EHBT26 2026-10-10

Xabat Illarregi, Gotaineko gora beherei bertsoz bertso eutsiz

Xabat Illarregi, Gotaineko gora beherei bertsoz bertso eutsiz
Gotaine-Irabarneko plaza beteak gaziak eta gozoak utzi ditu bertsolari eta bertsozaleengan. Xabat Illarregi Marzol izan da garaile, ariketa guztietan zerbait utziz. Andoni Rekondo Izagirre, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Unai Mendizabal Jauregi, Onintza Enbeita Maguregi eta Ekhine Zapiain Arlegi sailkatu dira ondoren.

Igotz Alkorta Irastortza

Xabat Illarregi Marzolen izena bazebilen bertsozaleen artean eta ez du huts egin leitzarrak. Ofizioetan ondo eutsi dio eta zortziko txikian eutsi baino gehiago Andoni Rekondo Izagirrerekin jardun da ariketa horretan, Illarregi Rekondoren aitaren paperean aritu da. Semeak adimen artifiziala erakutsi zionetik dena galdetzen dio Illarregi aitak, baita hozkailuan dagoenarekin zer errezeta egin ere. “Zer kozinatuko det galdetuta xuabe/ta frigorifikoan lau saltxitxa daude” leporatu dio Rekondok. Illarregik erantzun: “Lau saltxitxa dauzkagu beraz lau osagai/eta nola pulitu galdetu diot bai/honek egin beharko du ia sentitzen den gai/semeak ez du eta hatzik mugitu nahi”. Barkakako lana egokitu zaionean koska bat gora egin du leitzarrak, puntu erantzunetan bikain. Zein da lo egiteko zure errezeta? zioen bigarren puntuak, hau Illarregiren erantzuna: “bertsotan ez pentsatu tarteka-tarteka/bestela hor hasten naiz buelta eta buelta/ ea noiz bukatzen den aurten txapelketa”. Illarregiren kasuan jarraipena izango du lehiak. 676,5 puntu lotuta irabazi du saioa, eta berehala, Lekunberrin kantatuko du urriaren 24an. Gotainetik bueltan, agurrak pentsatzen hastekotan dela esan du azken bertsoan.

Andoni Rekondo Izagirre izan da bigarren. Ariketa guztietan asmatu ez arren, erakutsi ditu ohi dituen freskotasun eta erantzuteko bertsokera. Zortziko handian esaterako Aitor Etxebarriazarraga Gabiolarekin. Gaiak honela zion: Laborariak zarete. Hartz populazioaren goititzearekin kezkatuta zaudete. Aitorrek neurriak berehala hartu nahi ditu, Andonik harekin bizitzen ikasi. Etxebarriazarraga hasi da: “ohartu zaitez ez da lekurik gurean guztiontzako” esan dio Rekondori. Honek azken puntuetan erantzun dio “Aitor gurean diozu hala horren modu ziurrean/baina kontrara pentsatu arren gu gaude beren lurrean”. Bakarlanean, puntu erantzunetan ez du gehiegi asmatu, aldiz, bakarkako sinesgarri batekin amaitu du. Honela zion ganbarakoak: Harrapatu edo atzeman egin zenuen, baina momentuan ez zenion hainbesteko garrantziarik eman. Oraindik ere buruan itzulika dabilkizu. Semea beste haur bati barre egiten harrapatu duen aitaren paperean kantatu du Rekondok. Bigarren bertsoa hau: “Orduz geroztik urte askotan etorri zait akordura/lehen aldia izan ote zen sarritan egin dut duda/zalantzan jarriz piura/bromak txarretik zer du ba?/umoreak non du muga?/ume jolastzat hartu genuen lehengo gertakari hura/baina barnean ta kontzientzian iltzatuta geratu da". 660 punturekin bihar Agurainen gertatzen denari begira egon beharko du hernaniarrak.


Gainontzekoak urrunago
Saioko gorabeheren lekuko izan dira gainontzeko lau bertsolariak. Guztiek asmatu dute uneren batean, baina izan dituzte erori aldiak ere. Aitor Etxebarriazarraga Gabiola izan da hirugarren 641,5 punturekin. Zortziko handian sinesgarri aritu da Rekondorekin laborari paperean, eta zortxiko txikian ariketa bikaina ondo du Ekhine Zapiain Arlegirekin. Odola ematera joan diren bi lagunen paperean jarri ditu gaiak eta zorabiatzen hasi da Etxebarriazarraga. Bigarrengoz zuk eman ote dezakezu? galdetu dio Etxebarriazarragak, Zapiainek erantzun “izan begikoa/mareatua baina tipo enpatikoa". Gernikarraren hirugarren bertsoa hau: “laurogei kilo pasa odola emankor/eta gerturatu naiz enpatiaz, jator/ orratza ikusita zurbildu bertan hor/ hurrena ematera ez, jasotzera nator”.

631 punturekin laugarren izan da Unai Mendizabal Jauregi. Zortziko txikian bere bertsokerak dituen umore printzak erakusten asmatu du Onintza Enbeita Maguregirekin baina ziurrenik saio amaieran, 10eko txikian eta ganbaran egin ditu lanik onenak zizurkildarrak. Ganbarako txalotuena izan da berea, semea gau mahaian poltsa bat ezkutatzen harrapatu eta gero, hona bigarren bertsoa osorik: “Ostiral gauez ateratzen da ikutu nahian gailurra/ta gauak nonbait neri bakarrik eragiten dit beldurra/etxera sartzen ikusia det dantzan du matrail hezurra/begi erneak ta dantzan dabil beso gain, ile kixkurra/berriro ere hartu egin du, berriz ere jo du lurra/berriro ere txuri kolorez zikinduta du sudurra/berriro ere ezetz esan dit berriro ere gezurra”. 

Onintza Enbeita Maguregirentzat ez da gaurkoa ibilbideko arratsalde emankorrena izan. 624 punturekin bostgarren sailkatu da, zortziko handian ederki hasi den arren. Gotainen izaki, aktualitateko gai bat zuten: Nerabe banaren gurasoak zarete. Ikasle mugimenduak protestak deitu ditu biharko. Onintzak bere haurra mobilizatzera bultzatu du, Ekhinek nahiago du etxean geldi dadin. “Etorkizuna beraiena da eta eurek landu behar dute” amaitu du lehenengoa”. “Gure umeak ezin bidali hain zaurgarri kaletara/kontzientzia nola lasai eduki zeozer gertatzen bada” erantzun dio zapiainek bigarren bertsoan. Enbeitaren azkena hau: “eskubideen borroka beti sufrimenduz hasi da/eta barrurantz gorde ohi dut nik nire malkoen dizdira/Paris aldean alkateren bat atera ei da begira/ agian beste batzuek ere mugitu egingo dira”. Zortziko txikian poto egin ostean, puntu erantzunetan ostera asmatu du Enbeitak. Lehenengoa adibiderako. Makro kontzertuetan biltzen da jendetza zioen puntuak, horri ematen dio jendeak baietza/eta niri sortzen dit kristoren estresa/txikira bueltatzea da nire ametsa”.

Ekhine Zapiain Arlegi izan da seigarren 616 punturekin. Ofizioetan zortziko handian eta 10eko txikian bereziki, arrazoietan sendo aritu da. Hamarreko txikian Unai Mendizabalekin pisukideen paperean kantatu du, hirugarren pisukide bat harreman toxiko batean sartuta dago eta kezkatuta daude. "Esan behar diogu bere lagun gisan/ bere begi politok noizbait zabal ditzan" kantatu du lehen bertsoan Mendizabalek. “Izan gaitezen goxo ta sortu baldintza/berak egin dezala lehenbiziko hitza” erantzn Zapianek. Hirugarrena honela kantatu du: “hurbildu behar ginake gu Unai xuabe/ ardura erakutsiz baina pasa gabe”. Ganbarakoan eutanasia nahi duen adinekoaren paperean bertso hunkigarriak abestu ditu, baina denbora gehiegi hartuz akaso.

Saioetako emaitza, sailkapen, argazki eta hurrengo saioen gaineko informazio guztia eskura duzu Euskal Herriko bertsolari txapelketaren atarian. Tolosako bertsoaldi guztiak, bertsolarien balorazioak eta adituen iritziak asteartean izango dituzue eskura. Lehen faseari asteburu bakarra geratzen zaio.

 

 

 

Albiste gehiago

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza