EHBT26-Gernika 2026-11-12

"Esperientziak erakusten du hurrengo urratsean zentratzen"

aitor_mendiluze_20261112.mp3.mp4
Txapelketaren trenera igo zen moduarekin pozik da Aitor Mendiluze Gonzalez. Gernikako saioarekin oro har gustora da eta esperientziak ematen duen talaiatik erantzun ditu Bertsoarekin galderak. Finalaurrekoen lehen fase honetan, Bertsoa.eus-ek elkarrizketa patxadatsuagoak eskainiko dizkizue saioetako irabazleekin, oholtza gaineko lanak amaitu eta zenbait egunetara.

Eskola batetik besterako bidean geldialdia eginda erantzun ditu Bertsoa.eus-en galderak Aitor Mendiluze Gonzalezek. Txapelketako lehen saioak beti dakar zalantza puntu bat, baina Gernikan bertsotarako sumatu zuen bere burua, lehen unetik nahikoa fresko. Jai-Alain bertso onak eta oso onak entzun zirela uste du eta publikoa aldiz epel zegoela, nekez lehertzen zela plaza. Horri bueltak eman dizkiola esan digu, zergatiaren erantzun argirik ez duen arren. Lehen hiru ofizioetan eroso aritu zela dio andoaindarrak eta bakarkakoan ere nahiko gustora eseri zen kantatutakoarekin, poto bat egin zuela jabetu gabe. Itsu errima zuen buruan eta ziur zegoen hori esan zuela, izu errepikatu beharrean. Potoaz ohartarazi ziotenean, akats horri bueltarik ez ematea erabaki zuen, hurrengo pausuan zentratzea. Esperientziak horretan laguntzen duela esan digu, izan ere zortzigarren Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa da hau Mendiluzerentzat, Lujanbiorekin eta Mendiluze dira Euskal Herriko Txapelketa gehien bizkar gainean daramatzaten bertsolariak.  Hain zuzen, hainbeste urteren ondoren, aurtengoan izena emateko zalantzak izan zituela aitortu digu, bertsotan zer berri eskaini dezakeenaren inguruko zalantzak, baina azkenean pozik dago urratsa eman izanagatik. Gertuko batek esandakoak bultzatu zuen horretara. Eta dakien hori erakustera joango da Donostiako saiora ere, finalarekin itsutu gabe.  Entzungai duzue Aitor Mendiluze Gonzalezekin izan dugun solasaldia.