Asier Altuna zinema zuzendaria Bertsolaritzari buruzko luzemetraia egiten ari da: 'Bertsolari' da bere izenburua eta ordu eta erdiko pelikula izango da. Bertsolaritza munduko zinema jaialdi eta aretoetan erakusteko lehenengo ahalegina izango da, neurri horretan. Baserrik bertsolaritza tabernatik antzokira eraman omen zuen. Asier Altunak pantaila handira eramango du. Orain finantziazioa lotzeko fasean dago eta bi hilabete barru ekingo dio grabaketa fase nagusiari. Donostiako zinemaldian aurkeztea nahi luke.
Asier Altuna zinema zuzendaria Bertsolaritzari buruzko luzemetraia egiten ari da: 'Bertsolari' da bere izenburua eta ordu eta erdiko pelikula izango da. Bertsolaritza munduko zinema jaialdi eta aretoetan erakusteko lehenengo ahalegina izango da, neurri horretan.
Baserrik bertsolaritza tabernatik antzokira eraman omen zuen. Asier Altunak pantaila handira eramango du. Orain finantziazioa lotzeko fasean dago eta bi hilabete barru ekingo dio grabaketa fase nagusiari. Donostiako zinemaldian aurkeztea nahi luke, denboraz estu dabilela aitortu arren.
Bertsozaleentzat erakargarri, kanpokoentzat interesgarriBertsolari filmak ikuspegi lokala eta unibertsala bilduko ditu bere baitan. Batetik, bertsolaritza badenik ere ez dakien mundu zabaleko publikoarentzat begira planteatua egongo da, eta, era berean, bertsozaleentzat ere pelikula erakargarria izatea nahi luke. Zentzu horretan, erreportai ikuspegitik landutako proiektua baino “Sentsazioak sortzeko pelikula” egin nahi du Aupa Etxebesteren zuzendariak Bertsoa.com-i adierazi dionez. “Bertsolari filmak bertsolaritza munduan ulertzeko klabe nagusiak emango ditu, baina, gure helburua da mundu mailako zinema jaialdietan lehiatzea, eta horretarako erreportai ikuspegiaz harago joan behar dugu. Jorratzen den gaiaz gain, pelikulak erakargarri izan behar du kontatzen diren edukiengatik, irudiengatik, poesiarengatik, eta hor ahalegin berezia egingo dugu”.
Gidoia eta pertsonaiakBertsoa bapatekoa ere baden neurrian Bertsolari filmaren gidoia ere irekia dela aitortu du Asier Altunak. “Buruan badaukat eskema bat baino, baina, bukaerako muntaiarako utziko dut gidoi definitiboa”. Txapelketa garaian Andoni Egañari jarraipena egin zion egun osoan eta aurretik elkarrizketa luze bat ere bai. Era berean John Foley ikerlaria ere elkarrizketatu zuen. Gidoi ireki horren barruan, Altunak aurreratu du Andoni Egaña eta Maialen Lujanbiok pisu handia izango dutela eta plazetan ere jarraipen berezia egingo diela. Belaunaldi ezberdinetako bertsolari gehiago ere elkarrizketatuko ditu, eta bertso saioak grabatu ere bai, Bertsoa.com-i adierazi dionez.
Zinema, telebista eta DVDaBertsolari filma zinean emango da lehenbizi baina dagoeneko telebistan emateko gestioak egiten ere ari da Bergarako zuzendaria. Eta DVDan ere argitaratuko da.
“Oso gogotsu nabil proiektu honetan”Asier Altunak betidanik jarraitu izan du bertsolaritza, txapelketak batez ere, eta “oso gogotsu” dabil proiektu honetan. Bertsolari pelikulak urteak daramatza bere buruan eta aitortu du hasieran zalantzak zituela bertsolaritzak luzemetrai baterako gaia ba ote zuen, baina orain ez du dudarik. Gainera, Txapelketako finalaren bueltan egindako lanarekin pelikularen aurrerapen bat egin du finantziazioa lortzeko eta aurkeztu duen lekuetan oso harrera ona izan du.