Andoni Egaña 2010-02-25

"Bertsolaritza beti da sorpresa"

Lehenago ere aurreikusten omen zuen txapela buruz aldatuko zela, eta ez omen zaio gogorra egin. Azken aldian erregulartasuna bilatzen kosta zaiola dio, testuinguruak bertsolariari inoiz baino gehiago eragiten diolako.
   Bertsoa.com-ek Andoni Egaña elkarrizketatu zuen atzo Villabonan, Mintzolaren egoitzan. Orduerdi inguru iraun zuen elkarrizketak.

 Lau aldiz izan da Euskal Herriko Bertsolari Txapeldun Andoni Egaña. Azkeneko Txapelketa Nagusian txapela buruz aldatu zen, Maialen Lujanbiok jantzi baitzuen. Andoni Egañak dio aurreikusten zuela aldaketa eta ez zaiola gogorra egin: "erabakita neukan oholtzan galdu behar nuela txapela".

 16 urtez izan du txapela buruan eta zenbaitentzat bera izan da bertsolaritzaren erreferente. "Txapeldun izatea ardura da zure buruari hala eransten badiozu. Txapelduna ez da inoren ordezkari formalki, baina norberak pisua jartzen dio". Dena den, onartzen du txapelduna beti egoten dela "fokopean".

 Zenbaiten iritziz txapelak pisu handiagoa eman izan die bere bertsoei. Jendeak orain ezberdin begiratzen ote dion galdetuta, halaxe dio: "Ez dakit jendeak nola begiratzen didan, nik berdin begiratzen diot jendeari. Maialenek esan zuen bezala txapeldun bat 4 urterako da baina txapeldun ohi bat betirako".

 Txapelketa pasata eta berriz astez asteko bertso-jardunean murgilduta, oholtza gainean "ondo" ikusten omen du bere burua. "Agian erregulartasun bat harrapatzen kosta egiten zait". Testuinguruak eragin egiten diola dio. "Bertsolaritzan, bertsoaz gain, geroz eta garrantzi handiagoa dauka testuinguruak".

 Azkenik, saio kopuruari dagokionez betiko martxan dabilela dio. Aurten igoera txiki bat izan omen da, txapelketak eraginda. Plazara hurbiltzen den jende kopuruan sumatu omen du alderik handiena, zenbait saiotan sarrerak aurretik agortu baitira.

 "Inprobisatzen ez garela bakarrak munduan jakiteak on egiten dio gure lanari"

 Martxoaren 10ean San Frantziskora joatekoak dira Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio. "Euskal Etxetik deitu ziguten uda bukaeran. Ez dakigu ondo ze programa izango dugun." Dena den, ahalik eta saio gehien egin nahiko lituzkete.

 Lehendik ere izana da Andoni Egaña San Frantziskon. Bi aldiz izan omen da, oso helburu ezberdinekin. Lehendabizikoan "Laxok" izeneko ikuskizunarekin joan ziren hara; Anjel Mari Peñagarikano eta biak bertsotan aritzera dantzariek eta trikitilariek laguntzera. Bigarren aldian, berriz, Nevadara joan omen ziren Koldo Tapia eta bera, unibertsitatera. Bietan helburuak ezberdinak izan ziren beraz: "egiten dugun berrikuntza oro zabaltzea eta munduko inprobisadoreekin gurea konpartitzea". Oraingo honetan "helburu nabarmenik gabe" omen doaz; "topatuko ditugu han".

 Nazioarteko harreman hauek lantzen 1994 eta 1995 artean hasi zirela dio. Hasierako urte haietan Parisen eta Mexikon, Veracruzen, izan omen ziren. "Inprobisatzen ez garela bakarrak munduan jakiteak on egiten dio gure lanari. Besteak ezagutzea ere garrantzitsua da" Andoniren ustez, beraien jardunak hona ekar daitezkeelako. Adibide moduan, segidilla kubatarrei ikasia dela kontatzen du. Dezima ere ez omen zen hona iritsiko nazioarteko harremanak landu gabe. "Beti dago zer ikasirik eta zer ikusirik". Rapean eta Hip Hopean ere mundu bat dagoela dio.

 Kanpotik "nekez" ikusten gaituztela onartzen du, arrazoi batengatik, nagusiki: "ez diogu inoiz uko egin euskaraz aritzeari. Nahiz eta espainolez ariko ginatekeen uko egiten diogu arrazoi ideologikoengatik, batez ere." Horrez gain, beste hizkuntzetan arituta bertsolariek ez luketela euskaraz bezalako mailarik emango onartzen du.

 Hori dela eta, Euskal Herritik kanpora joanda bertsolariak itzultzaile bat behar izaten du ondoan. Bertsolariak kantatutakoa prosaz azalduko du honek. Andoniren ustez komunikazioa eten egiten du horrek, "zail da besteek gure lanaren ikuspegi artistiko osoa izan dezaten".

 Urteetan ikasi egin dutela dio. Adibide moduan Mexikon Koldo Tapiarekin egindako bidaia jartzen du. Han ere Andoni aritu omen zen bertsotan eta Koldo aldamenean, bertso bakoitza prosaz azaltzen. Bertsoek era honetan indarra galtzen zutela eta, beste zerbait egitea pentsatu zuen Andonik: bertsoa gazteleraz pentsatzen zuen lehenik eta euskaraz kantatzeko moldatu ondoren, entzuleekin komunikazio hobea lortzeko.

 "Ofizioarekiko maitasunak motibatzen nau"

 25 urte daramatza Andoni Egañak plazaz plaza. Urte horietan, ohiko jaialdi eta bertso-bazkari eta afariez gain bestelako lanak ere egin izan ditu. "Tximeletak sabelean" izeneko diskoa atera zuen, "Bertsotranpak" ikuskizunean parte hartu zuen, "Bertsoa & Jazz"-en ere aritu zen... Epe motzera begira ez du halakorik aurreikusten. "Norbaitek eskatuko baligu nik uste garrantzitsua dela parte hartzea. Aurtengo Txapelketan zerbait izan bada desberdina publikoaren aldetik izan da euskal kulturgintzako agente pila bat Txapelketa jarraitzen aritu direla. Ikusten da duela 20 urte jendearekin ez geneukala harremanik eta orain elkarrekin gauzak eginez igurtzia dagoela". Igurtzi hori garrantzitsua da, bere iritziz, euskal kulturarentzat.

 Berari, sortzaile moduan, halako jarduerek "kokagune desberdina" ematen diotela irirtzen dio, eta horrek sabela kilikatzen diola.

 Gai-jartzaile moduan ere aritu izan da Andoni Egaña. Aurtengo Bertso Egunean, arratsaldeko saioan, Unai Elizasurekin batera berak aurkeztu zuen saioa. Jaialdia antolakuntza eta publikoaren aldetik ondo joan zela uste du. "Pentsatzen dut jaialdi nagusia luzeegi joan zitzaigula". Onartzen du hartutako gaia ez zela errazena izan, eta Bertso Egunean zaila izaten dela oreka aurkitzea. 6 bertsolari jarri beharrean 8 ateratzea erabaki zuten, gonbidatuak ere nahi zituzten... 8 bertsolariren artean oreka bilatze horrek saioa moteldu egin zuela uste du. "Hala ere, anbiziotsua zen ideia eta ideia aurrera ateratzeko modua".

 Gai-jartzaile lanetan bertsotan baino ardura handiagoa sumatzen duela dio. 25 urte hauetan urtean 2-3 saio egin izan omen ditu gisa horretan, eta beti ere saio berezietan: Zarautzen bertan edo espreski berari eskatuta. "Berriz ere egingo nuke baina geroz eta erantzukizun handiagoa da ikuskizun osoari ardatza jartzen diona gai-jartzailea delako".

 25 urtetan gutxi izango dira Andoni Egañak kantatu gabeko plazak, eta Txapelketan ere historia egin du. Aurrera jarraitzeko "ofizioarekiko maitasuna" omen da bere motibazio nagusia. "Uste dut bertsolaritza kultura eta Euskal Herriko ondare nagusietako bat izateaz gain gure ofizioa ere badela, nik hala bihurtu nahi izan dut behintzat, eta ofizioari zor zaio errespetu bat. Nor ez du motibatzen profesional on bat izateak?".

 Oholtzara igo aurretik urduri jartzen ote den galdetuta, halaxe dio: "Adinarekin matizatu egiten dira, sentsazio horiek ez dira hain bizi bizitzen. Badago beldur hori, badago beldur horretatik sortzen den motibazioa, badago motibazio horretatik sortzen den plazerra... Nik uste dut bertsolaritza horregatik gustatzen zaidala".

 Ez daki inoiz saio bati ezetz esango ote dion kantatzera joan nahi ez duelako. "Bertsolaritza beti da sorpresa". Zenbait kasutan, herri batera joan eta baldintza kaskarretan (megafonia txarrarekin, publiko gutxirekin...) kantatu eta autoan etxera doala pena sentitzen omen du. Baina, hurrengo urtean deituz gero, berriro joaten omen da, "beti badaezpada baietz esaten da. Hain da bat-batekoa sorpresa handienak espero ez dituzun lekuetan hartzen dituzula".

 Bertsolaritza eta bertsogintza "oso momentu onean" ikusten ditu. Txapelketa osteko aparraldiagatik izan daitekeela dio, baina egoera on horrek gerora ere jarraituko duen esperantza dauka.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri