EHBT26 2026-10-20

Doinu berrien oihartzunari jarraika

Doinu_berriak_repor.mp3.mp4
2026ko txapelketako lehen faseak bi doinu berri utzi dizkigu: Unai Andak Hazparneko bukaerako agurrekoan eta Amaia Iturriotzek Tolosako ganbarakoan erabilitakoak. Oihana Iguaranek berriz, aurrez Señora sariketako agurrean estrenatutako doinua txapelketako ganbarara ekarri du. Hirurekin hitz egin du Bertsoak. Erreportajea irakurri eta protagonistak zein doinuak entzuteko aukera ere baduzu.

Igotz Alkorta Irastortza

“Doinu berriak plazaratzen direnean, bertsolariek ekartzen dituztenean ekarpen handia egiten dutela iruditu izan zait beti. Bertsogintza aberasten dute eta horien bidez aldatzen doa”, azaldu du Amaia Iturriotz bertsolariak. Euskal Herriko bertsolari txapelketan lehen aldiz parte hartu eta estrenatu du doinu bat Iturriozek. Unai Anda ere doinu eta melodiak probatuzalea da, eta bere lehen Euskal Herriko Txapelketako agurrean plazaratu du. “Doinu berriek asko aberasten dute bertsolaritza eta ematen diote bertsolariari egin nahi duen horretara gehiago hurbiltzeko aukera, marka pertsonala uzteko abagunea” azpimarratu du zuiarrak. Oihana Iguaranek berriz, parte hartu duen hiru aldietan egin izan du aire berrien ekarpena. “Doinutegiaren lanketa txapelketari ateratzen diodan etekinetako bat da. Txapelketak eskaintzen digu ziklikokli tarte bat lanketarako, gauzak birpentsatzeko. Nik doinutegiari eskaintzen diot tartea, buruan bueltaka ibili ditudan doinu horiek ordenatzeko, aukera bat emateko, egoskortzeko doinu hori bertsotan nahi dugunera moldatzen”.

Ganbarakoa da doinu berriak plazaratzeko ohiko gunea baina ofizioetan ere doinutegia astintzearen garrantzia azpimarratu du Iguaranek. “Saiatzen naiz zortziko handian, txikian… plazaz plaza sarri darabiltzagun horiez gain, bestelakoak, ahaztuxeago dauzkagunak egurasten. Bertsokidearen arabera, lortzen da doinua plazara ekartzea ostera, baina bestela ere balio du bertso eskolan kideekin lantzeko eta Txapelketan ateratzea lortu ez denetan bestelako plazetan probatzeko”.

Kantu ezagunak zein sorkuntza berriak

Iguaranek aurreko txapelketetan musikariek kaleratutako doinuak egokitu ditu. “Nire lehen Euskal Herrikoan Ismael Serranoren Papa cuentame otra vez egokitu nuen, nire orduko bertso lanketan bakarkakoak egiten ikasten sumatzen nintzelako oraindik eta nahiago nuen doinu motzago bat hartu eta ondo bete, betelanean aritu baino. Horregatik du sei puntuko egitura eta, noski, aukeratu nuen asko gustatzen zitzaidan kantu bat zelako, motibatzen ninduelako”, azaldu du amasarrak. Duela lau urteko Txapelketan berriz Xorieri mintzo zen herrikoia, Erramun Martikorenaren ahotsean ezagun egin dena ekarri zuen bertsotara. “Serranorena salbuespena izan zen, hortik aurrera beti jo dut euskarazko, gure soinu paisaiaren parte diren kantuetara. Imanolen kantu pare bat baliatu izan ditut, Joseba Tapiari entzundako beste bat, eta duela lau urte Xorieri mintzo zen kantuari heldu nion. Kantuak neurri aldetik erronka handia ekarri zidan, jatorrizko doinua errespetatu nahi nuen eta doinua neurriz hitzak eta esaldiak lotzeko modu berri bat proposatu zidan. Interesgarri izan zen, mugitu ninduen, zalantza izan nuen arrisku bat hartzea zelako baina gaur egun doinu kuttunenetako bat dut”.

Amaia Iturriotzek aurten Tolosan plazaratu zuen doinuak ere musikari baten kantu bat du oinarrian. “Doinua Fermin Balentzia abeslariaren La Pastora de Ibardin kantutik dator. Kantua lehendik ezagutzen nuen baina duela pare bat urte berriz entzundakoan ohartu nintzen neurriz nahiko egonkorra zela, indarra zeukala. Pentsatu nuen egokia izan zitekeela baina hor gelditu zen. Aurten ordea txapelketa hurbildu ahala horrekin gogoratu eta moldatzen saiatu naiz. Zazpi puntuko doinu bat sortu dut, Mikel anaiak lagundu zidan horretan”.

Unai Andak Hazparneko saioa baino egun gutxi lehenago heldu zion erronkari. “Silvio Rodriguezen Escaramujo abestia hartu nuen Hazparneko azken agurrerako oinarri. Doinua agur baterako baliagarri zela jabetuta nengoen aspaldi. Silvio asko gustatzen zait eta Hazparneko agurrari bueltak ematen ari nintzela, ez nekien oso ondo nondik jo, eta burura etorri zitzaidan ostera. Era berean, doinu hori aukeratu nuen uneak bat egiten zuen Silvio Euskal Herrira etorri berria izanarekin, eta Kubako egoerarekin ere gogoratuta, aukera ona zela pentsatu nuen”.

Iguaranen kasuan, aurten Donapaleun entzun diogun doinua erabat berria da, ez da musikari batek aurrez plazaratutako kantu batetik eratorria. “Banenbilen beste kantu baten moldaketa ezin josirik, bertsorako motza geratzen zitzaidan eta laguntza eskatu nion bertso saio musikatutetan gurekin aritzen den Ixak Arruti musikariari. Egin zizkidan moldaketak baina behar nuen neurrirako ez nuen ikusten”. Arrutik ordea, doinu berri bat sortzea proposatu zion Iguarani. “Lehen aldiz, nik neurria esan eta berak egin du doinua, orain Gora señora jendea bezala jasota geratu den doinua. Euskal Herriko Txapelketan aurkeztu ordez, Señora sariketako agurrean aurkeztea erabaki nuen plaza horri ere garrantzia eman nahian. Egia da orduan agurrekoan egin nuela, bakarkakoak kolaboratiboak izan ohi direlako Señoran. Orain, Donapaleun, Txapelketan aurkeztu dut lehen aldiz hiru bakarkako batean”.


Beste doinu batzuk

Doinu berriak izan gabe, plazan gutxi erabili diren bertso doinuak ere entzun ahal izan dira Txapelketan. Unai Mendizabalek Gotaineko azken agurrean erabilitakoa esaterako,  Mikel Markezek Amurizaren bertso batzuk musikatuz argitaratutako Indar bat Dabil hor eta Iguaranek berak Donapaleun kantatuko Orhiko xoria esaterako. Txapelketak balio baitu doinutegia berritu edo astintzeko.

Bukaerako agurra. Unai Anda
2026-09-19 Hazparne

Ganbara. Oihana Iguaran
2026-10-03 Donapaleu

Ganbara. Amaia Iturriotz
2026-10-04 Tolosa

Albiste gehiago

Bideopodcasta 2026-10-17

Bidegurutzean jarraitzen dugu

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta