Ainhoa Agirreazaldegik Haitiri buruz idatzitako bertsoak entzungai izango dira. Artxiboko atala Juanito Perurenari eskainiko diote.
Hiru saio izango dira aste honetako Hitzetik Hortzera programaren ardatz.
Alde batetik, ostiralean Andoainen Sahararen alde izandako saioa emango dute. 240 bat lagun elkartu ziren Bastero kulturgunean. Honako bertsolari hauek kantatu zuten:
Aitor Mendiluze
Anjel Mari Peñagarikano
Sustrai Colina
Aitor Sarriegi
Iker Alustiza
Beñat Gaztelumendi
Bestalde, Etxarri Aranatzen jokatu zen larunbat arratsaldean Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa. Honela gelditu zen sailkapena:
Julio Soto 421
Estitxu Arozena 397
Oskar Estanga 392
Xabier Terreros 390,5
Ander Iturri 370,5
Saioa Alkaiza 336
Asteburuko saioekin bukatzeko larunbatean bertan Lezon izandakoa emango dute aste honetako programan. Honako bertsolari hauek kantatu zuten bertan:
Amets Arzallus
Sustrai Colina
Jexux Mari Irazu
Beñat Gaztelumendi
Saroi Jauregik jarri zizkien gaiak. Hala ere, saioaren erdialdera bertako bertso-eskolako gaztetxoak atera ziren puntu bihurriak inpintzera.
Joan zen asteburuan hil zen Juanito Perurena bertsolari nafarra. Berari ere tartea eskainiko diote aste honetan eta Imanol Lazkanok eta berak 1991n Etxalarren egindako saioa eskainiko dute.
Bukatzeko, Ainhoa Agirreazaldegik Haitiri buruz idatzitako bertso-sorta ere ikusgai izango da.
Astero bezala bi egunez emango dute Hitzetik Hortzera programa. Ostegunean, gaueko 22etan, ETB3n izango da. Igandean, berriz, arratsaldeko 15etan, ETB1en. Igandeko programa ohi baino laburragoa izango da.
Nahi izanez gero, programako edukiak internetez ere ikus ditzakezue
hemen klik eginez.
Argazkia Galder Izagirrek aterea da.