Nafarroako Txapelketa 2010-02-21

Julio Soto Nafarroako finalean, Etxarrin irabazita

Julio Sotok irabazi du Nafarroako lehenengo finalaurrea, Estitxu Arozenaren aurretik. Hirugarren Oskar Estanga gelditu zen, laugarren Xabier Terreros, bosgarren Ander Iturri eta seigarren Saioa Alkaiza. 250 lagun bildu ziren saioan.
Julio Sotok irabazi du Nafarroako lehenengo finalaurrea, Estitxu Arozenaren aurretik eta Lesakako finalerako txartela eskuratu du. Hirugarren Oskar Estanga gelditu zen, laugarren Xabier Terreros, bosgarren Ander Iturri eta seigarren Saioa Alkaiza.

Sailkapena
Julio Soto                421
Estitxu Arozena      397
Oskar Estanga      392
Xabier Terreros     390,5
Ander Iturri              370,5
Saioa Alkaiza         336

Julio Soto saio osoan aritu zen erregular, eta beharbada zortziko handian eta kartzelan aritu zuen ondoen. Estitxu Arozenak planteamendu aldetik ausart jokatu zuen, gaiaren alde zailari baina errealari helduaz. Zortziko handian, herriko sokatira taldeak AHTaren publizitatea onartzeko proposamenaren inguruan adibidez. Kartzelan ere bere eta Terreros izan ziren minbiziaren haritik jo ez zutenak. Oskar Estanga izan zen larunbatean txalorik gehien jaso zuen bertsolaria, eta bereziki fin aritu zen saio osoan, Xabier Terreros-ek ere egin zituen gauza politak batez ere puntu erantzunean, baita Ander Fuentesek ere. Saioa Alkaiza urduri antza somatzenzen baina, ondo eutsi zion saioaren mailari.

Kartzelako gaia: Medikua zara eta zure pazientearen emaitzak jaso dituzu
Etb eta Nafarroako irratiei buruzko puntu bana erantzun ondoren horixe izan zuten kartzelako gaia. Seitik lauk (Alkaiza, Iturri, Soto eta Estangak) minbiziren haritik jo zuten, etsipenaren edo albiste hori pazienteari eman beharraren trantzea irudikatuz. Estangaren kasuan buelta eman zion gaiari eta pazientea sendatu egin zela kantatu zuen. Terrerosek eta Arozenak ihesaren gaia plazaratu zuen.

250 lagun bildu ziren saioan. Datorren astean finalaurreko bertsoak sarean izango dira.

Hurrengo larunbatean bigarren finalaurrekoa jokatuko da Iruritan.

Otsailak 27, Irurita
Gizarte Bilgunea, 17:30ean
- Iñigo Olaetxea
- Xabier Legarreta
- Julen Zelaieta
- Iñaki Aleman
- Iñigo Ibarra
- Migel Mari Elosegi “Luze”

Salgai dira jada Lesakako finalerako sarrerak

Asteburuan saltzen hasi ziren martxoaren 20an Lesakako pilotalekuan jokatuko den finalerako sarrerak. Horiek eskuratzeko hiru modu dago:

-    Internetez, www.bertsosarrerak.eu web gunean
-    Nafarroako honako saltokitan: Iruñea (Karrikadenda), Elizondo (Fantxike), Leitza (Maimur liburudenda), Lesaka (Okindegia) eta Etxarri-Aranatz (Xapatero taberna).
-    Finalaurrekoetako saioetan, Irurita eta Atarrabian.

Iazko Txapelketan finalerako sarrerak amaitu egin ziren eta jende asko gelditu zen finala zuzenean ikusi ezinik. Aurtengo finalean aforoa zertxobait handiagoa da; hala ere, komeni da horiek lehenbailehen hartzea.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri