EHBT26 2026-11-21

“Bi aldiz izutu gabe, egin det bide zuzena/ nire argi ta ilunekin hori da ni naizena”, hala kantatu du Aitor Mendiluze Gonzalezek azken agurrean eta bide zuzenetik eta dakien hori erakutsiz ostera finalean kantatzeko moduan izango dela aurreikusi daiteke. Hamarreko txikian ariketa horretako ofizio osoena burutu dute Aner Peritz Manterolak eta Mendiluzek. Gaiak Donostian halabeharrez kalean daudenei otartekoak banatzen jarri ditu. Peritzen lehenaren amaiera: “honek postal zurian gaizki ematen du/ guk ere nahiago genuke sustengu/ hau ematen aritu behar ez bagendu”. Mendiluzek erantzun amaiera honekin, “hau omen delikuentzia datuak puztea/ delitua ez al da goseak uztea?”. Hamarreko txikian bertsoak egoki josi ostean, txikian plaza lehertu dute Mendiluzek eta Illarregik. Honela zion gaiak: Aitor polizia eta Joanes abadea dira. Aitorrek herri txiki bateko irteeran alkoholemia kontrola jarri du. Joanes gelditu eta putz egin duenean askogatik gainditu du alkohol tasa. Egurrean hasi da Mendiluze: “Ez esan zazpigarren meza dela jada/ gaur ez dizu balio, gaur larunbata da”. Illarregi ez da kikildu: “publiko gabe ditut zazpi meza egin/ igandekotarako entrenatu nendin”. Horrela plaza barrez jarri dute. Puntu erantzunetan antzezle paperetik sinesgarri aritu ostean, andoaindarrak Bullyng-a sufritzen den haur bat hezur haragituz, Ganbarako gordin batekin eman dio itxiera saio ederrari. Bagenekien Mendiluzek zenbat egin zezakeen, baina egitea beste kontu bat da. Zazpigarren finala, ez da edonoren eskura dagoen marka.
Illarregi onena, Illunben
Ilarregik ere Txapelketa honetako bertsio onena erakutsi du Donostian. Behetik gorako saioa egin du leitzarrak, hamarreko txikian kostata ikusi dugu Alkaizak eta berak urrun sentitu duten ozeanografoen paperean. Aldiz Zortziko handian asmatu du Aner Peritzekin elkarrizketa goxo bat edukitzen pertsona beraren bi orbainen paperean eta hortik aurrera gora egin du. Txikian aipatu dugu, plaza lehertu duela Mendiluzerekin eta puntu erantzun onentsuenak ere Illarregirenak izan dira. Mugikorra etxean ahaztu duenaren egoeran kokatu du gaiak eta lehen puntuak honela zion: “Nahiz ez zenuen uste ze lasaitasuna/” zioen puntuak, hauxe erantzun osoa: “egi galanta orain esan didazuna/ etxen utzi ta ustez nuena laguna/gaur sentitu dudana da askatasuna”. Goitik beherako erantzuna. Amaitzeko ganbara eder bat eskaini digu. Honela zion ganbarako gaiak: Sortu den isiltasuna haustea erabaki duzu. Lehen bertsoaren bigarren erdian kokatu du gaia: behin ekarri gintuena anai-arrebok mundura/ gaur denok elkartu gara bere logela barrura/ behin babesgune izan zen txiki garaiko lekura/ hizketan ari ginenok lasai bezainbat gustura/ eutanasia esan du ta mundua izoztu da”. Bigarrenaren amaiera bereziki ederra: “altxa egin dut ahotsa/ eta nere uste eta iritziaren aitortza/ nahiz eta hautsiko zaidan arima eta bihotza/ zure bizitza da eta zurea da heriotza”. Txapeketan bizi bizirik jarraitzen du Illarregik, bigarren finala eskura izan lezake 729 punturekin baina hurrengo saioen zain egon beharko du hori baieztatzeko.
Aner Peritzen elegantzia
Aner Peritz Manterola ez dugu finalean ikusiko baina Txapelketan honetan bere bertsokera fin, zuzen, umoretsu eta sakonaren ezaugarriak bistaratu ditu. 719 punturekin hirugarren izan da Illunben. Aipatu moduan hamarreko txikian hasiera bikaina eman dio ofizioari Áitor Mendiluzerekin, eta zortziko handian ere ongi asmatu du gaztetako orbain edo ebakiondoaren paperean. Honela zion gaiak: Aner eta Joanes pertsona beraren bi ebakiondo edo orbain dira. Aner txikitan jolasean egindako zauri batek sortua; Joanes, berriz, bihotzeko ebakuntza batek eragindakoa. Peritzen lehenaren amaiera hau: “zauriak ez du zertan eduki beti minen bat barnean/ niri irribar bat egiten dit begiratzen didanean”. Ilarregik erantzun: “nahiz bihotzean zauri txiki bat den oraindik orbaintzeko/ oraindik ere badu indarra jolasean jarraitzeko”. Peritzek borobildu du ariketa: “segi dezagun ba zauriz zauri, bidez bide kalez kale/ orbain bakoitza izan dadila bizirik gauden seinale”. Zortziko txikian Julio Soto Ezkurdiarekin aritu da, aurreko gaiko erreferentziak modu egokian ekarriz eta barrea eraginez publikoari. Akaso, puntu erantzunetan aritu da gozakaitzen, baina hor ere baleko ariketa egin du. Ganbarako gaian berriz koadrila baten afarian kokatu gaitu zarauztarrak.Lehenaren bigarren erdia: gerturatu garen ahala kuadrillako bazkarira/ denok elkarren ondoan denok elkarri begira/ lasai geunden eserita ta ateak zabaldu dira/ guztiok geundelakoan baina bera etorri da”. Bigarren bertsoan azaldu du koadrilako kide hori aspaldi ez zela azaltzen eta isiltasun bat sortu dela, hirugarrenean Peritzek hezur haragitu duen pertsonaiak hautsi duena: “besterik gabe joan zen igual ez zeukan indarrik/ guk ere ez dugu mantendu elkarrizketa itzarrik/ zatoz lagun esan diot, jan ezazu, jan bakarrik/ ez daukazu azalpenak ematen hasi beharrik”.
Sotorentzat kolpea
Miarritzen puntu eskukada handia batu arren, finala urrutixeago (ez ezinezkoa) jarri zaio Julio Soto Ezkurdiari. 696, 5 punturekin laugarren izan da. Hamarreko txikian iheslari politiko ohien paperan kantatu dute Sotok eta Agin Laburu Rezolak. Ihesean zebiltzala babestu zituen sendiari eskerrak ematera joan dira. “Eskerrik asko esan diegu jakina/ nahi eta hein baten den eskertu ezina” amaitu du lehenengoa. Zortziko handian enpresariaren maleta izan da, Saioa Alkaiza Guaiar langilearen erreminta kutxa zen bitartean. “Zu larruzkoa, zu hain burgesa da diruraren kultura/zure antzekoak betetzen dira nire antzekoen kontura” amaitu du lehena Alkaizak. Sotok erantzun: “nik laguntzen dut zu izan zaitezen ez zaitez tranpan erori/ ez dut ulertzen nigana duzun gorroto aurpegi hori”. Gero, agian ez dute elkarrizketa erabat borobiltzen asmatu. Zortziko txikian Aner Peritzekin aritu ostean, puntu erantzunena izan da akaso, gorritiarrak gutxien asmatu duen ariketa gaur. Dena den, ganbarako eder batekin amaitu du lana. Lehenean honela azaldu du egoera: “lehen bera umezai gisa ni orain nago aita zai/ bizitzan lehenengo aldiz gaur biluztu dut eta ai/ ez ginenean hitz bat besteari josteko gai/ goxo-goxo esan diot, aita egon zaite lasai”. Bigarrenaren amaieran gizon izatean jarri du arreta: “eta elkarren beldurrak daude elkarri usnaka/ desmaskulinizazio prozesu bat pixkanaka/ semeak badauka eskutan bere aitatxoren kaka”. Puntuak entzunda kolpea hartuko zuen Sotok baina Txapelketan erakutsi duenak argitik gehiago du ilunetik baino.
Labururen umorea eta Alkaizaren ahalegina
Agin Laburuk umore printzak ekarri ditu Illunbera aukera izan duenero. Baina ez beti. Horren adibide zortziko handian Aitor Mendiluzerekin egin duen ofizioa. Honela zioen gaiak: Agin eta Aitor, elkarren ondoan dauden bi zubi dira. Agin, erromatarren garaiko zubia da; Aitor, duela gutxi Abiadura Handiko Trenarentzat eraikitako zubia. “Zure ondoan nago gaur baino bizi oso bat daramat/ ta biak izango gera laister inperioaren aztarnak” amaitu du lehena astigartarrak. Mendiluzek erantzun: “oraingoz ondoz ondo gaude gaur baina ez zaitez lasaitu/ nire gainean pasako denak dardarka jarriko zaitu”. Zortziko txikian bai, barrez jarri du publikoa Saioa Alkaiza Guaiar-ekin, pisukideak ziren biak eta Aginek ordu erdi zeraman komunean. “Zer ze kristotan zabiltzan kontatu xuxurla/ ta ez esan orrazten pasatzen duzula” hasi zaio Alkaiza. Laburuk erantzun: “lentilen bila nabil, Saioa ez pentsa/ zure kremen tartean ez dago erreza”. Puntu erantzunetan ere asmatu du gaupaseroaren paperan eta ganbarakora umorea ekartzeko ahalegin ere egin du Laburuk, publikoak gogoz eskertu diona. 695, 5 punturekin bostgarren izan da, baina puntu eta sailkapenez haratago aho zapore ona utzi izanaren pozarekin utziko du Txapelketa.
Bertsoz bertso joatea, hori da Saioa Alkaizak aurtengoan txapelketari aurre egiteko izan duen modua. Gaur ere horrela ikusi dugu, baina agian ariketa bat biribiltzea falta izan zaio. Hamarreko txikian ozeanografoen paperean saiatu da erregai fosilak edo klimaren goi bilerak bezalako kontzeptuak ekartzen. Zortziko handian berriz, aipatu bezala, Sotorekin sinesgarri aritu da langile baten erreminta kutxaren paperean eta txikian Labururekin kolpeak ematen asmatu du. Puntu erantzunena izan da agian, iruindarraren ariketa onena gaur. Honela zioen egoerak: Duela sei urte etorri zinen Euskal Herrira. Geroztik euskara ikasten aritu zara, eta egunerokoa euskaraz egiteko gai zara orain. Hirugarren puntuak hau: “baina ez da amaitu ikas prozesua”, Alkaizaren erantzuna: nik herri zahar honekin konpromezua/ ez deitu euskaldun berri horra hor mezua/ identitate hau da aski konplexua”. 670 punturekin, gaur akaso triste, baina Txapelketan bertsotan urrats bat aurrera eman duela erakutsi du Alkaizak.
Donostiako eginda, bi saio besterik ez dira geratzen Iruñeko finalaren aurretik. Saioetako emaitza, sailkapen, argazki eta hurrengo saioen gaineko informazio guztia eskura duzu Euskal Herriko bertsolari txapelketaren atarian. Donostiak bertsoaldi guztiak eta bertsolarien oholtza azpiko balorazioak bihar igandez izango dituzue eskura.