EHBT26 2026-11-20

Hiru tontor, finaleko gailurra baino lehen

Hiru tontor, finaleko gailurra baino lehen
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2026 azken txanpan sartu da. Finalaurrekoen bigarren itzuliko hiru saioek erabakiko dute finalerako txartela. Hiru saio handi, Nafarroa Arena baino lehen gozatzekoak.

Igotz Alkorta Irastortza

18 bertsolari lehian eta 7 aulki finalerako. Zenbakitan, hori da finalaurreko hauen lerroburuetako bat. Baina adi, ez baitira hutsetik hasten: lehen faseko puntuazioei bigarrenekoak erantsita, puntu gehien dituzten zazpiek kantatuko dute Iruñean Maialen Lujanbio Zugasti egungo txapeldunarekin batera. Orain arteko sailkapena Txapelketaren web orrian kontsultatu dezakezue.


Bost bertsolari lehen aldiz
Txapelketa honetan esperientziadunen kopurua handi da eta hori sumatzen da finalaren bila iritsi den tropel honetan ere. 18 bertsolaritik 13, lehen ere egonak dira finalaurrekoen azken itzuli honetan. Aldiz, lehen txapelketan 18 onenen artean kokatzea lortu dute Aner Peritz Manterolak eta Maddi Ane Txoperena Iribarrenek. Eta lehen txapelketa izan ez arren, aurrenekoz sartu dira 18 aukeratuen artean Ane Labaka Mayoz, Nerea Elustondo Plazaola eta Xabat Illarregi Marzol.

Ariketetan berrikuntzak
Fase aldaketa guztietan bezala, ariketetan berrikuntzak izango dira: 10eko txikian hasiko dira bertsolariak, zortziko handian eta txikian jardungo dute gero, puntu erantzunena laugarren ariketa izango da eta ganbarako lanarekin amaituko dute. Beraz, ofiziotan hiru ariketa izango dituzte segidan, bakarkako biri ekin aurretik. Ganbara berreskuratuta, saioak finalaurrekoen lehen itzulian baino luzeagoak izango direla aurreikusten da.

Hiru areto handi
Finala gertu dagoen seinale hiru areto handitan egingo dira hiru finalaurrekoak: Donostiako Illunben (Donostia Arenan), Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian eta Bilboko Miribillan. Finalerako ez, baina finalaurreko hauetarako sarrerak eskuragarri dituzue www.bertsosarrerak.eus atarian. Ez da zalantzarik, bertso festa ederrak izango direla hirurak ere.

Bertsoak igandeetan eskura
Orain arte moduan, sarean, Bertsoa.eus atarian eta ETB ON plataforman zuzenean eskainiko dira bigarren itzuliko saioak eta telebistan ETB2ON katean emango da zuzenekoa.Era berean, Bertsoa.eus atarian saioaren kronika irakurgai izango duzue egunean bertan.
Fase honetan gainera, igandean jarriko ditugu eskura bertsoaldiak eta protagonistei egindako elkarrizketak. Saioaren analisia berriz, astelehenean izango duzue Bertsoan.
Goza dezagula Iruñera arteko bidea!

 

Albiste gehiago

Sariketak 2026-11-19

Lau sariketa egun berean

Igotz Alkorta Irastortza