: ideiak gurutzatzeko, zalantzak partekatzeko eta diziplina desberdinen artean hizkuntza komun bat eraikitzeko espazioa. Handik abiatu dira aurtengo Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren sintonia, iruditegia eta eszenografia, eta han partekatu dute sortzaileek sormen prozesuaren zati esanguratsu bat.

 

 

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2026-05-15

'1tz4l1 eta P1ztU', Zarauzko jaialdia eta Xabi Paya gonbidatu Hitzetik Hortzeran

Jexux Mari Irazu

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Jexux Mari Irazu

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Jexux Mari Irazu

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2026-04-01

Aitor Sarriegiren bertso ibilbidea Hitzetik Hortzeran

Mirari Martiarena

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Jexux Mari Irazu

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Jexux Mari Irazu