EHBT26 2026-09-27

Ane Labaka sendo Gernika-Lumora

Ane Labaka sendo Gernika-Lumora
Ia mila bertsozaleren beroa sentitu da gaur arratsaldean Santi Brouard kiroldegian. Euskal Herriko bertsolari txapelketako hirugarren saioarekin bukatu da bertso asteburua.

Igotz Alkorta Irastortza

Lekeitioko Santi Brouard pilotalekua beteta. Lehenengo faseko saioa izanagatik, finalaurrekoen kutsua airean. Idoia Anzorandia Kareagak irekitako bidetik igo dira oholtzara Eneritz Artetxe Eizagirre, Maddalen Arzallus Antia, Ane Labaka Mayoz, Aitor Bizkarra Ruiz, Aroa Arrizubieta Barredo eta Aner Peritz Manterola; ordena horretan hartu dituzte eserlekuak. Txaloek luze iraun dute. Gogoz dago bertsozalea.

Saioa bizi joan da. Arin. Lehertzea kosta zaion arren ale politak uzten joan dira bertsolariak ariketa guztietan. Bakarkakoan nork bere bertsokera argi erakutsi ahal izan du. Tartean, 681 punturekin saioko irabazle izan den Ane Labaka Mayozek. Labaka jolasti aritu da, ohikoa duen moduan, errima bereziekin bertsoak osatuz. Berezkoa duen bertsokera hori bakarkakoan nabarmendu da gehien. Antizikloia, ligoia, heroia, bodegoia, goia, koltxoia eta kondoia errimatu ditu lehen bertsoan. Idoia Azoranaindia Kareaga gai emaileak irakurri dien ganbarako gaia hau zen: “Behin eta berriz entzun duzu telefonoan utzi zizun mezua. Oraindik ez duzu erabaki erantzun edo ez”. Harreman sexualak izaten ari dela kondoia kendu duen kideaz aritu da, ostean, barkamena eskatzen dionaz. Honela biribildu du bakarkakoa: "erantzun gabe uztea / ez al da erantzutea".

Aner Peritz Manterolaren ganbarako ariketa ere biribila izan da, tartean puntu laburrak sartuta. Hor jo du goia. "Baina pentsatu ta dardara bat / ere sartzen zait orobat / izan ginen haren frogak / eskatzen dizkit prorrogak / garbitu ezik hautsa uzten du / kañoi barrutan polborak / ta oparitu egingo diot / despedidako polvo bat". Bertsozaleen txaloek berretsi dute ertzak biribiltzeko gaitasuna, eta horrek ekarri dio sailkapeneko bigarren koskan egotea 679 punturekin. 

Ofzioa erakutsiz
Maddalen Arzallus Antia erregular, bertsotan duen ofizioa erakutsiz aritu da ariketa guztietan. Zortziko txikian bilatu bezala aurkitu du nondik eta nola egin umorea. Azokan saltzen ari den baserritarraren azaletik kantatu du, Ane Labaka bezeroak dena ikutu eta ezer erosten ez dion saltzailearen paperean. "Denetik ematen du nere baserriak / nere barazki denak  zeinen deigarriak / ta zuk behatzak luze, batzuk belarriak / tomateak bakarrik ez dira cherryak". Hitz jokoetan abil aritu da, izan zortziko txikian, hala gainerako ariketetan. 677,5 puntu batuta hirugarren izan da eta final erdietara sailkatzeko aukerei eusten die. 

Aitor Bizkarra Ruiz laugarren izan da, baina irabazlearengandik 5 puntu eskasera, 676 batu baititu.  Hamarreko txikian atera du berezkoa duen bertsokera. Hau zen kanturako gaia: "ekitadietako soinu eta argi teknikariak dira Bizkarra eta Peritz. Bi urte daramatzate sektoreko lan hitzarmena lortu nahian, inolako aurrera urratsik gabe". Hala hasi du ariketa: "ez gaituzte tratatzen sarri maitasunez / ta zintzurra betetzen zaigu behazunez / gutxitxo ta berandu kobratzen dugunez / beraiek entzungarri bihurtzen jardunez / ta bien bitartean gu inork entzun ez".

Eneritz Artetxe Eizagirre sendo hasi da,  zortziko handiko zein zortziko txikiko ariketa ederrak eginez. Boxeora joan nahi duen haurraren gurasoaren paperean jarri da, haurraren nahiak zalantzak eragiten dizkion gurasoaren azalean. "Zuk eta biok bertso eskolan / ikasi gendun bezala / ostiaren bat jaso orduko / hitzez erantzun dezala". Puntu erantzunetan ordea poto egin du eta horrek eragina izan du puntuazioan eta ondorengo jardunean. 646 punturekin, bostgarren izan da azkoitiarra.  Amaierako agurrean aipatu duen bezala oholtzako jarduna, ondo prestatu arren, beti ez da goxoa.

Aroa Arrizubieta Barredo izan da seigarren 616 puntu batuta. Beretik eman du Arrizubietak, hasieratik bertsotarako gogoa ez ezik, gozamena ere transmititzen. Agurrean ere esan duen moduan: "gaur gasteiztar nator / eragin asmotan masan / ikus dezazun zergatik / egon behar dugun plazan". Ariketa guztietan asmatu ez arren, sentsazio ona utzi du Santi Brouard pilotalekuan. 

Bertsozaleen hurrengo hitzordua, Donapaleun izango da. Bitartean, emaitza, sailkapen, argazki eta Txapelketaren inguruko informazio guztia eskura duzu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren atarian. Lekeitioko bertsoaldiak, bertsoa.eus-en mikrofono aurrean egindako elkarrizketak eta adituen iritzia  asteartean izango duzue eskura.

Albiste gehiago

EHBT26 2026-09-26

Oier Etxeberria, erregulartasunaren trenean Miarritzera

Igotz Alkorta Irastortza

Zutabea 2026-09-25

Zazpigarren alaba, ezberdina

Ainhoa Markinez Arruza

EHBT26 2026-09-25

Sormenaren elkargunea

Irati Egibar Izeta

Bilintxi Balantxaren eskutik 2026-09-25

Abian da Bilintx saria

Bertso saio berezia 2026-09-23

Gure ondareari kantari

Igotz Alkorta Irastortza

Txikitik handira 01 2026-09-24

Txapelketako zozketetako oroitzapenak