Zumarraga-Urretxuko bertso-eskolan irakasle moduan aritzen da. Bertso-eskola honek antolatu du "Martxoan Bertsoa" zikloa. Martxoan herrian ekimen kultural gutxi egiten zirelako erabaki omen zuten antolatzen hastea, orain dela 8 urte.
Martxo osoan zehar "
Martxoan Bertsoa" zikloa izango da Zumarraga-Urretxuko bertso-eskolak antolatuta. Bertan irakasle moduan dabil Gorka Azkarate.
Aurtengoa zortzigarren edizioa izango du ekimenak. "Uste genuen herrian martxoan bertso-mugimendua nahiko geldi egoten zela, ez genuen agenda oso betea ikusten, eta giroa pizteko bide egoki moduan ikusten genuen."
Aurreko edizioek arrakasta izan dutela dio Gorka Azkaratek: "Saiatzen gara ahalik eta egitarau anitzena egiten, publiko guztiari begira. Ernatzuna oso ona izaten da. Herriko Txapelketa da ekimenik ezagunena, eta hor jende asko etortzen da eta giro oso ona egoten da. Bertso-afarira jende ugari bertaratzen da eta Bertso musikatuetara ere bai. Gaztetxoen lehiaketak ere oso erantzun ona izaten du."
Herriko txapelketa taldeka egiten dute Zumarraga-Urretxun. Txapelketak berezitasun bat dauka, ordea: taldeka egiten da. "Zikloa egitea pentsatu genuen lehenengo urtean gure buruari galdetu genion "zer egin daiteke?". Bertso-afaria, bertso-saioak... gauza normalak ziren horiek, eta pentsatu genuen zerbait parte-hartzaileagoa behar genuela. Txapelketa egitea pentsatu genuen. Banaka eginda jendea agian ez zen ausartuko parte hartzera eta pentsatu genuen taldeka egitea izan zitekeela formula egokia. Helburua ez da bertsotan gabiltzanok aritzea, baizik eta bertsozaleak bai baina bertsotarako saltoa eman ez duten horiek animatzea. Azkenean ekimen herrikoi bat da."
Aurten, gainera, Arabako talde bat ere ariko da lehian: "Asier Otamendi aspalditik zegoen kantatzeko gogoz, eta bere bitartez egin dugu. "Bi lagun ekarriko ditut" esan zuen eta horrela sortu da. Bera Urretxukoa da nahiz eta urte pila batean han bizi izan den. Badaki txapelketa hau zer izaten den eta zein giro egoten den."
Urtero klase bereziren bat antolatu ohi dute. Aurtengoan Ahots teknika, arnasketa eta erlajazioa lantzeko tailerra egitekoak dira. "Aurten jendeak kantatzeko modua hobetu nahi zuen. Orain dela 2-3 urte Eibarren egiten den Bertsolantegian Imanol Kamiok era honetako tailer bat eman zuen eta interesgarria izan zitekeela pentsatu genuen. Horrela jarri ginen berekin harremanetan. Errimak eta doinuak ondo dakizkigu, baina beste arlo batzuk lantzea ere komeni da."
Martxoan Bertsoa zikloak ez dauka bertso-jaialdirik aurtengoan. Gorka Azkaratek hala azaltzen du: "Bertso-jaialdia lehenengo urtean bakarrik antolatu genuen, 2003an. Hortik aurrera ez dugu antolatu era horretako jaialdirik. Urtean zehar Santa Luziko feria izaten da abenduan, eta hor egiten dugu bertso-jaialdi formala bertsolari onenekin. Gure helburua ekimen parte-hartzaileak bultzatzea da. Bertso-saio bat antolatzea erraza da: bertsolariei deitu eta listo. Baina, hori baino gehiago, jendeak parte hartzeko helburuarekin sortu zen zikloa. Urtean zehar mila saio daude herrietan, eta ez dut uste horrek herri-giroari asko aportatzen dionik. Ez dut esaten egin behar ez denik, abendukoa ere guk antolatzen dugu, baina hau jendea mugitzeko sortu genuen."
Zikloari buruzko informazioa
Zumarraga-Urretxuko bertso-eskolaren web orrian aurki dezakezue.