Sariketak 2026-11-21

Lau sariketa egin dira azken orduetan bertso munduan eta hiruren emaitzak baditugu Bertsoa.eus-en.
Errexil Saria Aizpuruarentzat
Haira Aizpurua Ibargaraik eskuratu du 2026ko Errexil saria 337 puntu eskuratuta. Saratarrak Irati Alcantarilla Urdanpilletarekin egin zuen buruz burukoa, bigarren izan zen hendaiarra 319 puntu batuta. Ondoren sailkatu ziren Oihana Arana, Haizea Arana, Xabi Maia eta Eneko Abasolo "Abarkas". Antton Llanes-ek egin zituen gai-emaile lanak eta epaimahaikoa Jon Garmendia "Txuria", Abel Zabala eta Ainhoa Sarasuak osatu zuten. 40 bat entzule izan ziren Urruñako Postako gelan eta maila ederreko saioa eskaini zuten sei bertsolariek.
Muxikatuko txapela Gorka Pagonarrabagarrak
Bart gauean erabat bete da Lezoko Txerrimuino "Muxikatua" sariko finalaz gozatzeko. Giro goxo eta atseginean egin da sariketa musikatua eta Gorka Pagonarraga Agorria hautatu dute txapeldun. Pagonabarragarekin kantuan izan dira Oihana Iguaran, Haira Aizpurua eta Eki Mateorena. Sariketa antolatzen duen Piztu Gazte Asanbladako kide batek egin ditu gai-emaile lanak.
Muxikatuako finalean aritu ziren lau bertsolariak, gai emailearekin eta musikariekin.
Aramaion, Maider Arregi nagusi
Aramaioko Kopla Txapelketaren berri ere jaso dugu. Aramaioko bertso eskolaren eskutik zazpigarrenez egin den lehiaketa jostari honetan ez ohikoa gertatu zen, anai-arrebak aritu dira aurrez aurre buruz burukoan: Maider eta Urko Arregi Markuleta. Arreba zaharra hautatu dute azkenena irabazle bertaratuek. Bi horiekin batera zortzikotea ondoko bertsolariek osatu dute: Andoni Egaña, Iraide Onaindia, Iñaki Viñaspre, Amaia Agirre, Eneko Lazkoz eta Janire Arrizabalaga. Giro ederra izan da lehenik kalean eta ondoren 100 lagunetik gora batu dira Iturrieta sagardotegian.