Gutxi barru jarriko da abian 2008-04-02
Berrikuntza ugari dakartza abiatzear dagoen GR-16 bertso-bideak: ibilbidea luzatu, eta hamasei herritako bertsolari eta bertsozaleak bilduko ditu aurtengoan, eta apirilean hasi eta udazkenean bukatuko da. Plaza gutxi egiten dituzten bertsolariei aukera ematea eta herrietako bertso-eskoletara jende berria gerturatzea ditu helburu egitasmoak.
Duela bost urte jarri zuten martxan proiektua Hernani, Oiartzun, Lasarte eta Orioko bertso-eskolek. Duela hiru urte Orereta gehitu zitzaion hasierako laukoteari; duela bi urte Zarautzek, Lesakak eta Mallabik GR-8ra zabaldu zuten proiektua, iaz lau talde berrirekin (Azpeitia, Goierri, Urretxu-Zumarraga eta Zumaia) GR-12 bertso-bidea osatu genuen, eta aurten, beste lau talde berrirekin, GR-16 bertso-bidea osatuko dugu; Gasteiz, Hendaia, Oñati eta Zestoa dira lau talde berri horiek. Beraz, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Lapurdin eta Nafarroan arituko gara norgehiagoka, lagun arteko zirikan, bertso-kantari.
Kilometroa, ordea, ez da GR-16 proiektuaren handitasuna neurtzeko parametro egokiena. Udaberri-udazkena bitarteko egutegia osatzen ari dira dagoeneko hamasei herrietako bertso-eskolak. Apiriletik udazkenera bitartean, asteburuz asteburu eta herriz herri izango da txapelketako jaialdiren bat.
Hiru fase izango ditu txapelketak:
*Lehenengo fasean, hamasei herriak launaka banatuta, lau multzotan arituko dira:
A Multzoa: Orereta, Zumarraga-Urretxu, Lesaka eta Orio
B Multzoa: Goierri, Oiartzun, Hernani eta Hendaia
D Multzoa: Mallabia, Zumaia, Oñati eta Gasteiz
E Multzoa: Zarautz, Azpeitia, Zestoa eta Lasarte
Multzo bakoitzean, herri bakoitza beste hiru herriekin arituko da, joan-etorriko saioetan. Saio horiek jokatu ostean, multzo bakoitzean puntu gehien lortu dituen taldeak aurrera jarraituko du (puntuazioa lortzeko, aurten ere entzuleak izango dira epaile saio bakoitzean).
*Bigarren fasean, finalerdiak jokatuko dira. Lau taldeak binaka jarri, eta bikote bakoitzak saio bakarra jokatuko du. Hortik aterako dira bi talde finalistak.
*Finala: aurreko fasetik sailkatutako bi taldeek jokatuko dute.
Beraz, guztira 51 saio jokatuko dira.
Saio guztietan, etxeko taldearen ardura izango da saioa antolatzea, eta hark aukeratuko ditu emanaldiaren formatua, lekua eta ordua. Tabernan egin ohi dira saio gehienak, baina bestelako formatuei ere irekia dago GR-16a, hots, librean egiten diren saioei, trama-itxurakoei...
Jario, kantaera eta eskarmentu ezberdineko bertsolariak elkartzen ditu GR-16ak. Jende aurrean aritzeko aukera askorik ez duen jendeari plazak ematea da helburua, baita pixkanaka-pixkanaka herritarrak bertso-eskolara gerturatzea ere.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24