EHBT26 2026-09-26

Igotz Alkorta Irastortza
“Hipikarako astoa entrenatzen ez da gutxi kosta”, bere buruari erreferentzia eginez hala kantatu du hasierako agurrean Oier Etxeberria Zubimendik. Baina entrenamendua igarri da gaurkoan, ariketa guztietan eutsiz, eta batzuetan asmatuz, lehena izan baita Altsasun. 8ko handian, babes ofizialeko etxebizitza erosteko aukera tokatu zaion bikotearen paperan aritu dira bera eta Imanol Uria Albizuri. Erostearen alde Korta, zalantzekin Uria. “Interesetan ordaintzen baita alokairuan adina" esan dio Uriak, “bankuarekin ezkondu arren, gu nola gauden ezkongai/beharbada ez duzu nirekin konpromisorik hartu nahi” erantzun Etxeberriak. 10eko txikikoan berriz, Altsasun AHT-aren zundaketak jasaten ari diren bi lurjabeen paperan aritu dira Etxeberria eta Eneko Araiztegi Agirre “Korta”. “Zundaketez ezin da besterik espero/broka txikia orain ta tunela gero” bota du azpeitiarrak. 672,5 punturekin, Miarritzeko finalerdia du zain azaroaren 14an.
Eneko Araiztegi Agirre “Korta” izan da bigarren, bertsokera bizia erakusteko aukera baliatu du segurarrak, puntu erantzunetan esaterako. “Gimasioak lepo daude egunero” puntuari, “gorputza hamar baino burua zer? zero/ ta hobera iterik nik ez det espero” erantzun dio azken bi puntutan. Ganbaran berriz bullyng-a jasaten duen haurraren paperean sartu da, “motxila hartu eta alde egin dut ihesi/bihotza duen umeak ez du tratu hau merezi”. 659,5 punturekin, finalerdietako txartela lortzeko 300 kandela jarri beharko dituela kantatu du azken agurrean umorez.
Gora beherak
Gora beheratsuago aritu dira gainontzeko lau bertsolariak. Txaber Altube Sarrionandiak eta Eñaut Martikorena Lizasok ondu dute akaso 8ko handiko ariketa onena. Sute gero eta larriagoak direla eta, greba egin asmo duen suhiltzailearen larruan Altube, bigarren bertsoan esan duenez “zein su itzali jakin behar da ta zein su piztu ere bai”. Martikorena ordea, suhiltzaile postua uztekotan da, “ni naiz presio gehiegirekin izorratu den mangera”. Azken agurrean irudi hori erabili du ostera Martikorenak, puntuazioagatik kexu. 648,5 punturekin hirugarren izan da Altube, 637,5 punturekin seigarren Martikorena. Altuberen jardunean, 10eko txikian, koadrilako bat indarkeria matxistagatik salatu duten lagunaren paperean egindakoa ere azpimarra liteke, bereziki lehen bertsoaren amaiera. “Badut burua lehertu behar didan galdera/zenbat aldiz begiratu dugun beste aldera”.
647,5 punturekin laugarren, Altuberengatik puntu bakarrera sailkatu da Imanol Uria Albizuri. Aipatu dugun 8ko handikoaz gain, ganbarako lana ere nabarmentzekoa da, koadrilako batek marika deitu eta gainontzekoek barre egiten duten mutil baten paperean. “Nik trago bat edan dut, ezkutatu naiz zerbezan/ta eztakit egon naizen, kikikildu ala perezan/baina zerbait esan nahi eta nik ez diot ezer esan” amaitu du ganbarakoa. Azken agurrean puntuazioarekin ez zegoela konforme azaldu du algortarrak.
Iñigo Mantzizidor Larrañaga “Mantxi” zen saioko beteranoa, bostgarren egin du 638 punturekin. Ezaugarritzen duen bertsokerari fidel, zortziko txikiko eta puntu erantzunetako ariketak izan dira Mantxiren aleetatik bereziki azpimarratzekoak. 8ko txikian, militantzian aritzen diren bi kideren paperan jarri dituzte Etxeberria eta Mantxi. Etxeberria jubilatu berriak ez du Mantxi bakean uzten. “Militantea baino militarra zara” amaitu du lehen bertsoa zarauztarrak eta “lehen borroka egin zendun, orain gerra eman” bigarrena. Puntu erantzunetan berriz txikitako garaiak ekarri dizkio gogora Maialen Belarra Eneterreaga gai emaileak. “Umezaro hartatik zer duzu gogoan?" puntuari honela erantzun dio: “aititeren altzoan modu oparoan/magnetofoi bat mahaian, bertsoak ahoan/beregatik nago ni hemen oraingoan”.
Aipatu dugu arestian seigarren izan dela Martikorena, "Mantxi"rengandik puntu erdira. Herniarraren lanean ere puntu erantzunetan egindakoa nabarmentzekoa izan da. Ikur nazien agerpenez ari zirela, "mezuekin zabaldu nahi dute beldurra" zioen bigarren puntuak, hau Martikorenaren erantzuna: ba beldurra nahi bada, beraiei egurra/ hartu lepotik eta puskatu zintzurra/ konponbidetan hori baitegu ziurra.
Emaitza, sailkapen, argazki eta hurrengo saioen gaineko informazio guztia eskura duzu Euskal Herriko bertsolari txapelketaren atarian. Altsasuko bertsoaldi guztiak, Bertsoa.eus-en mikrofono aurrean jarri diren bertsolarien balorazioak eta adituen iritziak astelehenenean izango dituzue eskura. Hirugarren geltokia Lekeition dugu.
Urriaren 15ean 2026-10-13
EHBT26 2026-10-10
Igotz Alkorta Irastortza